Osasunerako sarbidearen alde

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Medicus Mundi erakundeek ikerlan bat atera dute osasun eskubidea kolokan jartzen duten arriskuez. Osasun sistemaren «pribatizazioa» salatu dute

Osasunerako sarbidearen alde.
arantxa iraola
Donostia
2017ko urriaren 11
00:00
Entzun
Mehatxua. Arriskua erakusten duen hitz hori argi sartu dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Medicus Mundi erakundeek osasun eskubidearen gaineko arazoez ohartarazteko ondu duten ikerketan. Osasun eskubidearen mehatxuak Euskadin. Desparekotasun sozialak eta osasun sistemaren pribatizazio prozesuak izena ipini diote. EHUko Opik osasunaren gizarte baldintzatzaile eta aldaketa demografikoari buruzko ikerketa taldearekin egin dute lan hori, eta atzo aurkeztu zuten, Donostian. Oroitarazi zuten bizitokiak, etxean hilero sartzen den diruak, etxekoen ikasketa mailak eta abarrek eragina dutela osasunean: agerikoa. Gipuzkoako elkartearen izenean, Inmaculada Vila presidenteak hartu zuen hitza, eta alde hori neurtuta dagoela gogorarazi zuen, bizi itxaropenari erreparatuta, esaterako: «Osasun eremuen arteko arrakala 10,5 urtekoa da gizonetan, 7 urtekoa emakumeetan». Desberdintasun sozial horien zama, gainera, usu «oinordetzan» jasotzen dute gazteek: nekez eteten den katea da. Horrez gain, osasun sistemaren «pribatizazioa» arrunt arriskutsua dela ohartarazteko datuz bete dute txostena; nabarmendu dute, esaterako, osasunerako gastu osoen %26,8 finantzaketa pribatukoa dela Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; %20,7 osasun sistema publikoak ematen ez dituen zerbitzuak pagatzeko da. Ohartarazi zuten, gainera, osasunerako diru publikoaren %10 erakunde pribatuetara doala. Hortaz, abisua: «Erne eta begirale egon behar da guztiontzako osasun eskubidea urra dezaketen mehatxu horien inguruan».

Ikerketak azalera ekarritako datuen artean dago gizarte klase eta ikasketa maila apalenetako pertsonak oro har gutxiagotan heltzen direla osasun sistemako arreta espezializatura eta prebentziozko praktiketara. Klase zenbat eta apalagokoa izanda, halaber, orduan eta zailagoa da osasun sistema publikoak ematen ez dituen hainbat zerbitzutara iristea: dentisten, fisioterapeuten eta podologoen zerbitzuak aztertu dituzte, eta lotura argia dago. Esaterako, azterlanaren arabera, gizarte klase apaleneko andre eta gizonek %40-50 probalitate urriagoa dute fisioterapia zerbitzuetara heltzeko, maila jasoagokoek baino. Dentistaren zerbitzuan ere, antzera: joateko probalitatea %35 urriagoa da mailarik apalenetan.

Hitz arazotsu hori

«Pribatizazio terminoari dagokion kontzeptua definitzerakoan eztabaida bizia dago», aitortu zuten atzoko aurkezpenean. Medicus Mundin argi dute, ordea, kontzeptu arriskutsua dela: «Osasun sistema pribatuak hedatzeak arriskuan jartzen du osasun sistema publikoaren iraunkortasuna». Azterketan ohar egin dute, besteak beste, osasun arloko profesionalen prestakuntzan «pribatizazioa» hartzen ari den indarraz. Nabarmendu dute hainbat ikerketa daudela eginda horri buruz, eta ondorioak artegagarriak direla, osasun sistema publikoaren alde ari direnen begiradarekin aztertuta, behintzat. «Medikuntzako ikasle egoiliarrak industria farmazeutikoaren sustapen jardueren eragin handi baten pean egoten direla deskribatu dute». Hortik kezka.

Ikerketan oroitarazi dute gizarteak oro har konfiantza handia duela Osakidetzak ehunduriko sare publikoan. Ebakuntza bat egiteko atakan badaude, emakumeen %86k eta gizonen %82k nahiago dute Osakidetzako ospitale publiko batean egin, klinika pribatu batean baino. Urteotan murrizketek egoera okertu duten susmoadute herritar askok, ordea. «Gehienek uste dute baliabideak gutxitu direla azken urteetan; zehazki, emakumeen %65ek eta gizonen %58k». Pribatizazioa aztertzean, osasun aseguru pribatuak dituztenen datuei ere erreparatu diete, eta ohartarazi dute Araba, Bizkai eta Gipuzkoan biztanleen %20k dutela egun horrelako zerbitzuren bat kontratatuta. Eta, Medicus Mundiren ikerketaren arabera, urteotan igoera aski agerikoa izan dute halako zerbitzuek: 2003. urtetik 2015era, hain zuzen ere,%33,3koa. Enpresek langileentzat itundutako aseguruak ugaritzeak ekarri du, hein handi batean, igoera hori.

Behin-behinekotasuna

Urteotan osasun sistema publikoak jasandako «narriadurak» ere igoera horretan zeresana duela pentsatzen dute, eta estuki lotu dute hori Osakidetzako langileen behin-behinekotasunak dakartzan arazo ugariekin. Gogoeta eragiteko moduko alderaketak egin dituzte: «Euskal osasun sistema publikoan, behin-behinekotasuna hamabost puntu gorago dago EAEko enplegu osoan dagoen batezbestekoa baino; hogei puntu gorago Europako Batasuneko batezbestekoa baino».

Erakunde pribatuekin itundutako zerbitzuen gainean ere ohartarazi dute, eta nabarmendu dute Gipuzkoako bi erakunde pribatuk, Tolosako Asuncion klinikak eta Onkologikoak 20 milioi baino gehiago jasotzen dituztela diru publikotik. 81 milioi jartzen dira, berriz, osasun arlokoak ez diren enpresa pribatuak kontratatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.