Osasungintza

Osasunbideko sindikatuek ez dute aldaketarik antzeman gobernuaren azken proposamenean

Remirez lehendakariordea negoziatzeko prest agertu izana eskertu dute LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek, baina «zehaztasun handiagoa» galdegin diote

Osasunbideko intersindikaleko kideak, aurreko agerraldi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko martxoaren 1a
10:49
Entzun

Adosteko prestasuna bai, baina urrats zehatzik ez. Osasunbideko intersindikala osatzen duten sindikatuek, LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOOk, ez dute inongo aldaketarik antzeman Nafarroako Gobernuak Funtzio Publikoko Mahai Orokorrean aurkeztutako proposamenean. Salatu dute aurreko bileretan aurkeztutako eskaintza bera dela, eta, atzoko mahai orokorrean, Afapna ez beste sindikatu guztiek kritika gogorra egin ziotela.

Hala ere, Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Funtzio Publikoko kontseilari eta lehendakariordea «elkarrizketarako, lankidetzarako, akordioetarako eta egiteko dauden hobekuntzei eta aldarrikapenei aurre egiteko prest» azaldu zela nabarmendu du Osasunbideko intersindikalak ohar batean: «Prest agertu da lantalde ez-sanitarioaren lanbide karrera jasoko duen testu bat egiteko». Hala ere, eskaintza horrek badu baldintzarik ere: «Gatazkarik gabeko esparru bat» bermatzea. Hau da: Remirez sindikatuei eskatzen ari zaie bertan behera utz dezatela martxoaren 23rako greba deialdia.

Era berean, LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek eginiko beste aldarrikapen batzuk ezartzeko prest azaldu zen Remirez atzoko bilkuran; «hala nola jaiegunen, txandakako lanaren eta gaueko lanaren homologazioa», eta esan du konpromisoa hartzen duela «hurrengo legealdian lehentasun osoz» heltzeko administrazio publikoko langileen estatutuaren erreformari. Gai hori ere «funtsezkotzat» jo du intersindikalak.

Hori dela eta, Osasunbideko sindikatuek «aurreranzko urrats» gisara ikusi dute Remirez lehendakariordearen jarrera irekiagoa, baina «proposamen zehatzagoa» galdegin diote, «martxoaren 23ko greba bertan behera uztea ekarriko lukeen egoera bat planteatu aurretik».

Osakidetzan, bilera bertan behera

Eusko Jaurlaritzako Osasun Saila eta sindikatuak gaur ziren elkartzekoak. Hala ere, sindikatuak ez dira agertu mahai sektorialaren bilerara. SATSEk, ELAk, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk azaldu dutenez, zuzendaritzak ez du «borondaterik erakutsi» Osakidetzako lantaldeak pairatzen dituen «arazo larriei» konponbidea bilatzeko. Hori dela eta, planto egitea erabaki dute. Eta salatu dute bilerako gai zerrendan ez dituztela aintzat hartu sindikatuen bi eskakizun nagusiak, hala nola karrera profesionalaren dekretu berri baten tramitazioa geldiaraztea. Era berean, Osakidetzak sindikatuei aurpegiratu die ez dutela «interesik» negoziatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.