Osasunbideko mediku batek urtean 288.000 euro irabazten ditu, eta beste batzuek, 18.000

Iaz bederatzi sendagilek 200.000 euro baino gehiagoko soldata izan zuten Osasunbidean. EH Bilduren ustez, produktibitatearen ordainketa ez da eraginkorra, eta Nafarroako Gobernuak zenbait neurri iragarri ditu, auziari heltzeko.

Osasunbideko bi langile, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Osasunbideko bi langile, artxiboko irudi batean. IÑIGO URIZ / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2025eko otsailaren 13a
18:50
Entzun

Urtean 288.000 euro gordin irabaztea edo 18.000 euroko soldata izatea ez da gauza bera, inondik inora ere. Bada, BAME barruko mediku egoiliarrek Osasunbidean egiten duten lehen urtean 18.000 euro jasotzen dituzte —2023ko datuak dira—, eta iaz bederatzi sendagilek 200.000 euro baino gehiagoko soldata izan zuten; gehien irabazi zuenaren soldata gordina 288.000 eurokoa izan zen.

Nafarroako osasun sistema publikoko medikuen soldaten arteko aldea hizpidera ekarri dute gaur Nafarroako Parlamentuan. Horiei aurre egiteko neurriez galdetu dio EH Bilduko parlamentari Txomin Gonzalezek Fernando Dominguezi, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariari. Biek kezka azaldu dute desberdintasun nabarmen horrekin.

Gonzalezek soldaten arteko aldea nabarmendu du, Osasun Sailak emandako datuak oinarri hartuta. Batetik, gutxien kobratzen dutenak formazioa egiten ari diren sendagileak dira —bost urte pasatzen dituzte osasun zentroetan eta ospitaleetan BAME azterketa egin eta gero—. Sendagile egoiliarrek urtetik urtera gehiago irabazten dute, eta, ondorioz, soldatarik altuena bosgarren urtekoa dute: 24.890 euro izan ziren 2023an.

Bestetik, gehien irabazten duten sendagileek askoz soldata altuagoa dute. Iaz bederatzi sendagilek irabazi zuten 200.000 euro baino gehiago —2023an hiruk, eta 2022an bik—, eta 376 medikuk izan zuten 100.000 euro baino gehiagoko soldata. Iaz gehien irabazi zuenak 288.000 euroko soldata gordina izan zuen, eta orduka neurtu du Gonzalezek: «Egunero 12 ordu lan egiten ari da, derrigorrezkoak diren 30 opor egunak kontatu gabe».

Kalitatea, zalantzan

«Astakeria hutsa da», nabarmendu du EH Bilduko parlamentariak. «Gutxieneko atsedena bermatzeko eta langileen osasuna babesteko [Espainiako] estatuko eta Europako lege guztiak urratzen ditu. Gure ustez, horrek zalantzan jartzen du horrelako lanaldi intentsiboak dituzten profesionalek herritarrei ematen dieten arretaren kalitatea», azaldu du.

Nola da posible, ordea, mediku batek horrelako soldata izatea? Produktibitatea ordainduz: ordu gehiagoz lan eginda, gauez edo jaiegunetan lan eginda, egoiliarren tutore izanda... Dominguezek zehaztu du printzipioz ez dagoela aldatzeko ezer, langileek beren borondatez erabakitzen baitute lan gehiago edo gutxiago egitea: «Horren araberakoa da, logikoki, diru gehiago irabazteko aukera». Esan du ez zaiola «horrelako desparekotasuna» egotea gustatzen, baina «egindako lanaren truke kobratzen dute sendagile horiek».

Hala ere, azaldu du zenbait neurri martxan jartzen ari direla salbuespenezko lan hori arautzeko, aukera berdintasuna egon dadin zeregin horiek egin ahal izateko orduan. Neurri horietako bat EAG etengabeko arreta guneen funtzionamenduari buruzkoa da. «Lan batzuk, praktikan, postu batean egoteagatik soilik ordaintzen dira, eta ez lan zamaren arabera. EAGetako jarduna sakon aztertu dugu, eta gune horietako batzuk batu baldin badaitezke —izan gertutasunagatik, izan lan zamagatik—, batuko ditugu».

Egoiliarren tutoreak

Sektore mahaian, gainera, adostu dute publizitate handiagoa egingo diotela egoiliarren tutore izateko aukerari, eta ekitatea izango duela oinarri tutoreak izendatzeko prozedura berriak.

Produktibitatea ordaintzeko arauak ezartzen dituen foru dekretua moldatzea ere erabaki du Nafarroako Gobernuak, Dominguezek gaur iragarri duenez. Dekretu berriaren arabera, esaterako, salbuespenezko jarduerak «modu ekitatiboan» adjudikatuko dizkiete langileei, eta horiek egiteko borondatea duten medikuen zerrenda bat osatuko dute. Postuak adjudikatzeko, aintzat hartuko dituzte langile bakoitzak jada egin dituen salbuespenezko zereginak.

Kontseilariaren ustez, neurri horiek luze gabe izango dute eragina. EH Bilduko parlamentariak, berriz, nabarmendu du produktibitatearen ordainketa ez dela eraginkorra lehen arretako eskaria kudeatzeko orduan, garestia dela, ohiko lantaldearen lan zama handitzen duela, eta ez duela balio langileen luzarotasuna bermatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.