Nafarroako Osasun Legea lan publikoaren aurkako «erasorik handiena» dela salatu du ELAk

Gobernuak bultzatutako legeak Osasunbidearen izaera juridikoa aldatuko luke; beraz, ELAren arabera, etorkizuneko langileek funtzionario izateari utziko liokete, eta atea irekiko litzaieke kaleratzeei. Osasun publikoaren egoeraren azterketa bat atera du.

Iñaki Zabaleta, Josune Guerra eta Imanol Pascual, ELAren Iruñeko egoitzan. J. SENAR
Iñaki Zabaleta, Josune Guerra eta Imanol Pascual, ELAren Iruñeko egoitzan. J. SENAR
joxerra senar
2024ko azaroaren 26a
13:55
Entzun

«Enplegu publikoaren aurkako erasorik handiena da. UPN ere ez zen ausartu halakorik egitera». ELAko Imanol Pascualek gogor deitoratu du Nafarroako Gobernuak bultzatutako Osasunaren foru legearen aurreproiektua. Bertan, Osasunbidearen eta NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuaren izaera juridikoa aldatzea planteatu du gobernuak: organo autonomo izateari utzi, eta enpresa erakunde publiko bihurtuko da. Sindikatuaren arabera, aldaketa horrekin etorkizunean kontratatutako diren langileek funtzionario izaera galduko dute, eta horrek atea irekiko du langileak kaleratzeko.

Osasungintza publikoaren egoerari buruzko azterketa aurkeztu dute Pascualek, Josune Agirre sindikatuko Osasunbideko arduradunak eta Iñaki Zabaleta Ikerketa Bulegoko arduradunak, Iruñean. Aurreproiektuaren edukia izan dute hizpide. «Lan baldintzei begira, aldaketaren ondorio nagusia da etorkizunean lan kontratudun langile liratekeela. Gure ustez, gobernuaren asmoa da Osasunbideko langileak kaleratzeko aukera izatea, malgutasunaren aitzakian».

Halaber, nabarmendu du pribatizatzeko esparruak irekitzen direla, legearen testuan maiz aipatzen baita «erakunde publiko eta pribatuen arteko lankidetza». «Pribatizazioak funtzionarioak ez diren langileekin eginez gero, gainera, azpikontratatzeko espazioak eta prekarizatzeko esparruak askoz ere gehiago dira». Gobernuak helarazi die sindikatuei ez dutela hori egiteko asmorik, baina ELAk gogora ekarri du aukera hori legean jasoko dela, eta etorkizuneko gobernuei bide hori libre utziko diela.

Orain indarrean dagoen legea 1990ekoa da, eta gobernuak nabarmendu du bultzatu nahi duen aldaketa legealdi honetako legerik garrantzitsuenetakoa izango dela. Oraintxe, haren edukia ikusgai dago gobernu irekian, abenduaren 31ra bitarte herritarrek bere proposamenak egin ditzaten. Datorren urtean helduko da Nafarroako Parlamentura. ELAk eskatu die taldeei atzera bota dezatela. Osasungintza publikoan aritzen diren sindikatuek gogor egin dute lege aurreproiektuaren aurka

Azterketaren edukia 

Ostiralean Bilbon egin bezala, gaur Hego Euskal Herriko osasungintza publikoaren egoerari buruzko azterketa aurkeztu du Iruñean. Zabaletak gogora ekarri du duela lau urte egindako txostenak agerian utzi zuela lehenagotik zetozela pandemiak azaleratutako egiturazko arazoak. Alta, «harrezkero larriagotu egin da egoera», Zabaletaren irudiko.

OCDE erakundeko herrialde industrializatuen datuekin erkatu dituzte kalitate irizpideak. Alde batetik, Nafarroan, mila biztanleko bi erizain gutxiago dago, eta %32 mediku gutxiago. Ohe kopurua, berriz, %16 handitu beharko litzateke. Bestetik, itxaron zerrendak «etengabe luzatzen ari dira», Zabaletaren irudiko: espezialitateko kontsulta bat egiteko 90 egun behar dira batez beste, eta 99 egun ebakuntza egiteko. Aipatu du, gainera, eskatzen denetik zerrendatan sartu arte denbora iragaten dela, eta, beraz, epea «handiagoa» dela.

101,5

 

Osasun pribatuaren itunak. Osasunbidetik Nafarroako Unibertsitatea klinikara igorritako gaixo kopurua %259 handitu zen 2022tik 2023ra, eta ebakuntza kirurgikoak, %32. Ospitale pribatuekin hitzartutako itunak ordaintzeko diru publikoa handitu egin da. 2025eko aurrekontuaren lege proiektuan 101,5 milioi euro daude aurreikusita, azken hamabost urteetako kopururik handiena.

Josune Guerrak langileen egoerari erreparatu dio. Nahiz eta Europako zuzentarauek adierazi alor publikoan baimendutako behin-behinekotasun tasak ezin duela %8 gainditu, Osasunbideko langileen erdiek dute aldi baterako kontratua. Zehazki, %51,7 da tasa —aitzitik, alor pribatuan, %18,7 da—: «Oso larria da behin-behinekotasun tasa hain handia izatea zuzenean Nafarroako Gobernuaren menpe dagoen arlo batean». Gaineratu du bost langiletik batek (%21,1) lanaldi partzialeko kontratua duela. Horrez gain, gogora ekarri du langileen soldatak ez direla KPIarekin eguneratu, eta azken hamabost urteetan inflazioa baino %15 gutxiago kobratu dutela.

Nafarroako Gobernuak EH Bildurekin hitzartu du 2025eko aurrekontu akordioa. Bertan, 1.510 milioi euro bideratuko dira Osasun Departamentura. ELAk azpimarratu du BPGaren %5,4ko inbertsioa dela, eta aurtengoarekin alderatuta bi hamarren gutxitu dela ehuneko hori. Sindikatuaren arabera, EBko batezbestekoarekin alderatzeko 590 milioi euro gehiago inbertitu beharko lituzke Nafarroak. 

Euskararen erabilerari dagokionez, ELAk uste du Osakidetza eta Osasunbidea «gaztelaniaz lan egiteko eta arreta ere gaztelaniaz eskaintzeko» pentsatuta daudela, sistematikoki urratzen dituztelako pazienteen eta langileen hizkuntz eskubideak. Sindikatuak salatu du horrek osasun arretaren kalitateari eragiten diola: «Gaixoa berak hautatzen duen hizkuntzan artatzeak harremana hobetzen du, eta, nazioarteko ikerketen arabera, lotura zuzena du osasun adierazle hobeak lortzeko aukerarekin».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.