Haserre daude Osasunbideko langileen ordezkariak. Ez datoz bat Osasunari buruzko Foru Legearen aurreproiektuan jasotako neurri askorekin eta, batez ere, orain arte negoziazio biderik ireki ez izanarekin. Zehazki, kezka dute Osasunbidearen izaera juridikoa aldatzeko asmoaren inguruan. «Erakunde autonomo izateari utzi eta enpresa erakunde publiko bihurtuko litzateke; hau da, titulartasun publikoko erakunde bat, langileei zuzenbide pribatua aplikatuko diena», azaldu dute, ohar batean.
Aldaketa horren gibelean, «lan baldintzetan atzera» egiteko arriskua ikusten du batzordeak, langile mota berri bat sortuko bailuke gobernuak: «Alde batetik, funtzionarioak egonen lirateke, beren araudi propioarekin; eta, bestetik, langile kontratudunak, etorkizunean lanpostu finkoen titular izanen liratekeenak. Lanpostu finko horietan lan araubidea ezarriko litzateke». Langile batzordearen irudiko, horrek ondorio zuzena izanen du lan baldintzetan, txarrerako: «Gerta liteke lan baldintzei kalte egitea, bai eta bi taldeen arteko diskriminazioak eragitea ere, bakoitzaren lan harremanaren arabera».
Bestalde, lege aurreproiektuaren proposamena tramitatzeko modua ere kritikatu dute langileen ordezkariek: «Ez da aldez aurreko negoziazio prozesurik izan, dokumentua gutxieneko adostasunarekin prestatzeko». Hori dela eta, batzordeak Osasunbideari exijitu dio, alde batetik, kendu ditzala legearen aurreproiektuan «enpresa erakunde publikoei buruz dauden aipamen guztiak», eta, bestetik, «negoziazio mahai bat» antola dezala, «lantaldearen iritzia entzuteko».
Dominguez: «Aldatu ezean, sistema zartatuko da»
Osasun sindikatuek azken asteetan eginiko kritiken harira, Fernando Dominguez Osasun kontseilariak atzo esan zuen «ezinbestekoa» dela Osasunari buruzko foru lege berri bat onartzea «osasun sistema egungo errealitatera egokitzeko», eta 1990. urtetik indarrean den araua aldatu ezean «sistema zartatuko dela». Kontseilariak gogorarazi zuen legearen aurreproiektua jendaurrean aurkezteko fasean egonen dela abenduaren 31ra arte, eta eragile guztiek aukera dutela ekarpenak egiteko: «Dena negoziatu daiteke».
Dominguezen irudiko, hala ere, beharrezkoa da Osasunbidearen eta Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren izaera juridikoa aldatzea, «erabakiak hartzeko garaian erakunde malguagoak eta arinagoak izan daitezen, eta autonomia handiagoa izan dezaten finantzaketan eta zentroen kudeaketan». Kontseilariak azaldu zuen lege aurreproiektuan jasota daudela, besteak beste, Nafarroa osorako osasun eremu bakarra eratzea eta aurrekontuetan osasun sistemaren finantzaketa bermatzea.