Osasungintza

Osasunbideko intersindikalak grebara deitu du berriro, martxoaren 23rako

Nafarroako Gobernuaren «itxikeria» eta «negoziatzeko borondaterik eza» salatu dituzte LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek.

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuek otsailaren 15ean Iruñean eginiko manifestazioa. IñIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2023ko otsailaren 21a
13:07
Entzun

Kalera aterako dira berriz. Osasunbideko intersindikala osatzen duten sindikatu nagusiek —LABek, SAEk, UGTk, ELAk eta CCOOk— bigarren greba eguna antolatu dute Nafarroako osasungintzan, Nafarroako Gobernuaren «itxikeria eta negoziatzeko borondaterik eza» salatzeko. Martxoaren 23an eginen dute lanuztea, baina, aurretik, langile batzordeak eta bestelako protesta ekintzak antolatuko dituzte osasun etxe, ospitale eta beste lantokietan.

Intersindikalak azaldu du, gainera, jada ez direla fio Osasunbideko zuzendari Carlos Artundorekin, eta, hortaz, ez dutela nahi hura solaskide izaterik: «Konfiantza galdu dugu erabat egungo Osasun zuzendari Carlos Artundorengan, kolektibo medikoarena ez den edozein eskaerari bizkarra eman diolako, bere proposamenei klasismoa darielako eta desberdinkeriaz tratatu dituelako elkarte sindikal batzuk eta besteak». Hori dela eta, greba batzordea osatzen denean, ez dute Artundo negoziazio mahaian esertzerik nahi.

Otsailaren 15eko grebaren «arrakasta» ere nabarmendu dute Osasunbideko sindikatuek: «Iragan otsailaren 15ean, Iruñeko kaleak bete zituzten Osasunbideko eta foru administrazioko milaka langilek eta zerbitzu publikoen defentsan engaiatutako herritar ugarik, lan baldintza duinak eskatzeko». Eguerdian Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren aurrean eginiko elkarretaratzea eta arratsaldeko manifestazioa «masiboak» izan zirela nabarmendu du intersindikalak, «eta hori izan zen greba egunaren arrakastaren seinale nagusia». Izan ere, sindikatuen irudiko, lanuztearen arrakasta ezin izan zen neurtu ohiko parametroen arabera, «administrazioan ezinezkoa delako edozein ekoizpen jarduera geldiaraztea, eta ezarritako gutxieneko zerbitzuak abusuzkoak izan zirelako».

Ikusi gehiago:Osakidetzako sindikatuek protestak antolatu dituzte ospitaleetan eta lehen mailako arretan

Greba egun horren ostean ere, Nafarroako Gobernua langileen eskaerei «entzungor» egin diela salatu dute LABek, SAEk, UGTk, ELAk eta CCOOk. «Otsailaren 15aren aurretik, bilera bakarra egin zuten Osasun Departamentuak eta greba batzordeak, eta ezinago etsigarria izan zen, administrazioak atzera bota baitzituen sindikatuek mahai gainean jarritako proposamen guzti-guztiak». Horren ostean, Funtzio Publikoko mahai orokorra bildu zen hilaren 17an, baina hor ere Nafarroako Gobernuaren jarrera «bertsua» izan zela salatu dute sindikatuek. «Sindikatu Medikoarekin lotutako akordioa inposatu zuten, beste sindikatuen proposamenak eztabaidatzeari uko eginda».

Hain zuzen, Sindikatu Medikoarekin lortutako akordioa ikusita, Osasunbideko intersindikalak uste du Nafarroako Gobernuak «iruzur» egin diela legealdi osoan: «Esan ziguten legez ezinezkoa zela langileon soldatak igotzea, baina orain ikusi dugu aitzakia hori faltsua zela, hamahiru milioi euro gastatuko baitituzte sendagileen soldatak igotzeko. Era berean, uko egin diote gainerako langileon soldatetan edozein hobekuntza ezartzeari». Are: langileen artean «arrakalak eta desoreka» sustatzea egotzi diote sindikatuek Nafarroako Gobernuari: «Sindikatu Medikoarekin soilik negoziatu dute, Osasunbideko zuzendariak aitortu zuen bezala, greba deialdia egin aurretik ere; edozein negoziazio esparrutik kanpo, alegia. Gainerakoei, berriz, gauza bakarra eskaini digute: antzerki horretan figurante hutsak izatea».

Hori dela eta, martxoaren 23rako grebara deitzea «beste aukerarik ez» dutela uste dute sindikatuek: «Funtzio publikoak eta talde politikoek azalpen bat zor digute: azaldu behar digute zergatik ezin diren lantalde osoaren lan baldintzak hobetu; zergatik handitu daitezkeen aurrekontuak kolektibo batzuen mesedetan, baina ez guztiontzat; zergatik ez duen lehentasunik Osasunbideko lantaldeak; eta zergatik eusten dioten Osasunbideko zuzendari nagusi horri, agerikoa den arren negoziatzeko baliabiderik eta interesik ez duela».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.