Osasunbideko intersindikalak grebara deitu du berriro ere

Martxoaren 23an eginen dute bigarren lanuztea LABek, SAEk, UGTk, ELAk eta CCOOk. Artundo negoziazio mahaitik kanpo nahi dute, Sindikatu Medikoa lehenetsi duelakoan

Ion Orzaiz.
2023ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Kalera aterako dira, bigarrenez. Osasunbideko intersindikala osatzen duten sindikatu nagusiek —LABek, SAEk, UGTk, ELAk eta CCOOk— bigarren greba eguna antolatu dute Nafarroako osasungintzan, Nafarroako Gobernuaren «itxikeria eta negoziatzeko borondaterik eza» salatzeko. Aurreko deialdian bezala, Osasun Departamentuari galdegin diote lan baldintzak hobetzea, eta lanbide karrera ezartzea, «baina langile guztientzat, ez sendagileentzat bakarrik». Martxoaren 23an eginen dute lanuztea, baina, aurretik, langile batzordeak eta bestelako protesta ekintzak antolatuko dituzte osasun etxeetan, ospitaleetan eta beste lantokietan.

Intersindikalak azaldu du, gainera, jada ez direla fio Osasunbideko zuzendari Carlos Artundorekin, eta, hortaz, ez dutela nahi hura solaskide izaterik: «Konfiantza galdu dugu erabat egungo Osasun zuzendari Carlos Artundorengan, kolektibo medikoarena ez den edozein eskaerari bizkarra eman diolako, bere proposamenei klasismoa darielako, eta desberdinkeriaz tratatu dituelako elkarte sindikal batzuk eta besteak». Hori dela eta, greba batzordea osatzen denean, ez dute nahi Artundo negoziazio mahaian esertzea.

Otsailaren 15eko grebaren «arrakasta» ere nabarmendu dute Osasunbideko sindikatuek: «Iruñeko kaleak bete zituzten Osasunbideko eta foru administrazioko milaka langilek eta zerbitzu publikoen defentsan engaiatutako herritar ugarik, lan baldintza duinak eskatzeko». Eguerdian Nafarroako Gobernuaren egoitza nagusiaren aurrean eginiko elkarretaratzea eta arratsaldeko manifestazioa «masiboak» izan zirela nabarmendu du intersindikalak, «eta hori izan zen greba egunaren arrakastaren seinale nagusia». Izan ere, sindikatuen irudiko, lanuztearen arrakasta ezin izan zen neurtu ohiko parametroen arabera, «administrazioan ezinezkoa baita edozein ekoizpen jarduera geldiaraztea, eta gutxieneko zerbitzuak abusuzkoak izan baitziren».

Greba egun horren ostean ere Nafarroako Gobernuak langileen eskaerei «entzungor» egin diela salatu dute sindikatuek. «Otsailaren 15aren aurretik, bilera bakarra egin zuten Osasun Departamentuak eta greba batzordeak, eta ezinago etsigarria izan zen, administrazioak atzera bota baitzituen sindikatuek mahai gainean jarritako proposamen guzti-guztiak». Horren ostean, Funtzio Publikoko Mahai Orokorra bildu zen hilaren 17an, baina hor ere gobernuaren jarrera «bertsua» izan zela salatu dute sindikatuek: «Sindikatu Medikoarekin lotutako akordioa inposatu zuten, eta uko egin zioten beste sindikatuen proposamenak eztabaidatzeari».

Hain zuzen, Sindikatu Medikoarekin lortutako akordioa ikusita, Osasunbideko intersindikalak uste du Nafarroako Gobernuak «iruzur» egin diela legealdi osoan: «Esan ziguten legez ezinezkoa zela langileon soldatak igotzea, baina orain ikusi dugu aitzakia hori faltsua zela, hamahiru milioi euro gastatuko baitituzte sendagileen soldatak igotzeko. Era berean, uko egin diote gainerako langileon soldatetan edozein hobekuntza ezartzeari». Are: langileen artean «arrakalak eta desoreka» sustatzea egotzi diote sindikatuek gobernuari: «Sindikatu Medikoarekin soilik negoziatu dute, Osasunbideko zuzendariak aitortu zuen bezala, greba deialdia egin aurretik ere; edozein negoziazio esparrutatik kanpo, alegia. Gainerakoei gauza bakarra eskaini digute: antzezlan horretan figurante hutsak izatea».

Hortaz, martxoaren 23rako grebara deitzea «beste aukerarik ez» dutela uste dute sindikatuek: «Funtzio publikoak eta talde politikoek azalpen bat zor digute: zergatik ezin diren lantalde osoaren lan baldintzak hobetu; zergatik handitu daitezkeen aurrekontuak kolektibo batzuen mesedetan baina ez guztiontzat; zergatik ez duen lehentasunik Osasunbideko lantaldeak; eta zergatik eusten dioten Osasunbideko zuzendari nagusi horri, agerikoa den arren ez duela negoziatzeko baliabiderik eta interesik».

Sindikatu Medikoa, zain

Osasunbideko intersindikala ez da mobilizazio gehiago iragarri dituen bakarra. SMN Sindikatu Medikoak ere lanuztea egitearekin mehatxu egin du, Nafarroako Gobernuarekin sinatutako ituna ontzat eman arren. «Martxoaren 15era bitartean ez badugu ikusten akordioa betetzen dutela, beste greba mugagabe bat abiaraziko dugu», esan du Alberto Perez SMNko idazkari nagusiak. Hilean 400 euroko soldata igoera eta lan karga arintzeko neurriak eskaini dizkie gobernuak. Bestalde, SATSE sindikatuak ere grebara deitu ditu erizainak eta fisioterapeutak otsailaren 28rako: sektorearen proposamenei entzungor egitea egotzi diote Artundori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.