Osasunbideko buruzagitza berria abian dela dio Berak, eta ez duela kargua utziko

Osasun kontseilariaren dimisioa eskatu du Nafarroako Parlamentuak; soilik UPN eta PPN ditu alde.SATSEk «ezegonkortasuna» gaitzetsi du

Marta Bera, asteon, kazetarien aurrean mintzatzen. IVAN AGUINAGA / EFE.
Erredakzioa
Iruñea
2014ko irailaren 20a
00:00
Entzun
«Berriro» martxan da Osasunbideko aginte egitura. Mezu hori nabarmendu nahi izan zuen, atzo, Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari Marta Berak. Krisiak bata bestearen atzetik lotzen dituen agintaldi batean ari da UPNko burua, eta atzo osasun zerbitzuko buruzagi berriak aurkeztuta —Cristina Ibarrola izango da zuzendari kudeatzaile berria—, aste zail bat itxi nahi izan zuen. Izan ere, kargua utzi du urtebetez kudeatzaile jardun duen Juan Jose Rubiok. Polemikaren zurrunbiloan. Esan du zuzendaritzakoek ez dutela bat egin bere lan egiteko erarekin eta Osasunbideari «gardentasuna» falta zaiola erabaki batzuetan. Berak, aldiz, kudeatzaile ohiari egotzi dio «ez gai» izatea «testuinguru ekonomikora» egokitzeko. Rubio kargurako hautatu zuenean ez zela fin ibili aitortu du Berak, baina ez duela kargua utziko.

Aspaldikoak dira kontseilariak dimisioa emateko eskariak, baina eutsi egiten dio karguari. Atzo Nafarroako Parlamentuak bat egin zuen berriro dimisio eskaria egiteko, Ezkerrak egindako proposamen bati lotuta. Oroitarazi zuten Nafarroako Ospitale Guneko sukaldeetako martxaren pribatizazioak zer eragozpen eragin dituen —«garestiagoa da, txarragoa»— eta berriro esku publikoetan uzteko eskatu zuten. Soilik UPNk eta PPNk eman zuten mozioaren aurkako botoa.

Osasunbideko arazo guztiek batere mesederik ez dakartela oroitarazi du SATSE sindikatuak. «Ezegonkortasun» egoera horri, gainera, larrialdi zerbitzuetako txanda berriek sortu duten ezinegona gehitu behar zaiola esan du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.