Maskaren auzia bizi-bizi dago Nafarroan. Atzo, legebiltzarreko Osasun Batzordean eginiko agerraldian, Santos Indurain Osasun kontseilariak adierazi zuen Nafarroako Osasun Zerbitzuak ez zuela parte hartu Sodena sozietate publikoaren, CEN Nafarroako Enpresarien Elkargoaren eta Albyn enpresaren arteko akordioan. Navarra Sumak eskatuta joan zen parlamentura Indurain, maskarak erosteko operazioan izan zuen rolaren inguruan azalpenak emateko.
Zehazki, maskaren salerosketa «argitzeko» eta «erantzunak jasotzeko» helburuarekin batzartu ziren parlamentuan Navarra Sumako, PSNko, Geroa Baiko eta EH Bilduko bozeramaileak. Indurainek esan zuenez, 2020ko maiatzaren 7an sinatu zen Sodenaren, CENen eta Albynen arteko ituna, izurri garai betean, NBE norbera babesteko ekipamendua enpresa txiki eta ertainen eta langile autonomoen eskura jartzeko xedez. Hitzarmena Sodenaren ekimenez sortu zela gaineratu zuen kontseilariak.
Gobernuak eskatutako txostenen arabera, Osasunbideak maskarak eskuratzeko aukera zuen «soilik salbuespenezko edo ezohiko» egoeretan: «Osasunbideak ez zeukan material hura eskuratzeko beharrik», adierazi zuen kontseilariak.
Kontratuaren xehetasunak
2020an, COVID-19ak eragindako itxialdiaren ondoren, Nafarroako enpresei «lanera bueltatu ahal izateko materiala» eskaintzeko helburuarekin sinatu zuten ituna Sodenak, CENek eta Albyn Medicalek. Kontratu horren arabera, Sodenak bi milioi euro ordaindu behar zizkion Albyn Medical enpresari maskarak Txinan erosi eta Nafarroara ekartzearen truke.
Gero, Sodenak Nafarroako enpresei maskara horiek saldu nahi zizkien, CENen bitartez. Baina, Espainiako Gobernuak prezioa arautu zuenez, enpresek ez zuten Sodenaren maskarak erosteko beharrik ikusi, eta alde batera utzi zituzten. 1,7 milioi maskara geratu dira biltegian, hautsa hartzen. Diru publikoa galtzea izan zen hitzarmen horren ondorioa, Sodenak 1,248 milioi euro galdu zituen eta. Albyn enpresak %3,5eko komisioa jaso zuen bitartekari lana egiteagatik: 70.000 euro inguru.
Hala ere, Nafarroako Gobernuak irregulartasunak atzeman zituen maiatzean sinatutako kontratu hartan: alde batetik, Ogasun Publikoko Foru Legean ezarritako interes tasak gainditzen zituen hitzarmenak; bestetik, pandemia garaiko ezohiko kontratuak egiteko ezarri ziren baldintzak urratzen zituen; eta, azkenik, Sodenak ez zuen Nafarroako Gobernuaren baimenik jaso operazioa sinatzeko orduan.
Irregulartasun horien aurrean, Nafarroako Gobernuak Pilar Irigoien Sodena sozietate publikoko zuzendari eta kudeatzailea kargutik kentzea erabaki zuen abuztuaren amaieran, operazioaren arduraduna zela argudiatuta. Hori dena kontuan hartuta, arrakala zabaldu zen Sodenaren eta Osasunbidearen artean.
Agerian geratu zen hori atzoko agerraldian: Indurainek azpimarratu zuen Sodena, Nafarroako Gobernuak kontrolatutako sozietatea izanagatik ere, erakunde independentea dela, Osasun Departamentuarekin loturarik gabe: «Erabat bereizita daude Osasun Departamentua eta Sodena. Osasunbideak negoziazio eta hornidura bide propioak ditu».
Gregorio Antxutegik ere, Nafarroako Gobernuko Osasun kudeatzaileak, esan zuen Osasunbideak ez zuela hitzarmenik sinatu CENekin, «oso arriskutsua» zelako: «Gu ez ginen akordioaren parte, baina berme gehigarri bat eman genuen, akordiotik kanpo, ondoren baldintza jakin batzuetan maskarak eskuratzeko». Biltegietan dagoen materiala erabiltzeko prest daudela gaineratu zuen Antxutegik.
Mozioa parlamentuan
Maskaren eta Nafarroako Gobernuaren parte hartzearen inguruan gehiago sakontzeko helburuarekin, mozio bat aurkeztu du EH Bilduk legebiltzarrean: horren bidez, Nafarroako Gobernua premiatu nahi dute CEN auzibidean jartzera, enpresariek soberan diren maskarak erosi eta ordain ditzaten. Indurain kontseilariak ere hizpide izan zituen konponbide posibleak: haren esanetan, Albyn Medical, Sodena eta CEN aurki dira batzartzekoak, biltegian diren 1,7 milioi maskaren auziarentzat konponbide bat adosteko asmoz.
Osasunbideak ukatu egin du maskaren auzian parte hartu izana
Nafarroako Osasun Departamentuak ez zuen itunik sinatu CENekin, «arriskutsua» zelako. Maskara horiek erabiltzeko prest azaldu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu