Iruñeko Lan Arloko Epaitegiak Osasunbidea eta Arcasa enpresa zigortu ditu; azken horrek kafetegi zerbitzua ematen du Nafarroako Unibertsitate Ospitalean. Izan ere, gizon batek sexu erasoa egin zion ospitaleko kafetegiko langile bati, bertako komun publikoetan. Bada, bi zigortuei egotzi diete lan inguruneko gutxieneko segurtasun eta osasun neurriak ez betetzea, kafetegiko langileei komun eta aldagela propiorik ez emateagatik. Langileari zera ordaindu beharko diote: bajan dagoen bitartean —eta etorkizunean lanerako ezintasuna aitortuko baliote— jasotzen dituen prestazioen %30eko gainordaina.
Ez da gaiari lotutako lehenbiziko sententzia: zortzi urteko kartzela zigorra ezarri zioten sexu erasoa egin zuen gizonari. Erasoa 2022ko irailaren 1ean gertatu zen, Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko egoitzetako batean —Bideko Ama ospitalea zen eraikinean—. Emaztekiari lanaldia bukatuta etxera joatear zela egin zioten eraso, eta hark salaketa jarri zuen. Salaketa jaso eta berehala, Foruzaingoak aktibatu egin zuen sexu indarkeriaren aurkako protokoloa, eta arta psikologikoa eta juridikoa eskaini zion emakumeari. Ikerketa ere abiatu zuen.
Erasoaren ondoren biktimak baja medikua jaso zuen, sexu erasoagatik trauma osteko estresa diagnostikatu ziotelako. 2023ko urtarrilean emakumeak gainordainak jasotzeko eskaria egin zuen, ospitaleak gutxieneko segurtasun eta osasun neurriak betetzen ez zituela argudiatuta. Izan ere, kafetegiko langileek oinetakoak uzteko soilik zituzten armairuak, biltegian aldatu behar zuten arropa, eta ez zituzten berendako komunik, publikoak erabili behar zituzten. Osasunbideak, baina, adierazi zuen sexu erasoa ez zela gertatu segurtasun neurriak ez betetzeagatik, «hirugarren baten ekintzagatik» baizik.
Epaileak, berriz, erran du ez Osasunbideak ezta enpresak ere ez dutela lortu frogatzea zorrotz bete dituztela «kaltea saihesteko eginbeharrak». Hala, adierazi du «enpresaren betebeharra» dela ziurtatzea langileek komunak «zailtasunik gabe» erabili ahal izanen dituztela. Gehitu du, gainera, kafetegi zerbitzua ematen duen Arcasa enpresak ez duela «behar bezala neurtu» zein neurritan den arriskutsua langileendako «kanpotik jaso dezaketen indarkeria». Are, epaileak adierazi du enpresak ez dituela kontuan hartzen «lantokiko baldintza bereziak»: zer arrisku duten arratsaldeko txandan dauden langileek lanaldia akitzen dutenean, ordu horretan ez baitago ez administrazioko langilerik ez osasun arloko profesionalik.