Hogei urteren ondoren, Nafarroak eskumen bat gehiago izango du. Abuztuaren 1etik aurrera, gainerako herritarrei bezalaxe, Osasunbideak osasun arreta eskainiko die Iruñeko espetxean diren presoei. Hala izenpetu zuten atzo, Iruñean, Nafarroako eta Espainiako gobernuek. Maria Txibite lehendakariaren arabera, Nafarroak Iruñeko espetxeko presoei zerbitzurik hoberena eskaintzeko «konpromisoarekin eta arduraz» hartu du eskumena bere gain, eta, urrats horren bidez, administrazioaren kudeaketan «heldutasuna» adierazi du.
Miquel Iceta Espainiako Gobernuko Lurralde Politika eta Funtzio Publikoko ministroaren irudiko, albiste pozgarria da, beste eskumenen aldean, espetxeetako osasun arreta ez delako nabarmengarria, baina bai gai sentikor eta garrantzitsua: «Adierazten du Nafarroak osasun arreta osoa eskaintzen duela eta zerbitzu hori ez dela espetxeen atarian geratzen». Icetak azaldu zuen bi aldeen artean borondatea dagoenean, akordioa lortzea ez dela oztopo: «Madrilen adierazi zidan Txibitek eskumen hori nahi zuela, eta lehenbailehen, gainera. Hori ikusirik, lan egitea beste erremediorik ez duzu, lotsagorritu ez zaitzaten».
Miquel Icetaren arabera, erkidegoek eskumen hori garatzeko aukera zuten 2003tik, baina, orain arte, gehienek ez dute nahi izan. Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Gobernuak soilik hartu dute beren gain osasun zerbitzua euren lurraldeetako kartzeletaraino zabaltzea. Orain, Nafarroa batuko zaie. Berriki, hain zuzen ere, Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu zuten EAEk espetxeetako eskumen osoa bereganatu dezan urriaren 1etik aurrera.
Espainiak 131 milioi eurorekin finantzatzen du kartzeletako osasun zerbitzua, eta, ondorioz, Nafarroari kostu horren %1,6 (2,1 milioi euro inguru) kenduko zaio urteroko ekarpenetik; estatuari bere gain hartu gabeko eskumenengatik ordaindu beharreko dirutik, alegia. Egun, sei langile arduratzen dira Iruñeko kartzelako presoen osasun beharrei erantzuteaz, eta, abuztutik, Osasunbidearen lan baldintzetara egokitu beharko da egoera.
Aurreko transferentzia
2001eko otsailean bildu zen azken aldiz Transferentzien Batzorde Mistoa, eta Icetari deigarria egin zaio datu hori. Lehenik, gogorarazi zuen bi hamarkadotan kolore politiko askotako gobernuak iragan direla Nafarroan zein Espainian eta, hortaz, ez zaiela batzuei edo besteei bota behar errua. Dena den, adierazi zuen ez litzatekeela errepikatu behar egoera hori.
Hurrengoa trafiko eskumena izango da. 2018ko urriaren 31n, Moncloan, Uxue Barkosek eta Pedro Sanchezek trafiko eskumena itzultzeko konpromisoa hartu zuten. Bilkura hartan, Sanchezek 2019ko maiatzerako prozesua burutzeko asmoa adierazi bazuen ere, transferentzia atzeratuz joan da. Orain, Icetak konpromisoa hartu du urte amaierarako egiteko. Martxoaren 10ean, Madrilek azken planteamendua jarri zuen mahai gainean, eta Nafarroa proposamena aztertzen ari da.
Negoziazioaren korapiloetako bat zerbitzuaren finantzaketaren balorazioa da. Bestea da zer gertatuko den egun trafiko arloan diren guardia zibilekin. Espainian zein Nafarroan, eskuineko alderdiek hilabeteak daramatzate transferentziak Nafarroan Guardia Zibila «desagerraraztea» bilatzen duela esanez. Atzo, Icetak azaldu zuen Nafarroan 1.600 guardia zibil daudela, eta, eskumena hartzen denean, kopurua ez dela aldatuko. Haren esanetan, hala nahi duten guardia zibilek Foruzaingoan sartzeko aukera izango dute. «Nafarroak etorkizun hurbilean trafikoaren kontrola hartzeak ez du esan nahi Nafarroan Guardia Zibila desagertuko denik».
Negoziatzen ari diren beste eskumenetako bat da bizitzeko gutxieneko diru sarreren errentari dagokiona. Espainian iaz onartu zen errege dekretu bidez, baina Icetak gogorarazi zuen errenta hori «figura berria» denez, elkarrizketak luzeago joko duela. Hegoaldeko bi gobernuak transferentzia negoziatzen ari dira. Madrilek maiatzaren 21ean egin zuen azken proposamena, baina, auzi horretan, ikuspegiak urrunago daude. Atzo, Icetak ez zuen eman nahi izan transferentzia horri lotutako datarik.
«Konfrontaziorik gabe»
Txibitek azpimarratu zuen akordioak autogobernuan sakontzeko balioko duela, baina gaineratu zuen hori Espainiarekiko «leialtasunez eta kohesioz» egiten dela. «Testuinguru politiko ona da Nafarroak aurrera egin dezan, gure kudeaketa ahalmena erakuts dezagun, eta politika publikoetan lidergoa, baina ez bazterketan eta konfrontazioan oinarrituta, baizik eta administrazioek elkar ulertzean eta haien arteko errespetuan». Haren ustez, pandemiak utzitako irakaspenetako bat da administrazioek elkar ulertu eta errespetatzea, herritarren beharrei «hobeto» erantzuten zaielako horrela.
Osasunbideak artatuko ditu Iruñeko kartzelako presoak abuztuaren 1etik aurrera
Hogei urteren ondotik, eskumen baten transferentzia sinatu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek. Icetak espero du urte amaierarako ematea trafikoarena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu