Osasunbidea «pribatizatzeko» asmoa antzeman du LABek Osasun Lege berriaren zirriborroan

Sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren parean, osasun sistema publikoa aldarrikatzeko. Zuzenketak aurkeztuko dizkiote aurreproiektuari.

LABen elkarretaratzea, Iruñean, Osasun Lege aurreproiektuaren aurka. IDOIA ZABALETA / FOKU
LABen elkarretaratzea, Iruñean, Osasun Lege aurreproiektuaren aurka. IDOIA ZABALETA / FOKU
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko azaroaren 20a
14:00
Entzun

LAB sindikatuak deituta, dozenaka osasun profesionalek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, Vianako Printzea kontsulta zentroaren parean. Nafarroako Gobernuak berriki aurkezturiko Osasun Lege aurreproiektua kritikatu dute, sindikatuaren iritziz, «Osasunbidea pribatizatzeko bidea» irekitzen baitu: «Aurreproiektu honek atea zabaltzen dio Osasunbideko zenbait zerbitzu pribatizatzeko, horiekin negozioa egiteko eta langileon lan baldintzak okertzeko». Are: LABek uste du Nafarroako Osasun Departamentuak «Osakidetzaren eredua» ezarri nahi duela Nafarroan: «Atzo, Osasun Departamentuko zuzendari nagusi Antonio Lopezek onartu egin zuen Osakidetzaren eredua ezarri nahi duela Nafarroan. Noiz eta Eusko Jaurlaritzak berak onartua duenean Osakidetzan arazoak daudela, gauzak gaizki egin dituztela eta eredu horrek aldaketa handiak behar dituela. Bada, orain, Osasun Departamentuko buru Geroa Baik hemen ezarri nahi du eredu hori. Zentzugabekeria galanta da».

Besteak beste, osasun legearen zirriborroan jasota dago bai Osasunbidearen bai Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuaren izaera juridikoa aldatzea. Hala, legea bere horretan onartuko balitz, erakunde horiek ez lirateke izanen gobernuko atal integralak, baizik eta «enpresa-erakunde publiko» soilak, eta, horren ondorioz, kontratazio berriek ez lukete izanen funtzionario izaera: «Eskubide maila ezberdineko langile taldeak sortuko dituzte», salatu du LABeko bozeramaile Imanol Karrerak. Haren irudiko, gainera, legeak ez du konponduko osasun sare publikoko langileen «behin-behinekotasun eta prekaritate egoera».

«Osakidetzaren eredua ezarri nahi dute Nafarroan, noiz eta Jaurlaritzak berak onartua duenean eredu horrek aldaketa handiak behar dituela. Zentzugabekeria galanta da»

IMANOL KARRERALABeko bozeramailea

Navarrabiomed biomedikuntzarako ikerketa gunearen «deskapitalizazioa» ere hizpide izan du Karrerak. Erakunde publikoek eta pribatuek osatzen dute Navarrabiomed: batetik, Miguel Servet fundazioa dago —Nafarroan osasun ikerketa kudeatzen duen erakunde publikoa—; eta, bestetik, Idisna institutua —erakunde publiko-pribatua, zeinean pisu handia baitu Nafarroako Unibertsitateak—. Azken urteetan, sindikatuek eta Navarrabiomedeko ikerlari askok salatu dute gero eta botere eta eragin handiagoa duela Idisnak, ikerketa zentroaren kudeaketan: «Navarrabiomeden deskapitalizazioari eutsiko dio lege berriak, eta hori oso berri txarra da, Opus Deiri soilik egiten baitio mesede», esan du LABeko ordezkariak.

Azkenik, lan osasunaren alorra ere aipatu du sindikatuak. Karreraren aburuz, Nafarroako Gobernuak ondu duen lege aurreproiektuan ez dago jasota «kontrolik edo ikuskatze neurririk», herrialdean gertatzen diren lan istripuak murrizteko.

«Ez dute adostasunik»

Edukia ez ezik, lege aurreproiektua prestatzeko eta aurkezteko modua ere txarretsi du LABek. Izan ere, Karrerak adierazi duenez, gobernuak ez du sindikatuen eta bestelako eragileen iritzia galdegin, ezta negoziaziorik abiatu ere: «Osasun Foru Legearen aurreproiektuak ez du behar adinako adostasun politiko eta sindikalik, aurrera egin ahal izateko». Izan ere, sindikatuarentzat, lege aurreproiektua ez da onargarria «orain idatzia dagoen moduan», eta «zalantza ugari» sortzen dizkie.

Egungo idazkiaren ordez, «sindikatuekin negoziatutako» proposamena galdegin du Karrerak: «Gizartearen parte hartzea izanen duena, publikotasuna Nafarroako osasun sistemaren ardatz egituratzaile gisa kokatuko duen ikuspegi estrategikoa ezarriz». Izan ere, osasun legea «ezinbesteko tresna» dela iritzita ere, gobernuak aurkeztutako zirriborroari «funtsezkoena» falta zaiola uste du LABek: «Zerbitzu publikoak blindatzea, lankidetza publiko-pribatua kontrolatzea, eta behin-behinekotasuna murrizteko eta hautaketa prozesu sinplifikatu eta eraginkorrak ziurtatzeko neurriak ezartzea». Hizkuntza normalizaziorako neurrien falta ere sumatu du sindikatuak, «departamentuaren interes faltaren seinale».

Horregatik guztiagatik, osasun lege aurreproiektuari zuzenketak aurkeztuko dizkio LABek: «Ez diogu utziko Nafarroako Gobernuari osasun publikoa pribatizatzen», laburbildu du Karrerak. «Nafarroako Gobernuak argi izan behar du ez duela sindikatuen babesik lege hau aurrera ateratzeko, ez sindikatuen babesik, ezta gehiengo politikorik ere». Hori dela eta, osasun publikoaren alde «apustu egitea» galdegin dio Osasun Departamentuari: «Zaindu eta indartu dezala Osasunbidea, Nafarroako gizarte osoak horixe baitu kezka eta lehentasun nagusietako bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.