Udal eta foru hauteskundeak. Nafarroa

OSASUNBIDEA. Kontrako eztarritik

'Mediterranea auzia' digestio txarrekoa izan da Marta Berarentzat: haren kudeaketaren paradigma bilakatu da.

Enpresa horrek du ospitale guneko sukaldeen ardura, 2013tik. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2015eko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Osasun arloaren esparrua anitz ezagutzen ez zuela onartu zuen Nafarroako Osasun kontseilari Marta Berak 2011. urteko uztailean, kargua hartu zuenean. Ondorioz, erantsi zuen bere lehen egitekoa izanen zela profesionalek eta herritarrek errateko zutena entzutea. Nabarmena izan da Beraren hitzen eta ekintzen arteko aldea legegintzaldi osoan. Haren kudeaketa izan da kritika eta protesta gehien jaso duena. Sindikatuak, herritarrak eta osasun alorreko profesionalak izan ditu kontra. Departamentuak ezarritako murrizketak eta pribatizazio prozesuak salatu, eta kontseilariaren dimisioa eskatu dute, behin eta berriz, karrikan. Batez ere Mediterranea de Catering auziak eman dio su haserre horri, eta Beraren kudeaketaren paradigma bilakatu da.

Gauzak egiteko moduak bertzelakoa izan behar duela argi du Nafarroako Osasun Plataformak. Herrialde horretako hamaika gizarte taldek, sindikatuk eta elkartek egin dute bat plataforma horretan, azken lau urteotako osasungintzaren arloko politikei aurre egiteko asmoz, hain zuzen.

Biharko hautesundeen atarian, plataformak zehaztu ditu hurrengo gobernuak jarraitu beharko lituzkeen ildo nagusiak osasun sistema publikoaren alde: sistemaren egoerari buruzko ikuskaritza egitea, oinarrizko arreta hobetzeko plana ezartzea, lan baldintzak hobetzea eta lan taldea egonkortzea, pribatizazio prozesuetan atzera egitea, abortatzeko eskubidea bermatzea Osasunbidean, botikak berriz ordaintzeko neurria bertan behera uztea eta osasunerako eskubide unibertsala bermatzea.

Plataformak aipatu du egun oposizioan diren talde guztiek bat egin dutela eskaera horiekin; guztiek, PPNk izan ezik. Alderdi horrekin eta UPNrekin ez dute bilerarik egin plataformako kideek, salatzen duten osasun ereduaren sustatzailetzat dituztelako.

Protestak, hasieratik

Murrizketek eta pribatizazioek markatutako legegintzaldia izan da oraingoa. Gorabeheraz betetakoa. 2010ean sortu zen Nafarroako Ospitale Gunea, eta azken lau urteotan zerbitzuak bateratzeko prozesuen eragina ere sumatu da. Departamentu barruko tentsioek, halaber, krisiak eragin dituzte Osasunbidean, bai eta Nafarroako Gobernuan ere. Azken lau urteotan, hiru zuzendari kudeatzaile izan ditu Osasunbideak; Marta Bera kontseilariak, hala ere, ez du hutsik onartu, eta karguari eutsi dio. Nafarroako Parlamentuak, profesionalek eta herritarrek hamaika aldiz eskatu diote dimisioa eman dezala. Berak ez du bete kargua hartu zuenean errandakoa. Erran diotena ez du entzun. Edo entzundakoari, behintzat, ez dio jaramonik egin.

Sukaldeetako zerbitzua Mediterranea de Catering enpresaren esku uzteko urratsa izan da Beraren azken lau urteotako bidean eztabaida gehien piztu dutenetako bat. 2013ko urtarrilean hasi zen etxe hori Nafarroako Ospitale Guneko menuak prestatzen, eta lehendabiziko egunetik jaso ditu kritikak. Batetik, pribatizazioak hamaika langile karrikan utzi zituelako; bertzetik, enpresa horrek banatzen zituen menuen kalitateagatik eta kantitateagatik. Gaixoek hasieratik egin dute protesta. Haien haserrea areagotu duten gertaerak jazo dira, gainera: torloju bat agertu zen behin plater batean; bertze batean, bakterioak antzeman zituzten menuetan... Hainbat isun jaso ditu Mediterranea de Catering etxeak, baina lanean jarraitzen du. Aurrezteko asmoz erabaki omen zuen Berak sukaldeetako zerbitzua pribatizatzea; Nafarroako Kontu Ganberak, ordea, xede hori ez dela betetzen ari ohartarazi dio kontseilariari. Hori jakinda ere, Berak ez du atzera egin.

Kontu Ganberak gehiago erran dio kontseilariari Osasun Departamentuaren azken urteotako kudeaketari buruz. Plangintza egokirik ez duela nabarmendu du, bertzeak bertze. Egindako hainbat azpiegitura hutsik direla kritikatu du Kontu Ganberak, batez ere. Bideko Ama Ospitaleko eta Tuterako kirurgia zona berriak erabili gabe daudela salatu du, adibidez. Ez dira bakarrak. Nafarroako Ospitalean, 2009an egin zuten dialisi areto berria, baina amaitzear dagoen legegintzaldiko osasun arduradunak ez dira gai izan martxan jartzeko. Halako zenbait azpiegiturak itxita jarraitzen duen bitartean, itxaron zerrendek nabarmen gora egin dutela salatu dute sindikatuek eta herritarrek azken urteotan.

Azpiegituren arazoak zer ikustekoa du Nafarroako Ospitale Gunearen sorrerarekin. Urrats hori egitea erabaki zenean, aurretik lotutako hainbat proiektu bertan behera gelditu, eta bertze zenbait garestitu egin ziren. Egun ospitale guneko larrialdi zerbitzuak hartzen dituen egoitza berriari ere eragin zioten aldaketek. Hasieran Nafarroako Ospitalerako egoitza izan behar zuen, baina zerbitzuak batzea erabaki eta gero, proiektua moldatu behar izan zuten. Denbora luzez egon zen itxita eraikina amaitu eta gero, hornitzeko dirurik ez zegoelako. Azkenean, iazko urrian zabaldu zuten larrialdien eraikin berria. Protesta artean. Zerbitzua bateratzeko prozesua kritikatu zuten sindikatuek eta profesionalek. Egun batetik bertzera egin behar izan zuten bat ordura arte eraikin ezberdinetan ziren langileek.

Osasunbideko profesionalen haserreak eta kritikek eragina izan dute erakunde barruko giroan eta egunerokoan. Hamaika dimisio eta kargugabetze gertatu dira azken urteotan. 2013ko martxoan, adibidez, Nafarroako Ospitale Guneko Kirurgiako Arlo Klinikoaren zuzendari Jose Miguel Lera kargutik kendu zuen Berak. Zerbitzuko egoera salatu zuen Lerak. «Osasun arduradunek ez dute kudeaketa planik», berretsi zuen kargua utzi eta gero.

Rubioren dimisioa

Legegintzaldiko disimiorik sonatuena Juan Jose Rubio Osasunbideko zuzendari kudeatzaile ohiarena izan zen. Berak bere bulegotik ez ateratzeko agindua eman ziola ezagutarazi zuen, iazko urrian. Osasunbidea erakunde «gaixotzat» jo, eta «gardentasunik eza» salatu zuen. Parlamentuan egon zen Rubio orduan; Bera ere bai. Kontseilariak 2013ko uztailean karguan jarri zuen gizonari egotzi zion porrotaren errua.

Parlamentuko oposizioko talde gehienek Beraren kudeaketarako «gaitasunik eza» salatu zuten egun hartan. Hamaika aldiz joan behar izan du kontseilariak erakunde horretara azalpenak ematera. Oposizioko talde gehienak kontra izan ditu. 2012ko abenduan, oinarrizko arretari eta larrialdiko etengabeko arretari buruzko dekretua onartu zuen gobernuak. Baina parlamentuak bertan behera utzi zuen, 2013ko otsailean. Osasun arloko sektore guztiek salatu zuten dekretu hura, baina Berak aurrera egin zuen. Parlamentuak gelditu zuen arte. Egungo osasun eredua aldatzeko asmoa agertu dute oraindik oposizioan diren taldeek. Herritar anitzek ere hori bera eskatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.