Bost egun falta dira Nafarroakoosasun sistema publikoko langileen osteguneko grebarako, eta atzo LAB, SAE, UGT, ELA eta CCOO sindikatuek baieztatu zuten deialdiari eusteko prest direla. «Nafarroako Gobernuak sindikatuekin hitz egin beharra du», aldarrikatu zuen atzo manifestazioaren hasieran Begoña Ruizek,SAEko eta greba batzordeko ordezkariak. Amaieran, berriz, ELAko Saioa Urrizak aipatu zuen orain arte «hitz hutsak» baino ez dituztela entzun. Testuinguru horretan, osasungintzako langileek zein ehunka herritarrek Osasunbidea «indartu» dadila eskatu zioten ozen gobernuari, Iruñeko kaleetan.
Sindikatu horiek Nafarroako Osasun Plataformarekin batera deitutako manifestazioa luzea izan zen, eta euripean egin zen. Golem zinema aretoetatik atera zen erdigunerantz. Bidean jendea elkartuz joan zen, baina Armada etorbidean bota zuen zaparradaren ondorioz, zenbait lagunek utzi egin zuten martxa. Dena den, Iruñeko Udaltzaingoaren arabera, 2.000 lagun inguru elkartu ziren, gehienez, ibilbide osoan.
Hainbat lelo oihukatu zituzten osasun publikoaren defentsan: hala nola «publikoa ez da saltzen, defenditu egiten da»; «AHTaren dirua, osasungintzara»; «begira ari zaren horri, zuri ere lapurtzen dizute»; «tipi-tapa grebara»... Gainera, kartelak atera zituzten manifestari batzuek; besteak beste, herrietako osasun etxeetan murrizketak salatu dituzten erabiltzaileenak, anbulantzietako langileena, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunarena...
Hasi eta ordubetera heldu zen manifestazioaren burua Gazteluko plazara. Han, Saioa Urrizak eta Nafarroako Osasun Plataformako Mari Jose Azkonak salatu zuten azken asteetan Nafarroako Gobernuak «zehaztapenik gabeko antolakuntza neurriak» aurkeztu dizkiela eta horiekin ez diela egonkortasunik bermatzen langileei. Aitzitik, gogora ekarri zuten gobernua Sindikatu Medikoarekin ados jarri dela, «gehiengo sindikala errespetatu gabe».
Testuinguru horretan, gobernuari ohartarazi zioten kalitatezko arreta izateko beharrezko direla langileen egonkortasuna eta baldintza duinak. «Gobernuaren erantzuna etsigarria izan da, langileen gehiengoarentzat gutxieneko neurriak baino ez dituelako proposatu; aldiz, soldata igoera neurrigabeak onartu ditu medikuentzat». Gaineratu zuten «nolabaiteko atsekabea» hartu dutela Nafarroako Parlamentuko taldeen jarrerarekin: «Ontzat eman dute gobernuaren erantzun eskasa».
Osasun sistema publikoa indartzeko funtsezkotzat jotzen dute lehen arreta sendotzea, egonkortasuna eta lan baldintza duinak bermatzea, buruko osasuneko atala hobetzea eta pribatizazioak murriztea. «Proposamen horiek bilduko dituen osasun lege berri bat behar dugu».
Greba deialdiaren aurretik, etzi izango dute azken bilera gobernuarekin. «Orain arte ez digute jaramon handirik egin. Nahiko genuke beste borroka egun bat egin behar ez izatea, baina horretarako Osasun Departamentuak serio hitz egin behar du Intersindikalarekin, eta, guretzat, garrantzitsua da balioa ematea osasungintzako langileen osotasunari eta ez soilik kolektibo zehatz batzuei», aipatu zuen Ruizek. Haren esanetan, «negoziatzeko prest dira» sindikatuak. «Akordioa lortu nahi dugu, baina horretarako bermeak behar ditugu», gaineratu zuen.
Azpeitian, protesta
Atzo, 12:30ean Azpeitiko hainbat gizarte taldek deituta elkarretaratzea egin zuten Osasungintza duina eta publikoa lelopean, herriko anbulatorioaren aurrean. Protestan herritarrek euren haserrea agertu zuten, uste baitute Osakidetzak egindako murrizketek euren bizitzetan eragin zuzena duela. Dei egin zioten Osakidetzari, herriko osasun etxeak behar dituen profesional guztiak ziurta ditzan, gaixo agiria duten langile guztiak ordezka ditzan, «murrizketak» amai ditzan, eta herritar guztien osasun arreta berma dezan, «inor atzean utzi gabe».
Osasunbidea indartu dezatela eskatu dute Iruñean ehunka herritarrek
Iruñean egindako manifestazioan, salatu dute Nafarroako Gobernuak «hitz hutsak» baino ez dizkiela eskaini. Martxoaren 23ko greba deialdiari eusten diotela azaldu dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu