Osasunerako eskubide unibertsala ahultzen ari dela salatu du Nafarroako Osasun Plataformak, «osasunaren merkantilizazioa bultzatzen duten politikak eta planak geroz eta gehiago» direla iritzita. Bihar Osasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, hausnartzera deitu du elkarteak, gaur argitaratu duen oharraren bidez. Ohartarazi duenez, lan mutualitateei egun dituztenak baino eskumen gehiago aitortzeko negoziazioetan ari dira Nafarroan.
Plataformak salatu du mahai gainean dela «langileen ohiko jatorriko prozesu traumatologikoak» mutualitateen esku uzteko proposamena, osasun arreta horren kostua sistema publikoaren kontura utzita. «Helburua absentismoa murriztea da, funts publikoekin, eta osasun sistema publikoan dualtasun bat txertatuta, non arreta desberdintzen hasten den biztanleria aktiboaren parte direnen eta ez direnen artean».
UGT eta CCOO sindikatuek proposamen hori ontzat jotzea deitoratu du elkarteak, mutualitateen eskumenen gehikuntza «erretiro partzialerako bermeak lortzea baldintzatu nahi badute ere». Plataformaren ustez, ez litzateke akordio onargarria. «Baldintzak berak argi uzten du osasun arloan atzerapauso bat litzatekeela, lan esparruan abantaila jakin baten truke onartuko litzatekeena».
Nafarroako Parlamentuak mutualitateei eskumen gehiago ez aitortzearen alde adostutako konpromiso politikoari ere egin dio aipamen. Plataformaren iritziz, «bermeak» behar dira «araudiaren esparruan», halakorik ez dela gertatuko ziurtatzeko.
Kanpaina Europan
Nafarroako Osasun Plataformak bat egin du Gure Osasuna Ez Dago Salgai Europako Sareak osasunaren merkantilizazioaren aurka EB Europako Batasunean egiten ari den kanpainarekin. Egitasmoaren helburua da osasun publikoa merkatu legearen logikatik salbu uztea eta osasun sistemak eta babes soziala indartzea.
Xede horretarako aldarrikatzen dituen oinarriak dira, besteak beste, «bi mailako sistema bat eragoztea», osasunari begirako aurrekontuei EBk ezartzen dituen mugak indargabetzea, «biztanleriaren geroz eta ehuneko handiago bat osasun artatik baztertuta gelditzeko joera amaitzea» eta osasun langileak lan baldintza egokien bidez babestea.
Plataformak nabarmendu duenez, osasun zerbitzuaren merkantilizazioa bultzatzen duten neurriak geroz eta ugariagoak dira. «Negozioa sustatzen dute gure osasun beharren eta behar soziosanitarioen inguruan, eta desberdintasunak sortzen dituzte biztanleengan, osasun babes egoki baterako sarbidea izateari dagokionez».
Elkarteak dei egin dio gizarteari «jarrera kritikoa eta aktiboa» izateko, osasun arloko edozein eratako merkantilizaziori aurre egiteko. «Asko baitaukagu jokoan», nabarmendu du.