Lehen arreta «larri» dagoela uste dute: «Baliabideak gero eta mugatuagoak dira, herritarrek arazoak dituzte kontsultan artatuak izateko, eta arretaren osotasuna eta jarraitutasuna galtzen ari dira pixkanaka». Kexua ez da nolanahikoa, gainera. Osasun publikoaren alorrean diharduten zortzi entitatek eta elkargo profesionalek sinatu dute, eta dei egin diote Nafarroako Gobernuari, oinarrizko arreta «behingoz» indartu dezan: «Beharrezkoa da elkarrizketa sustatzea herritarren, osasun profesionalen, arduradun politikoen eta osasun zerbitzu publikoen artean». Oraingoz, lehen pausoa eman dute elkarrizketa prozesu hori gauzatu dadin: lau puntuko proposamen zehatza helarazi diote gobernuari, lehen arreta hobetzen hasteko.
Honako hauek dira agiria sinatu duten entitateak: Nafarroako Osasun Publikoaren Aldeko Elkartea, Erizaintza Komunitarioko Nafarroako Elkartea, Fisioterapeuten Nafarroako Elkargoa, Terapeuta Okupazionalen Nafarroako Elkargoa, Lehen Arretako Gizarte Langileen Ordezkaritza, Nafarroako Lehen Arretako Administrarien Ordezkaritza, Nafarroako Pediatria Elkarteko Lehen Arretako Atala, eta Nafarroako Familia Medikuen Elkartea. Eragile horien guztien zenbait ordezkarik agerraldia egin dute gaur Iruñean, eta denen izenean hitz egin dute Erizaintza Komunitarioko Elkarteko kide den Maria Jose Galanek eta Osasun Publikoaren Aldeko Elkarteko ordezkari Eugenia Anzizuk.
Lau puntuko agiria adostu dute, eta huraxe helarazi diote Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari, «lehen arreta erreformatzeko eta indartzeko» xedez.
proposamenak
Arreta bermatu: Osasun eragileek mahai gainean jarritako lehen proposamena da lehen arreta jasotzeko bidea erraztea eta orokortzea: «Herritarrek arta jaso dezatela behar duten unean, erreferentziazko eta konfiantzazko profesionalen eskutik». Azaldu dutenez, osasun sistemak gai izan beharko luke «pertsona guztiak artatzeko, bakoitzaren beharren arabera».
Baliabideak handitu: Aurreko puntua bermatu ahal izateko, ezinbestekotzat jo dute lehen arretarentzako baliabideak handitzea. Agiriaren sinatzaileek helburutzat jo dute osasun aurrekontu osoaren %25 ematea lehen arretari (gaur egun %14 inguru da). Bestalde, garrantzitsua iruditzen zaie lehen arreta bestelako zerbitzuekin hornitzea; hala nola buruko osasuna, errehabilitazio funtzionala, prebentzioa edo arta soziosanitarioa.
Antolakuntza hobetu: Osasun zentroen autonomia handitzea proposatu dute: «Profesionalak gaitu behar dira, kudeaketa autonomia garatzeko, pertsonak erdigunean jarrita». Talde lana, sektoreen arteko koordinazioa eta komunikazioa hobetzea ere planteatu dute.
Lantaldeak egonkortu: Aurreko proposamen guztiak gauzatzeko, sinatzaileek beharrezkotzat jo dute osasun langileen egungo arazoak konpontzea. «Lantaldeen egonkortasuna bermatu beharra dago, eta lanpostu guztiak langile finkoekin bete beharko lirateke, lehen arretako lantaldeetan medikuntzako, erizaintzako, pediatriako, gizarte laneko eta administrazioko langileak kontsolidatuz». Bestalde, lehen arretako sarea «bestelako soslai profesionalekin» osatzea ere galdegin dute; hala nola fisioterapeutak, psikologoak eta terapeuta okupazionalak, besteak beste.
Adierazi dutenez, «ahalik eta adostasun eta babes handiena» lortu nahi dute, osasun publikoaren eta lehen arretaren aldeko neurri horiek aplikatu ahal izateko. «Lau puntu horiek premiazko konpromisoak dira, orain abian jarri beharrekoak», azaldu du Galanek. Horregatik, Nafarroako Gobernua premiatu dute dokumentua aztertu eta «neurri zehatzak» aplikatzen hastera. «Hau lehen urratsa da: gure asmoa da osasun arduradunekin biltzea eta elkarrizketa prozesu bati ekitea», gehitu du Anzizuk.