Giltzurrun emaileak bilatzeko orduan, senide eta hartzailearen bikotekideengana jotzen da, bi pertsonen arteko bateragarritasuna eta emailearen osasun egoera kontuan hartuta, betiere. Bizien organoekin transplanteak egitea hildako emaileen organoekin egitea baino hobea dela diote adituek. Emailearentzat arrisku txikiko ebakuntza da, eta ebakuntza mota hori egiten duten adituek etorkizunera begirako kalterik ez duela eragiten nabarmentzen dute.
Ebakuntza mota hori Ameriketako Estatu Batuetan edo beste herrialde batzuetan ohikoagoa den arren, Hego Euskal Herrian oso gutxi egin dira. Nafarroan sei baino ez ziren egin 1991 eta 2006 artean, adibidez. Horren zergatia organo emaile kopuruan bilatu behar da, Joseba Aranzabalek azaldu bezala. «Organo emate mota hori milioi biztanleko 20 organo emaile baino gutxiago dituzten herrialdeetan gertatzen da». Osasunerako Munduko Erakundeak 40 emailetan zehazten du kopuru egokiena; Hegoaldeko batez bestekoa 33,6 emailetakoa izan zen 2007an -Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 41ekoa; eta Nafarroan, 26,2koa -.
Datu horiei esker organo baten zain zeuden pertsonen itxarote zerrenda egonkortu, eta, une zehatzetan, laburtu egin izan da. Hasiera batean, emaile kopuru horiekin nahikoa da beharrei aurre egiteko. Emailearen ezaugarriak aldatu ahala, etorkizunean etor daitezkeen egoera berriei aurre egiteko bidea hasi dute transplanteen koordinatzaileaz arduratzen direnek.
Giltzurrun transplanteetara mugatu da organo emaile bizidunen programa, hori baita behar nagusietako bat gaur egun. Gibel emaile bizidunei esker transplanteak egiteko aukerak ez du oraindik indar askorik bereganatu. Gibel transplantearen itxarote zerrendak egonkor daudela azpimarratu du Aranzabalek, eta organoa ematen duenarentzat arrisku gehiago dagoela gaineratu du. Ebakuntza mota hori ezarriz gero oso gutxitan egingo litzatekeela deritzo, eta, hori ikusirik, ebakuntza horretan espezializatutako zentro bat edo bi egitearen aldekoa da. «Zentro batean egiten den ebakuntza kopuruak zerikusi handia du lortzen diren emaitzekin».
Itxarote zerrenda egonkorrak
Gizartean gertatutako aldaketei aurre egiteko transplante mota berriei bidea ireki arren, azken urteetan nahiko egonkorra da egiten den transplanteen kopurua. Azken bost urteotan ez da gorabehera handirik sumatu, eta horrek, alor horretan dagoen koordinazioari esker, itxarote zerrendak egonkortzea erraztu du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan milioi biztanleko bi eta lau pertsona artean dago bihotz baten zain dauden pertsonen itxarote zerrenda; birikaren zain hiru eta bost artean; hamabost pertsona gibelari dagokionez; eta, azkenik, ehun pertsona inguru dago milioi biztanleko giltzurrun bat jasotzeko itxarote zerrendan. Nafarroan 64 pertsona giltzurrun baten zain daude; 17, gibel baten zain; eta bi, bihotz baten zain.
2007. urtean, Hego Euskal Herriko 237 biztanlek itxarote zerrendak utzi, eta ebakuntza geletan organo bat jaso zuten. Ebakuntza horietako gehienak Gurutzeta Ospitalean (Bizkaia) eta Nafarroako Unibertsitate Klinikan izan ziren, horiek baitira Hego Euskal Herriko erreferentzia ospitaleak. Giltzurrun eta gibel transplanteak gehien egin zirenak izan ziren aurreko urtean. Birika eta bihotz transplante kopurua txikiagoa izan zen.
Ondo jositako sarea
Azken bi organo horien transplantea egiteko Euskal Herritik kanpora joan behar dute gaixo batzuek. Nafarroako Unibertsitate Klinikak ebakuntza horiek egiten dituen arren, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako biztanleak Marques de Valdecilla Unibertsitate Ospitalera (Kantabria, Espainia) joan behar dute, hori baita euren erreferentzia ospitalea. Hau da, EAEn emandako bihotz eta birikak Valdecillara eskaintzen dira hasiera batean.
Espainiako Transplante Erakundearen barnean dago Hego Euskal Herria. Sistema hori eredugarritzat jotzen da munduan, eta herrialde garatuen artean organo emaile gehien duenetariko bat da. Organorik gal ez dadin, erabateko koordinazioa dago. Hala, koordinatzaileak daude ospitaleetan, ospitale artean, probintzian, erkidegoan, erkideko esparruan eta estatuan.
Organo emaile bat antzematean, organo horrekin bateragarri den gaixo bat bilatzen da larrialdi egoeran daudenen artean, eta, ez badago, itxarote zerrendetara jotzen da. Geografikoki gertuen daudenetatik hasi, eta urrunduz doa hartzaile egokia topatzeko bilaketa, eta Europaraino ere iristen dira. Hartzailea topatzean, organoa atera eta ebakuntza egin behar den tokira garraiatzen da organo hori. Garraioa bizkortu ahala emaitza hobeak dira.
Joseba Aranzabal EAEko Transplante Koordinatzailea
Organo emaile egokia topatzen den unetik transplantatzen den arteko tartean, ospitale eta probintzia koordinazio lana funtsezkoa da ebakuntzaren emaitzak onak izan daitezen.
«Datozen urteetan organo emaileen zenbatekoa jaitsi egin daiteke»
J.R. Gasteiz«Sei eta zortzi organo emaile inguru genituen milioi biztanleko 80ko hamarkadaren erdialdean», gogoratzen du Joseba Aranzabal, EAEko Transplanteen Koordinatzaileak. Denbora asko igaro da ordutik, ordea. 90eko hamarkadaren bukaeratik, mila biztanleko 40 organo emaile inguru egon dira; hori da Osasunerako Mundu Erakundeak (OME) zehazten duen mailarik egokiena. Ordea, horren gai zaila izanda, aldaketek eragina izan dezakete, eta azken urteetako oreka baldintzatu.
Zer dela-eta gertatu da horren hazkunde handia organo emateetan?
Antolaketa da alderik indartsuena. 1986. urtean sartu ginen Espainiako Transplanteen Erakundean. Bertan, organo emateak eta transplanteak guztiz koordinatuta daude, maila guztietan. Ospitaleetan, ospitale artean, probintzietan eta erkidegoetan koordinatzaileak daude. Urteko ordu eta egun guztietan maila horietako koordinatzaile bat lanean da beti.
Nola ikusten da datozen urterako organo emaileen bilakaera?
Datozen urteetan agian organo emaileen zenbatekoa jaitsi egin daiteke. Organoak emateko baldintzetan ospitaleetan hiltzen diren pertsonen kopurua jaitsi egin da; auto istripuek behera egin dute, adibidez. Aurten agian ez gara 40 emaileetara helduko. 38ko tartean ibiliko gara Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.
Datu horiek hobetzeko zer aukera dago?
Emaileen kopurua handitzeko dugun irtenbide bakarretako bat ezetz esaten duten familien datuak hobetzea da. Gaur egun, senideen %85ek eta %90ek baiezkoa ematen dute. Organo emailea izan nahi duenak familiari nahi hori jakinarazi behar dio. Organo emaile txartela elkarte ezberdinek egiten duten ekimen garrantzitsua da. Dokumentu horrek berresten du asmoa. Balio erlatiboa du, familiak hartzen duelako azken erabakia, baina garrantzitsua da. Familiari organo emaile izateko asmoa jakinarazi dion pertsona eta txartela duena... ia ezinezkoa da emailea ez izatea.
Ospitalean hiltzen diren pertsonek organo emaile izateko aukera al dute?
Organo emailea izateko baldintza zehatzetan hil behar du pertsona batek. Ospitaleetako unitate espezifikoetan gertatu behar du heriotzak. Zainketa Intentsiboetako Unitatean, suspertze unitatean, larrialdietan... Ospitaleetan hiltzen diren ehun pertsonetatik bakar batek baino ez ditu behar diren baldintzak betetzen.
Medikuntzaren adar ezberdinen hobekuntzak eraginik izan al du transplanteen eskarian?
Azken urteetan asko aurreratu da bihotzekoek eragiten dituzten kalteei aurre egiteko tekniketan. Medikazioa ere asko hobetu da. Horren ondorioz bihotzeko transplantea behar duten eri gutxiago dago. Gainontzeko organoetan kontrakoa gertatzen da, ordea. Gibel edo giltzurrun transplanteen beharrak gora egin du. Transplanteen emaitzak hobetu ahala beti egongo dira pertsona gehiago itxarote zerrendetan sartzeko baldintzak betetzen dituztenak. Biriken transplantea nahiko egonkortuta dago, gaixotasun arraroen ondorioz sartzen baitira itxarote zerrendan.
Birika eta bihotz transplanteen egonkortzea aipatu duzu. Bi organo horien transplanteak Marques de Valdecilla Unibertsitate Ospitalean (Kantabria, Espainia) egiteko hitzarmena sinatu da duela gutxi. Zergatik?
Ez dakit; hitzarmena uztailaren 29an-edo sinatu genuen, baina aldez aurretik horrela lan egiten ari ginen. Nolabait esateko, bihotz eta birika transplanteak egiteko ospitale erreferentziala da EAEko biztanleentzat. Hemen ateratzen ditugun organoak bertara doaz hasiera batean.
Zergatik egiten da hori?
Bihotz transplante eskaria urte batean EAEn izan daiteke hamar edo hamabi pertsonakoa, gehien jota. Birikaren kasuan apur bat txikiagoa izan daiteke zenbaki hori. Transplante programa batek behar bezala funtziona dezan gutxieneko masa kritikoa behar du. Zentro bat irekitzea urtean zazpi ebakuntza egiteko ez da komenigarria. Horregatik lotzen dira hitzarmenak. Probintzia batzuetan zentroak irekitzen dituzte irudi politikoko erabakiak tartean egonda, baina oso serioak izan behar dugu gai honetan.
«Emaitza bikaina» gibel eta giltzurrun transplanteetan
Aldi berean giltzurrun eta gibel transplantea izan duten pertsonak kontuan hartuta, iraupena %81,3koa da lehen urtean; %73,3koa, hirugarrenean; eta %56,7, hamar urteko epean. Ebakuntza mota horrek «emaitza bikainak» ematen dituela deritzote ikerketa egin duten medikuek.93
Emaile gutxiago auto istripuetan. Espainian puntukako karneta ezarri zenetik errepidean izandako istripuak jaitsi egin dira, eta, ondorioz, baita istripuen eraginez sortzen ziren emaileak ere. 2005. urtean, 249 organo emaile egon ziren istripuen ondorioz eta, 2007an, 156.@sarean
Gai honen inguruko argibideak:www.ont.es. Espainiako Transplanteen Erakundea.
www.alcergipuzkoa.org. Gipuzkoako giltzurrun gaixoen elkartea.
www.aspanovasbizkaia.org. Minbizidun haurren gurasoen elkartea. Hezur muinaren donazioaren azalpena.