Koronabirusa

Osasuna, baliabide eskasian

Ipar Euskal Herriko arduradun politiko eta sindikal zenbaiten iritzia jaso du BERRIAk. Azken urteetako murrizketek ahuldurik, osasun sistema ahal bezala erantzuten ari dela uste dute gehienek. Iradoki dute sistema berriz pentsatu beharko dela krisitik ateratzean.

Angeluko laboratorio batean, COVID-19aren probak egiten dituzte. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat - Ekhi Erremundegi Beloki
Baiona
2020ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisia hasi zenetik, behin baino gehiagotan jarri dira auzitan Frantziako Gobernuaren erabakiak. Azken urteetako murrizketa politikek osasungintza publikoa anitz ahuldu dutela nabarmendu dutezenbaitzuek, eta pandemiari aurre egiteko baliabiderik gabe zela; maskaren eta gelen gisako babes neurrien eskasia nabarmena izan da azkenengo asteetan. Halaber, birusaren hedapenaren aitzinean nahikoa ez prestatzea eta berandu erreakzionatu izana leporatu die batek baino gehiagok. Ipar Euskal Herriko arduradun politiko eta sindikal zenbaitengana jo du BERRIAk, iritzia eman dezaten Frantziak orain arte izan duen kudeaketaz.

1. Nolakoa da osasun sistemaren egoera? Nola ari da erantzuten? Baliabide aski dauka halako egoerei erantzuteko?
2. Nola aztertzen duzu Frantziako Gobernuak orain arte eman duen erantzuna? Bada zerbait aldatzekoa, zure ustez?
3. Nolakoa izanen da konfinamendu egoeratik ateratzea? Zein izan beharko da prozedura?

SANDRINE DERVILLE PSko Akitania Berriko kontseilaria

«Gizarte neoliberalaren inguruan hausnartu beharko dugu»

1. «Frantziako osasun sistemak manera harrigarrian erantzuten du, langileek zerbitzu publikoaren balore handia dutelako. Suspertze zerbitzuko oheak bikoiztu egin dituzte. Baina ezin da esan estatuak behar adina baliabide eman dienik. Materiala aurkitzeko zailtasunak dituzte; babesteko tresna gutxi dute, eta artatzeko materiala ere falta dute. Frantziako gobernuek osasun sistema andeatu dute.

Sistema pribatuak sostengua eman beharko lioke sistema publikoari. Uste dut klinika gehienak hala egiten ari direla, batez ere tentsioan diren eskualdeetan: Frantzia ekialdean eta Paris inguruan. Elkarlana indartu beharko litzateke».

2. «Erraza da esatea beste gisa batean jokatu beharko litzatekeela. Espero dut [Frantziako] gobernuak dituen informazioen arabera jokatzen duela. Komunikazioan akats asko egin dituzte. Duela bi aste, esaten zuten maskarak erabiltzea debaldekoa zela, baina orain beharrezko erabilerara eraman nahi gaituzte. Herriko bozekin ere horrela gertatu zen.

Bestalde, Emmannuel Macron ageri da Paris inguruko auzoetan herritarrengana joaten segurtasun neurriak errespetatu gabe. Bada amateurismo puntu bat. Hala ere, erabaki handiak hartzen dituzte: itxialdia luzatzearena, adibidez.

Krisi ekonomiko eta sozialari ihardetsi beharko dio Frantziako Gobernuak. Ohartu gara Frantziako herritar guztiek ez dugula baldintza beretan bizi itxialdia; batzuk prekaritate handian dira. Ondorioak zailak izanen dira denentzat. Krisi ondorenak ez ditu areagotu behar desberdintasun sozialak».

3. «Irakaspenak atera behar ditugu: osasungintzan independentzia eta ber industrializazioa lortu behar ditugu. Duela zenbait urte, Frantziak sekulako gaitasuna zuen osasun arloan, baina ekoizpen guztiak deslokalizatu dituzte. Orokorki, gure gizarte neoliberalaren inguruan hausnartu beharko dugu, krisi honetan mugak eta gabeziak erakutsi dituelako. Logika aldatu beharko dugu».

XAN BRIALY LAB sindikatuko kidea eta erizaina

«Ospitalea lege ekonomikoetatik atera behar da»

1. «Frantziako Estatuko osasun sistemak bi alde ditu: pribatua eta publikoa. Publikoak, teorian, paziente guztiak artatzen ditu; ez du bereizketarik egiten. Prest izan beharko luke bat-batean paziente kopuru handi bat jasotzeko. Baina azken urteetan oheak kendu dituzte zerbitzu guztietatik, baita suspertze zerbitzuetatik ere. Politika liberalak erabaki du ospitale publikoak enpresa pribatuak bezala kudeatzea. Dena ongi dabilen bitartean, ez dago arazorik, baina krisi garaian ospitalea ez da prest hainbeste paziente artatzeko.

Klinika pribatuak prest daude suspertzea egiteko; materiala badute, baina, azkenean, lanik gabe gelditu dira. Betiko kontsultak atxiki dituzte, baina paziente kutsatu oso gutxi jaso dute Frantzia Ekialdean eta Paris inguruan pixka bat, aparte. Arazoak metatudira, ez dutelako lana ongi banatu pribatuaren eta publikoaren artean. Pribatuak aukeratzen du, eta nahi ez duena publikora botatzen du».

2. «Gezur asko dago, estrategia argirik gabe: maskarak ez ziren beharrezkoak hasieran, baina bi aste pasatu dira, eta, orain, laster derrigorrezkoak izanen dira... Komunikazioa oso txarra izan da. Zalantza eta beldurra eragiten ditu horrek; jendeek uste dute zerbait ezkutatzen zaiela.

Politika globala aldatu behar da; ospitalea lege ekonomikoetatik atera behar da. Funtzio publikoak ez du dirurik sortzen. Azpimarratu behar da azken hogei urteetan milaka ohe eta lanpostu galdu direla. Krisia ez da gaur egungoa, nahiz eta orain nabarmena den; azken urteetako gobernuen politikak gaitu ekarri emaitza honetara».

3. «Ez gara kolpean bizitza normalera itzuliko; fase ezberdinak izan beharko dira. Konfinamendua altxatzeko, emeki egin beharko da, zatika, adinen arabera, lanen arabera. Baina ez dugu itzuli beharko lehengoaren moduko egoera batera. Beste bizitza modu batera joan behar dugu buruz, ekologia kontuan hartuz, lan baldintzak hobetuz. Koste handia izanen du krisiak: aprobetxatu behar dugu erabat aldatzeko bizitza ikusteko dugun modua».

PIERRE CASENAVE EH Baiko kidea, medikua

«Egoera honetatik aterako gara; oraindikez dakigu noiz eta nola»

1. «Badira 48 urte medikuntzan ari naizela, eta ez dugu sekula ikusi halako egoerarik. Medikuntzan, egoera askotarako prestatuak gara, baina ez dugu guk antolatzen osasun sistema. Dena zentralizatua da. Materialaren eskasiarekin ohartu gara horretaz; dena Parisetik erabakitzen da, eta ez da tokiko malgutasunik. François Hollande (Alderdi Sozialista) Frantziako lehendakari ohiaren garaian, Marisol Touraine Osasun ministroak maskaren arraberritzea gelditu zuen. Lehengo eta oraingo gobernuen akatsak pairatzen ditugu».

2. «Aditu anitzek ikusia zuten Txinatik zetorrena. Hasiak ginen beldurtzen, eta herriko bozak atzeratu behar zirela esan genuen askok. EH Bairen zerrendetan nintzenez, bozka bulego baten ardura nuen. Bertan, segurtasun neurriak ez dituzte batere errespetatu, eta ehunka herritarren bizia arriskuan ezarri dute zenbaitzuek. Huts politiko eta sanitario bat egin du gobernuak. Politikariek politika jarri dute aitzinean, eta ez osasuna. Materialaren inguruan izan da katastrofe handiena. Maskararik ez zutela erran ordez, debaldekoak zirela erran dute».

3. «Egoera honetatik aterako gara; oraindik ez dakigu noiz eta nola. Egokitu beharko dugu; txertoa ere ez da berehalakoan aterako. Denek jasanen dugu krisi ondorena osasun aldetik, baina ekonomikoki ere bai.

Ekologiaren arloan, espazio salbaiak kentzen ari gara, eta animalia basatiek geroz eta espazio gutxiago daukate. Ondorioz, gizakiarengandik hurbilago bizi dira. Horrek ekartzen ditu epidemiak. Gainera, biztanleria ikaragarri emendatu da azken hamarkadetan, eta mundua gainpopulatua da. Munduko potentzien harremanen inguruko galderak ere pausatzen ditu krisiak. Elkarrekiko dependentzia handiegia dute, eta elkartasun gutxi. Ekonomia ere ber abiarazi nahiko du sistema kapitalistak, eta atzean utziko ditu arlo ekologiko eta sozialak.

VINCENT BRU Modemeko diputatua

«Ez dut uste Frantziako Gobernuak berandu erreakzionatu duenik»

1. «Frantziako osasun sistema, bere horretan, ona da. Haatik, ikusi duguna da ospitale publikoetan langileak falta direla eta haien lansariak ez direla beharko luketen heinekoak. Aspalditik hobetu nahi genuen haien egoera. Bestalde, ohartu gara epidemia masibo bati aurre egiteko erreserbak falta genituela; besteak beste, maskarak, eta, bereziki, FFP2 maskarak. Hori 2013an hartu zen erabaki bati dagokio: maskara horien biltegiak enpresa pribatu batzuen esku uztea erabakizen, estatuaren esku utzi ordez. Ikusten dugu, eta [Frantziako] Errepublikako presidenteak onartu du, batetik, ospitaleetako langileenganako indar berezi bat egin beharko dela, eta, bestetik, [Frantziako] estatuaren nolabaiteko subiranotasun bat bermatu beharko dela neurri horretako epidemia bati aurre egiteko.

Ez dira nahasi behar ospitaleak dituen arazo bereziak eta erantzuteko manera. Gure ospitaleak gai dira beharrei erantzuteko, eta, ezin dutenean, beste eskualde batzuek egiten diete harrera gaixoei. Biziki denbora laburrean lortu ditugu ohe gehigarriak, orain arte inoiz lortu ez diren moduan. Eta klinika pribatuek ere kolaboratu dute, bestelako gaixo batzuk hartuz ala tratamendu bukaeran diren gaixoak artatuz. Koordinazioa bikaina izan da, baina ohartzen gara etorkizunari begira Frantziak maskara produkzio propioa kontrolatu behar duela.

2. «Ez dut uste Frantziako Gobernuak berandu erreakzionatu duenik; ez dut sentimendu hori. Zientifikoak ere biziki umilak dira, eta erraten dute anitz ikasi dutela krisi hau hasi denetik. Denak harritu dituen birus bat da, baita zientifikoak ere; ez dut ikusten zergatik ez zuen klase politikoa harrituko, zientifikoek berek ez zekitelarik erraten zer den birus hau, nola mugatu haren hedapena, zein diren haren erresistentzia gaitasunak eta abar. Nik ikusi dudana da pixkanaka eta progresiboki neurtu ahal izan dugula zetorkiguna, ustekabean zetorren pandemia. Horregatik, [Frantziako] gobernuak maskarak kopuru handian ekoizteko agindu die gelditu gabe lanean ari diren lau enpresari, eta atzerrian ere —Txinan, besteak beste—, maskara kopuru handia erosi du».

3. «Oraingoz ez dugu informazio zehatzik; bilkurak izanen ditut laster, eta ea informazio gehiago dakigun. Baina pentsatzen dut konfinamendutik ateratzea biziki progresiboa izanen dela. Zuek bezala, entzun dut haurrak eskolara itzuliko zirela. Biziki inportantea da haurrentzat, zailtasunetan diren familientzat ahanzteko bidea baita eskola anitzetan. Pobrezia dela eta, haur batzuek ez dute behar bezala jaten beren familietan, eta, horregatik, presazkoa da eskolara itzul daitezen. Irakasleen arrangurak ere entzuten ditut; konplikatua izanen da. Horregatik, uste dut konfinamendutik aterako garela maiatzaren 11tik aitzina, baina modu biziki progresiboan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.