Lehen mailako osasun arreta

Osasun zentrora iristeko hiru hesi

Langileen lan zama handiak, antolamendu arazoek eta arta telematikoa barneratzeko zenbait zailtasunek zaildu egiten dute sarri lehen mailako arretarako sarbide erraz eta arina

Osasun zentroa. Jendea sartu-irtenean Errenteriako osasun zentroan, atzo. ANDONI CANELLADA / FOKU.
arantxa iraola
2022ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Lehen mailako osasun arretako sistemetara heltzeko bideetan ugariak dira trabak. Pandemiaren ondorioz hetsi ziren osasun zentroak ireki dira berriro, baina agerikoak dira zenbait aje. Hego Euskal Herriko osasun sistemetan agerikoa da arazoa, eta garrantzitsua da auzia. Mikel Baza sendagileak gogorarazi du «irisgarritasuna» lehen mailako osasun arretaren «oinarrietako» bat dela; familia medikua da Zeberion (Bizkaia), eta familia eta komunitateko medikuen Osatzen elkarteko kidea. Irisgarritasunean dauden «zailtasunei» erreparatze aldera, solaskide ditu beste hiru familia mediku. Hernaniko (Gipuzkoa) osasun zentroan eta zahar etxean medikua da Nerea De Sousa, eta Gipuzkoako Medikuen Elkargoko lehen arretako batzordekidea; Errenteriako (Gipuzkoa) Beraun auzoan lehen arretako medikua da Andoni Bueno; Elizondon (Nafarroa) ari da Irune Tubia sendagilea. «Eraikitzaileak» izan nahi dutela nabarmendu dute, profesioa defendatzea dutela asmo. Buenok oroitarazi du «fisikoki» herri eta auzoen erdialdeetan egoten direla, eta pazienteek ere sentitu behar dutela berriro gertutasuna. «Lehen iristen ginen; orain kolokan dago hori».

1. PROFESIONALENLAN KARGA

Tokian-tokian aldatu egiten da egoera, baina sarri gainezka ari dira langileak, eta itxaron zerrendak luzeak dira askotan. «Tentsio handiarekin ari gara», azaldu du De Sousak. Eta pazienteek gehiegi itxaron behar dute usu osasun profesionalengana iristeko. De Sousa ari da berriro: «Guk geuk, askotan, paziente bat berriro ikusteko astebete barrurako ordua eman nahi diogu, eta arazoak ditugu». Ondorioak ditu horrek. Paziente askok, erantzun eske, larrialdietara jotzen dute zuzenean. Eta larriaren larriz artatu gabe utzi ezin diren pazienteak sartu behar izaten dituzte sarri lehendik ere estua den lan martxan.

Bueno: «Gure agendatan hartu behar izaten ditugu ordurik gabeko pazienteak. Askotan ez dira errazak, konplexuak dira, eta erabakiak hartzea ez da batere erraza». Une horiek dakarten larritasuna adierazi du De Sousak: «Sarri izaten dira gure kupoan ez dauden pazienteak; ez ditugu ezagutzen, beren historia klinikoa ez dugu ezagutzen... Denbora gehiago behar dugu, baina astirik gabe artatu behar ditugu». Gainezka eginda dauden agendatan: «Gure agendak beteta egoten dira, hutsunerik gabe». Lantalde ahulegiekin erantzuten ari dira egoera horiei, azaldu baitute Osakidetzak ez duela ordezkapenik egiten. «Mediku bakoitzak 1.500 paziente inguruko kupoa du», azaldu du De Sousak: «Bi mediku falta badira, adibidez, oporrak direla eta, edota gaixoaldiren bat dela eta... Bada, horiek 1.500 dira, gehi 1.500, gehi beste 1.500...». Lanean daudenen «gain» geratzen dira horiek, eta Bazak ere onartu du hori arazo bat dela lanaren martxa onerako. Tubiak salatu du Osasunbidean antzeko arazoa dutela «ordezkapen» faltarekin, eta lan zama etenik gabe gora ari dela igaro urteotan.

Osasun sistemaren gainerako adarretan ere egoera ez dela ona oroitarazi du Tubiak, eta horren ondorioak heltzen zaizkiela haiei: espezialistaren batekin kontsulta izateko itxaronaldi luzeetan, adibidez, ate joka joaten zaizkie gaixoak eta senitartekoak. «Eta ezin diegu eskaini nahi genukeena». De Sousak minduta irakurri ditu zenbaitetan beren aldarrien inguruan egiten diren irakurketak. Ekainean, adibidez, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak esan zuen familia mediku postuetarako 3.000 euroko soldatak eskaintzen ari zirela eta hala ere ez zituztela betetzen. Zitala iruditu zitzaion. Arazoa sakonagoa baita. «Ez gara bi eta hiru, asko gara etxera gaizki iristen garenak, eta etxean abisua ematen ari zaizkigu: 'Hau gaizki doa'».

Aitortu du zailtasunak daudela profesionalak erakartzeko, eta, hein batean, lan zama horrekin lotuta daudela. Bueno eta De Sousa, biak dira mediku gazteen trebatzaileak, eta behin baino gehiagotan ikusi dute trebakuntza prozesua bukatu eta gero ez direla geratzen osasun sistema publikoan. «Motibaziorik gabe bukatzen dute». De Sousa: «Ez da lehen arreta ez zaiela gustatzen, zeren eta lehen arreta oso polita da, baina ez dute horrela bizi nahi». Baza ere kezkatzen du lehen mailako arretarako «desafekzio» agerikoak. «Ez gaude oso modan, baina gure balioak agerrarazi behar ditugu». Tubiak uste du profesionalen eskasian instituzioek izan duten erantzukizunari erreparatu behar zaiola. «Ez da inongo aurreikuspenik egon. Jakina zen erretiroa hartzeko profesionalak zeudela, eta utzi egin dute». Hark ere ikusi ditu mediku gazteak alde egiten. «Baldintza hobeagoetan eta soldata handiagoekin».

2. MEDIKUA ARDATZA DELA PENTSATZEA

Urteak dira lehen mailako arretan «medikuaren» jardunean ardaztutako sistema gainditzeko lanean ari direla. Administrariek, erizainek eta medikuek, guztiek dute garrantzia pazientearen arta onean, eta pandemia urteetan, arta telematikoa «azeleratzeko» egin behar izan diren ahaleginetan oraindik argiago ikusi hori. Hala ere, zenbait profesionalek uste dute lan egiteko eredu hori «gizarteratzeko» ahaleginak beharrezkoak direla. Bueno: «Gizartea hezi behar dugu ikas dezan pazientea ez dela medikuarena; pazientea zentroarena da, eta talde batena. Askotan uste dute medikuak artatu behar dituela, baina ez du beti horrela izan behar. Prozesu arin asko daude, adibidez, erizainak osasun aholku batzuk emanez konpon ditzakeenak». Bat dator Baza: «Erizainek osasun arazo askori arreta emateko gaitasun handia dute».

Denek argi dute hiru profesionalen arteko antolaketa egokia denean funtzionamendu horren emaitzak oso onak direla, baina taldeen «egonkortasun falta» eragozpen da askotan lankidetzak ehuntzeko orduan. Administrarien artean egoten den mugikortasun handiaren ondorioz, adibidez, ondo «trebatu» gabe heltzen dira askotan. Eta justu urteotan sektore horren lan zama asko handitu denez, horri erreparatzea lehentasunetako bat da Tubiaren iritziz: «Niretzat arazo handiena da administrariak gainezka daudela. Gero eta lan gehiago jartzen diete. Jendeari iruditzen zaio telefonoa hartu besterik ez dutela egiten, baina askoz ere lan gehiago egiten dute». Lan horren «aitortza» falta ere ikusten du.

Buenok gogorarazi du hiru adarren arteko antolaketa ona denean «behar duenari behar duen arta eta denbora emateko bidea» irekitzen dutela. «Izan ere, egun askotan ari gara denbora bera ematen egoera konplexua duen pluripatologia bat duenari, eta, esaterako, beherako soil bat besterik ez duenari, eta hori ez da posible». Beharrezkoa ikusten dute, beraz, «berrantolaketa» horretan sakontzea. «Eta oso garrantzitsua da prozesu horretan ikuspuntu guztiak kontuan hartzea», zehaztu du De Sousak.

3. ARTA TELEMATIKORA HELTZEKO TRABAK

Arta telematikoa ez da berria; aurrez ere baziren hori ezartzeko ahaleginak, baina «azeleratu» egin da izurriarekin. Online ordua hartzeko garaian ematen diren hautuak-eta ere ugaritu egin dira.«Arrakala digitala» areagotu egin du horrek. Bazak uste du teknologiak sortzen duen lilurari zuhurtziaz erreparatu behar zaiola. «Teknologia oztopo bat izan daiteke sektore batzuentzat». Behin baino gehiagotan ikusi du hori De Sousak osasun zentroan: «Tresna digitalak ditugunok, gaueko hamarretan edota goizeko ordu bietan, arazo bat badugu, medikuarenerako ordua har dezakegu hurrengo egunerako. Benetan gaizki dagoen adineko pertsona bat, gau txarra pasatuta, osasun zentrora joango da akaso goizean, eta ez du tokirik izango». Zenbait pertsona atzean geratzeko arriskua dago hor, nabarmena. Bueno: «Eta gehien behar dutenak dira».

Horregatik, Bazak gogora ekarri du teknologia berriekin egiten diren urratsetan beti aintzat hartu behar dela «norentzat» diren «baliagarriak», eta zaurgarrienen aldeko begirada zolia izan behar dela beti. Argi du berrikuntza teknologikoek zabaltzen jarraituko dutela eta indarra izango dutela etorkizunean: «Arta telematikoan ahalegina egin behar da, ordea, beti arreta gehien behar duten pertsonak ez desplazatzeko». Azaldu du kontsulta batean hurrengo egunerako dauden ordu guztiak ez direla, adibidez, web bidezko eskaintzara atera behar. «Agian, interesgarria da batzuk moldatzea telefono bidez ordua hartzen dutenentzat, edo aurrez aurre osasun zentrora joaten diren horientzat». Zaindu egin behar dira kanal horiek ere oraindik, eta ez dira itxi behar. Badaki Osakidetza «probatzen» ari dela paziente denen beharrak aintzakotzat hartzeko sistemak, eta beharrezkoak direla pentsatzen du.

Eta jendeari erraztu egin behar zaio beti bidea. «Kontsulta eskatzeko modua aldatzen denean, adibidez, jende askok zailtasun gehiago izango ditu ordua hartzeko, bide hori ez delako egokia beretzat», onartu du Bazak. Webean bertan pazienteari gura duen eskaintzaren araberako hautuak egiteko aukera ematea, adibidez, ondo pentsatuta dagoela uste du, baina azalpenak beti direla beharrezkoak. Erizainarekin ordua nahi duten hauta dezakete, medikuarengana jo nahi duten, aurrez aurrekoa izango den eskaintza, edo telefono bidezkoa. Hautu asko dira. «Ideia eta filosofia baliagarria da, baina azalpen handirik eman gabe txertatu da hori», aitortu du Bazak. Ikusi ditu kontsultan horrek eragindako dudak: «Jendea etorri izan zait esaten: 'Ez zidan uzten zurekin ordua hartzen'». Eta argi du: «pedagogia» hobetu ahala soilik lortuko da pazienteen «konplizitatea». Bat dator De Sousa: online ordua hartzeko Osakidetzak duen sistemak berari sortu izan dizkion zalantzak ditu buruan, beste paziente batzuen tokian jartzeko ahalegina eginda. «Ni ere saiatu naiz nire haurrentzat pediatrarekin edo erizainarekin ordua hartzen, eta zaila egin zait».

Tubiak esan du eguneroko martxan Elizondoko osasun zentroan duten lan egiteko era ez dela asko aldatu. «Gurean oso jende gutxik hartzen du online ordua».Baina izurriak ekarritako jarduteko era berrien eragina igartzen dute askotan. «Jendeak orain gehiago eskatzen du telefono bidezko arreta; batzuetan, gehiegi. Gauza batzuk telefonoz ezin dira egin», aitortu du. Ordua hartzeko-eta ematen diren aukera ezberdinen inguruan dudak ere ikusten dituzte zenbaitetan osasun zentroan, eta esan du horien ondorioak askotan katebegi ahulenetariko batentzako lan zama direla: «Jende askok ez daki, eta askotan egin behar dute lan hori administrariek, eta nahiko gainezka daude». Horiek horrela, zentzuzkotzat du aldaketa horien gaineko komunikazioaren ardura administrazioak hartzea: «Kenduko lukete lan pixka bat».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.