Osasun zentroetan udan egingo dituzten murrizketak salatu dituzte

Osasun publikoaren aldeko plataformek elkarretaratze bat egin dute Donostian, Osakidetzaren erabakia salatzeko. Murrizketek osasun arretaren kalitateari kalte egiten diotela nabarmendu dute.

Osasun zentroetako udako murrizketak salatzeko elkarretaratzea, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Osasun zentroetako udako murrizketak salatzeko elkarretaratzea, gaur, Donostian. JON URBE / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2024ko ekainaren 15a
16:25
Entzun

Donostiako erdialdean eguerdiro entzuten den sirena hotsak berariaz jotakoa eman du gaur; are, erloju denda batetik datorrela jakinez gero. Aurreko astean jakinarazi zuten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lehen mailako arretako zentroetan Osakidetzak udan egingo dituen murrizketak zeintzuk izango diren: langile kopurua eta ordutegiak murriztuko dituzte anbulatorio eta etengabeko arretako zentro ugaritan. Sindikatuek murrizketak salatu dituzte, baita osasun publikoaren aldeko plataforma herritarrek ere. Gaur eguerdian, DOPA Donostialdea Osasun Publikoaren Alde, Olatu Txuria eta LOOPA Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde plataformek antolatuta, dozenaka lagunek elkarretaratze bat egin dute Donostian, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, murrizketa horiek salatzeko.

«Osasun zentroetako langile kopurua eta ordutegiak murrizteak kalte egiten dio osasun arretaren kalitateari. Gainera, horren eraginez, ospitaleetako larrialdi zerbitzuek gainezka egiten dute. Geure arretaren kalitatea behera doa, eta egunero ikusten dugu», salatu du Itziar Mujika erizainak, plataformen izenean.

Murrizketen datuak ere gogorarazi dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden 339 zentroetatik 126k izango dute murrizketaren bat, hots, %35,10ek. Lehen mailako 72 zentrok ixteko ordua aurreratuko dute; gehienek 17:00etan utziko diote zerbitzua eskaintzeari, 20:00etan itxi beharrean. Beste 44 zentro itxita egongo dira udako egun batzuetan, eta hamar itxi egingo dituzte uda osoan. Baliteke zentro gehiagotan izatea murrizketak, 58tan oraindik ez baita zehaztu lanaldien eta ordutegien behin betiko plangintza.

Osakidetzaren esanetan, arta eskaera apalagoa izaten da «eguraldi ona nagusi den garaietan eta arnas aparatuko gaixotasun gutxiago izaten denean», eta horregatik erabaki dute murrizketa horiek egitea. Ez daude ados osasun publikoaren aldeko plataformetakoak, ordea. «Aitzakia moduan zera erabiltzen dute: udan langileek oporrak hartu behar dituztela. Hori baino ez zitzaien falta: oporrak ere ez ematea. Noski, langileek beren eskubideak dituzte, baina osasuna, zer? Ez gara udan gaixotzen? Esaten digute jende asko joaten dela kanpora. Egia da, baina zenbat jende etortzen da kanpotik hona? Pertsona horiek ez dira gaixotzen? Larrialdi zerbitzuak kolapsatu egiten dira guztiz. Aitzakia hori lehenagotik dator, eta egoera nahiko larria da», nabarmendu du Kontxi Rebollok, DOPAko kideak.

«Gezurra»

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan Osakidetza eta osasun publikoaren defentsa puri-purian egon ziren, eta «gezurra» esan izana leporatu diete alderdi politikoei. «Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSE-EE alderdiek esan digute haientzat osasungintza oso garrantzitsua dela. Konponduko dutela dena, eta oso ondo egingo dutela. Hori pasatu ondoren, murrizketa handiak egiten ari dira osasun zentroetan eta etengabeko arretako guneetan. Ziria sartzen ari direla iruditzen zaigu», adierazi du Rebollok.

Ekainaren 20an Eusko Legebiltzarrean egingo dute hurrengo lehendakariaren inbestidura saioa, eta aurreratu dute eraikinaren kanpoaldean egongo direla, «denontzako osasun publikoa, euskalduna, parekidea eta kalitatezkoa» defendatzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.