Erietxeetan dauden pazienteak ezin dira geletatik atera, eta pertsona bakar baten bisitak jaso ditzakete; aurrez frogatu beharko da, gainera, pertsona horiek ez dutela hilabeteotan Txinatik mundu osora zabaldu den koronabirusak eragindako COVID-19 eritasunarekin lotutako inolako sintomarik. Beste hainbaten artean, araubide horiek zabaldu zituen atzo Osakidetzak bere ardurapeko osasun zentroetan, eta langile guztiei eskatu zien, halaber, «zorrozteko» birusaren hedatzea saihesteko prebentzio neurriak: eskuak sarri-sarri garbitzeko esan zien, behar den kasuetan ahoa tapatuta jarduteko lanean, eta, kasu susmagarriren bat antzemanez gero, ongi babesteko. Langile guztiei adierazi die, halaber, gaitzaren sintomaren bat badute ez joateko lanera, eta, zantzurik gabe ere, zuhur aritzeko: horiek horrela, esan die bertan behera uzteko aurrez aurre egin beharreko lan eta trebakuntzarako saioak, edota teknologia berriak erabiliz egiteko bestela, zuzeneko kontakturik izan gabe. Osakidetzak bertan behera utzi ditu Gasteizko eta Donostiako ospitaleetako praktikaldiak, eta, gomendio horiei atxikita, osasuneko profesionalek hainbat topaketa akademiko ere ez egitea erabaki dute.
Birusaren hamabi kasu daude baieztatuta Euskal Herrian; eri horien gertukoei egin behar zaizkien azterketei atxikita beste dozenaka pertsona ikertzen ari dira osasun zerbitzuak, eta indartu egin nahi dituzte birusaren garapena hesitzeko ahaleginak; gainerakoan, kasuen ugaritzea arindu egin daiteke. Erietxeetan ez ezik, bestelako osasun zentroetan ere indarrean daude prebentzio neurriak, eta, atzo, adibidez, Olarizuko osasun zentroa itxi egin zuten Gasteizen; soilik larrialdi kasuak artatu zituzten.
Hamar gaixo daude Osakidetzaren zaintzapean; beste biak Osasunbideak atzeman ditu. Jende asko dago Nafarroako kasu horrekin adi-adi; izan ere, larri dagoen emakume bat da; COVID-19 koronabirusak ez ezik, gripearen birus batek ere erasan duela esplikatu dute, eta korapilatu egin dela haren egoera. Atzo, hala ere, egonkor zegoen. Nafarroan atzo atzeman zuten kasuarekin lotuta dago; familia erlazioa dute biek. Osakidetzak erabaki du atzeman dituen kasuak beren etxeetan artatzea; guztiak ere ondo bidean doazela adierazi du. Osasunbideak diagnostikatutakoak erietxean daude. Paziente guztiak daude bakartuta. Bakartzetik atera ahal izango dira birusa atzemateko bi testetan negatibo eman ostean; hala zehaztuta dago birusari aurre egiteko ezarri dituzten protokoloetan.
Espainiako eta Frantziako Osasun Ministerioekin harremanetan daude Euskal Herriko osasun arduradunak. Espainiako Ministerioak 120 kasu atzeman ditu dagoeneko; puntu «jakin» batzuetan egoera arazotsua izan daitekeela adierazi du, eta horien artean sartu du Gasteiz. Frantzian ere 190 kasu baino gehiago dituzte zerrendatuta, eta neurriak hartzen ari dira osasun agintariak. Besteak beste, galarazi egin dituzte 5.000 lagun baino gehiago hartzen dituzten toki itxietan egiten diren jarduerak. Espainiako osasun agintariek ere onartu dute apika era horretako neurriak hartu beharko dituztela; aztertzen ari dira. Izan ere, orain epidemiologiaren arloan hartu beharreko neurrietan dago jarrita indarra, eta kasuen jatorria ezagutzeak arduratzen ditu, bereziki, arloko adituak; non kutsatuak diren ez badakite, aparteko kezka eragiten diete, birusa era kontrolagaitzean zabaltzen ari dela erakusten baitiete halakoek. Espainiako Osasun Ministerioak aparteko larritasuna du Gasteizko egoerarekin, hain justu, han argitzeko dagoelako zein den kasu baten jatorria, eta duda sortzen duelako.
Txagorritxuko kasuak
Osasun arloko profesional hainbat erasan ditu gaitzak Euskal Herrian, eta langileen ordezkariak kexu dira. ELA sindikatuak salatu du Osakidetzak «gaizki eta berandu» heldu diola koronabirusaren gaiari, eta «arriskuan» jarri dituela osasun zerbitzuko langileak. Protokoloak ezartzeko era «geldoa» izan dela esan du, eta neurriak «berandu» heldu direla. Datuak eman ditu, adibidez, Gasteizen argitzeko dagoen kasuaren inguruan; Txagorritxuko erietxeko medikua dela esan du, eta lehengo astean lanean aritu zela, gaitzaren sintomak izan arren. Erietxeko arduradunek horren berri bazutela esan dute ELAko ordezkariek, baina ez zela hartu inolako neurririk. «Izugarria da mediku bat gaitza hedatzen aritzea eta, sintomekin ere, lanean uztea», deitoratu dute.
Gaixo nola dagoen, haren inguruko hainbat lankide lan egin ezinik daudela esan dute ELAko arduradunek, eta langile eskasia handia dagoela orain Txagorritxun. Erietxe horretan gaitzak izan duen hedaduraren erakusgarri, beste albiste bat ere heldu zen atzo; Errioxan (Espainia) atzeman duten lehen kasua ereospitale horretako langilea da. LABek eta UGTk ere neurriak eskatu dituzte beharginak babesteko.
Koronabirusa. Erakundeen neurriak
Osasun zentroetan indarrean dira hainbat neurri birusa ez hedatzeko
Osakidetzak erietxeetako pazienteei adierazi die geletatik ez ateratzeko; bisitak murriztu egin dizkie. Hamabi kasu baieztatu dituzte. Espainiako Ministerioak Gasteiz leku arazotsuenen artean sartu du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu