OPA plataforman baturik, osasun publikoaren aldeko taldeek Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren «kanpaina mediatikoa» salatu dute: «Gotzone Sagardui sailburuak ukatu egin du euskal herritarren eta osasun arloko langileen ezinegona, eta 'ingurune soziopolitikoari' egotzi dio». Sailburuak «lankidetza publiko-pribatuari» buruz esandakoak ere kritikatu dituzte. Horiek horrela, azaroaren 11n osasun publikoaren alde egitekoak diren mobilizazioetan parte hartzera deitu dute: Donostian, Bilbon eta Gasteizen egingo dira.
Plataformak aditzera eman duenez, «propaganda plan hutsa» egiten ari da Jaurlaritza, herritarrak «nahasteko eta engainatzeko» pentsatua: «Propagandaren bigarren helburua osasunaren negozioarekin irabaziak lortzen dituzten enpresen aldeko eraispen progresiboaren ondorioak estaltzea da». Zenbait adibide jarri dituzte: «Iraunkortasunaz hitz egiten dutenean, murrizketak egiteaz ari dira benetan; enplegua sortzeaz mintzatzen direnean, enplegu publikoa suntsitzeaz ari dira, enpresa pribatuetan postu prekarioak sortzeko; hobekuntza teknologikoak aipatzen dituztenean, arreta prekarioa emateaz eta eten digitala handitzeaz ari dira; lankidetza publiko-pribatua aipatzen dutenean, esan nahi dute osasun pribatua diru publikoarekin finantzatu nahi dutela, osasun publikoa ahulduta, pribatizazioaren beharra justifikatzeko».
Osasun sistemaz «manipulazio mediatikoa» egitea egotzi diote Sagarduiri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu