Koronabirusa. Zahar etxeak

«Osasun sisteman utzita eduki ditugu egoitzak»

Koronabirusa atzemateko probak «hilabete berandu» egiten ari dira adinekoen egoitzetan, mediku batek BERRIAri azaldu dionez. Birusa hedatu egin da zentroetan, eta langileak «gainezka» daudela salatu du.

Langile bat, babestuta, Erruki Etxearen barruan. IÑIGO URIZ / FOKU.
Maite Asensio Lozano.
2020ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Pandemia bat kudeatzea berez erokeria bat da, eta olatuak ezustean harrapatu gaitu: bete-betean jo du osasun sistema». Izenik eman nahi ez duen mediku baten hitzak dira; Bizkaian dihardu, etxez etxeko arretan, eta ezintasunez mintzatu da COVID-19ak eragindako krisiak adinekoen egoitzetan izan duen inpaktuaz: «Bagenekien foku bat zirela, baina osasun sistema ospitaleetan eta ZIUetan zentratuta jardun da, eta berandu begiratu diegu zahar etxeei; utzita eduki ditugu».

Osagileak azaldu duenez, martxoaren erdialdean proba gutxi batzuk egin zituzten zahar etxeetan. Hasieratik sumatu zuten bertako langileen bakardadea: «Egoitzetara deitzen genuenean, esaten ziguten: 'Eskerrak norbaitek deitu digula'». Deitoratu du ez dela izan estrategiarik zahar etxeetan birusa detektatzeko: «Osakidetzan, martxo amaieran landu dira lehen protokoloak egoitzei begira, pandemiak lau aste zeramatzanean. Eta orain hasi gara testak masiboki egiten. Neurria hilabete berandu dator: zentro batzuetan %50 eta %70 daude kutsatuta; erakundeek aitortu duten baino kasu gehiago atzeman ditugu guk».

Zahar etxeetan ikusi dituen egoera batzuekin ere kezkatuta dago: «Langileak aritu dira gune batean egoiliarrei jaten ematen eta eskularruak aldatu gabe beste gune batera sartzen. Gainezka dabiltza, eta ez dute trebakuntzarik, ezta baliabiderik ere». Beharginen sufrimenduaren lekuko izana da bera: «Haiek ere biktima dira; etengabe kutsatzen ari dira, eta gaixotzen ez direnei lan zama handia geratzen zaie. Ahal dutena egiten ari dira».

Koronabirusak eragindako krisiak azaleratu egin du osasun sistemaren eta zahar etxeen artean dagoen hutsune hori, baina medikuak zehaztu du ia berezkoa dela: «Egoitzak zentro sozialak dira, ez sanitarioak, baina egoiliarrek osasun premiak dituzte. Bertako medikua astean arratsalde batean baino ez bada joaten, astia izango du denak artatzeko? Nahikoa da arreta horrekin? Osasungintzatik ere ez gara oso proaktiboak izan besterik bultzatzeko».

Plangintzaren beharra

Edonola ere, adinekoen egoitzak luzaroan izango dira kezka iturri, osagilearen ustez. «Datorrenak» ezinegon handia eragiten diola aitortu du: «Adinekoak ere konfinatuta egongo dira bi hilabetez: bakarrik, ia kontakturik gabe, eta logelara sartzen zaizkienak jantzi arraro batzuekin ikusten dituzte. Nola ulertuko dute hori guztia, adibidez, gaitz jakin batzuk dituztenek? Birusak ez ezik, konfinamenduak ere ondorio larriak izan ditzake haiengan». Gainera, aurrerantzean ere egoiliarrek zaintza berezia jaso beharko dute, kutsatzeak eragozteko: «Eta ez dago plangintzarik horretarako».

Hala, mezu bat igorri die erakundeei: «Orain arte gauza asko egin dira txarto, baina oraindik asko dago egiteko; beraz, hemendik aurrera mimo berezia jarri beharko genuke egoitzetan. Ondo pentsatu behar dugu nola eragotziko ditugun kutsatzeak datozen hilabeteetan, eta nola aterako ditugun bakarralditik positibo eman dutenak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.