Osasun sistema publikoan lanbide karrera zabaltzeko legea onartu du Nafarroako Parlamentuak

3.303 osasun langileri eraginen die neurriak, eta, hari esker, sariak jasoko dituzte titulazioak lortzeagatik, ikerketagatik, helburuak betetzeagatik edo euskaraz jakiteagatik. Vox ez beste alderdi guztiek aldeko botoa eman dute.

Fernando Dominguez kontseilaria, gaur, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
Fernando Dominguez kontseilaria, gaur, Nafarroako Parlamentuan. JESUS DIGES / EFE
Ion Orzaiz.
IRUÑEA
2024ko irailaren 19a
12:30
Entzun

Osasun langileentzako karrera profesionala orokortu nahi du Nafarroako Gobernuak sare publikoan. Sindikatuen aspaldiko eskaera da, eta Nafarroako Parlamentuan gaur onartutako legeari esker, Osasun Departamentuko 3.303 profesionali ezarriko zaie: Osasunbideko C eta D mailako 3.259 langileri —A eta B mailakoei ezarria zieten jada— eta Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuko 44ri. Onuradunen artean dira erizaintzako teknikari laguntzaileak, erradiodiagnostikoko eta farmaziako profesionalak, zeladoreak eta laborategiko langileak.

Lanbide karrera hedatzeari esker, sektore horietako langileek aukera izanen dute beren soldata hobetzeko eta formakuntza jasotzeko, zenbait faktoreren arabera. Baloratuko da, besteak beste, langileek postuan daramaten denbora eta ezarri zaizkien helburuak bete izana. Horrez gain, aintzat hartuko dituzte osasun titulazio espezifikoak, ikerketak egitea eta, kasuan-kasuan, euskara titulazioa izatea. Orain arte, A eta B mailako osasun langileek soilik zuten horretarako aukera: fakultatiboek eta espezialistek, oro har.

Fernando Dominguez Osasun kontseilariak parlamentuan esan du «hainbat hilabetez eginiko lan gogor baten emaitza» dela lege berria, eta «kontsentsuan» duela oinarria. Izan ere, iazko osasun greban, LAB eta UGT sindikatuekin adostutako helburuetako bat izan zen, hain zuzen, lanbide karrera zabaltzea eta horri oinarri juridikoa emanen dion lege bat ontzea. Hain zuzen, bi sindikatu horiek txalotu egin dute neurria, baina, C eta D mailako osasun langileei ez ezik, «osasun sistema publikoko langile guztiei ere ezartzeko» galdegin diote Nafarroako Gobernuari.

Dominguez kontseilariak onartu du legea «berandu» datorrela askorentzat, eta «neurri ausartagoak» eskatu dizkietela, eta prest azaldu da lanbide karrera zabaltzen segitzeko: «Gobernuak dituen baliabideak mugatuak dira, eta horrek mantsoago lan egitera behartzen gaitu. Hortaz, legea berandu dator, baina lorpen handia da, langileentzako hobekuntzak dakartzan heinean. Lanean segituko dugu, gainerako profesionalak ere zerrendara gehitu ahal izateko», adierazi du Nafarroako Parlamentuan.

Alderdiak pozik, ñabardurekin

Nafarroako Parlamentuko alderdi ia guztiek babestu dute osasun sistema publikoan lanbide karrera orokortzeko legea —Vox izan da kontrako botoa eman duen bakarra—. UPNren izenean, Leticia San Martinek esan du gaur onartutako legea «urrats garrantzitsua» dela Nafarroako osasun langileen lan baldintzak «beste autonomia erkidego batzuetako profesionalek dituztenekin parekatzeko». Hala ere, argitu du honako hau ez dela «UPNri gustatuko litzaiokeen legea», besteak beste, kanpoan utzi dituztelako «mediku, erizain eta farmazialari egoiliarrak».

PSNko Maite Esporrinek zoriondu egin ditu legean parte hartu duten eragile guztiak, eta esan du gaurkoa «egun handia» dela Nafarroako osasun sistema publikoarentzat: «Aurrera urrats nabarmena da, Osasunbideko langileen aukera berdintasunerantz». Azpimarratu du, halaber, honako hau «hasiera» baino ez dela, eta gobernuaren xedea dela lanbide karrera «osasun sistemako lan esparru guztietara zabaltzea».

EH Bilduren izenean, Txomin Gonzalezek gogoratu du lanbide karrera ezartzeko bidea «27 urteko oztopo lasterketa» izan dela, eta pozik azaldu da, lege berriari esker, hura orokortzeko aukera zabaldu delako. «Urrats garrantzitsua da, baina tarteko urrats bat, finean. Ez gara helmugara iritsi». Gogorarazi du, bestalde, UPNk ezarri zuela lanbide karrerako eredu «zurrun eta zaharkitu» hau: «Ez da gure eredua». Halaber, oraingo gobernuari egotzi dio bide horri eutsi izana, «hobekuntzarik ezarri gabe».

Antzeko argudioak eman ditu Isabel Aranburuk, Geroa Baiko legebiltzarkideak. Legea onartu izana txalotu du, «urteetako diskriminazioa konponduko duelako»; hala ere, gehitu du legea «motz» geratzen dela, bazter utzi dituelako zenbait profesional.

Era berean, Zurekin Nafarroa koalizioko Daniel Lopezek azaldu du bere taldeak nahiago lukeela «bestelako lege eredu bat» aurkeztu izan balitz, baina onartutako proiektuaren aldeko botoa eman duela, «mahai sektorialean adostutakoa delako». PPk, azkenik, «ongietorria» egin dio proposamenari, «diskriminazio egoera bati konponbidea emango diolako».

LABen elkarretaratzea, Nafarroako Parlamentuaren kanpoaldean, karrera profesionala langile guztiei ezartzea eskatzeko. JESUS DIGES / EFE
LABen elkarretaratzea, Nafarroako Parlamentuaren kanpoaldean, karrera profesionala langile guztiei ezartzea eskatzeko. JESUS DIGES / EFE

LABen elkarretaratzea, kanpoaldean

Parlamentuan osasun langileentzako lanbide karrera arautzen duen legea eztabaidatzen zuten bitartean, LABek elkarretaratzea egin du kanpoaldean. Sindikatu abertzaleak txalotu egin du legea onartu izana, eta «urrats historikotzat» jo du, baina Nafarroako Gobernuari galdegin dio neurria zabaldu dezala, langile ez-sanitarioen baldintzetan ere eragite aldera.

«Osasun publikoaren sektorean azken hamarkadetan lortutako akordiorik onena» dela esan du Imanol Karrerak, LABeko Nafarroako bozeramaileak. «Mobilizazio eta grebei esker lortutako garaipena da, sindikatu batzuek kontrako jarrera erakutsi duten arren». Legeak ekarriko dituen onurei buruz, Karrerak esan du langileentzako «hobekuntza ekonomikoaz harago» doala neurria. Beste asko ere bada: «Langileek beren lanerako ezinbestekoa duten formakuntza jaso ahal izanen dute; gainera, lehen ez bezala, lege honek bermatuko du formakuntza eginen dela sare publikoan. Hori oso garrantzitsua da, orain arte, sindikatu jakin batzuen bitartez soilik jaso baitzitekeen formakuntza. Gizarteak, gainera, zerbitzu hobea jasoko du, langileak prestatuago egongo baitira».

Nafarroako Gobernuari eskatu dio lanbide karrera «are gehiago heda dezala», osasun langile ez diren funtzionarioak ere hartzeko. Karrerak iragarri du, ordea, «negoziazioak abian direla» jada sindikatuen eta administrazioaren artean, eta akordio zabalago bat espero dutela «urri bukaerarako edo azaro hasierarako». Nafarroako Gobernua prestatzen ari den osasun lege berriari buruz, LABeko ordezkariak esan du «datozen hilabeteetako erronka nagusia» dela, eta ez daudela pozik Osasun Departamentuak orain arte helarazi dizkien zirriborroekin: «Aurreproiektua jaso eta irakurri dugu, eta azterketa sakonago baten faltan, esan dezakegu gure balorazioa ez dela ona». Karreraren irudiko, osasun sistema publikoa indartzeko bide bakarra da legean jasotzea «langileen interesak eta gizartearen beharrak», eta horretara premiatu du gobernua.

Azkenik, UGTk eta SAE erizainen sindikatuek ere txalotu egin dute lanbide karrera hedatzeko legea onartu izana, eta iragarri dute lanean segituko dutela «karrera profesionala beste eremu batzuetara zabaltzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.