Atzo 19:00etarako zuen deia egina Nafarroako Osasun Plataformak, eta izan zuen segida. Ehunka pertsona elkartu ziren Iruñean Osasungintza publikoa defenda dezagun aldarria ozentzera, eta, helburu hori gogoan, osasun sistema publikoan ari diren profesionalen lan baldintzen aldeko mezuak ere plazaratu zituzten. Eragile ugarik egin zuten bat protestarekin; tartean osasun sistema publikoan ordezkaritza duten sindikatuek.
Aspaldiko kezka da osasun sistema publikoaren sendotasunaren gainekoa, eta izurriarekin batera areagotu egin da. Besteak beste, lantaldeak trinkotzeko eta handitzeko eskatu zuten atzoko mobilizazioan, eta murrizketak bertan behera uzteko. Pandemiak osasun sistema hobetzeko «aukera» izan behar zuela esan zuten, baina ez dela baliatu.
Izurriarekin arta telematikoak asko zabaldu dira, eta osasun plataformako kideek uste dute pazienteekin jarduteko era horiei neurria hartu behar zaiela: bide horretan, aurrez aurreko arta berriz indartzeko ere eskatu dute, eta ratio «errealak» nahi dituzte, profesional bakoitzak behar adina denbora eskaini ahal izateko pazienteei. Bide horretan eskatu dute, halaber, administrazioko langileak gehitzea, kalitatezko arreta bermatzeko. Lehen mailako artako egoerari ari zaizkio erreparatzen, bereziki; izurriari aurre egiteko egin behar izan diren lanen ondorioz, eginkizunak «ugaritu» egin dira osasun zentroetan, eta uste dute horrek ekarri duen egoeraren araberako neurriak behar direla. Osasun sistema publikoa behar bezala babeste aldera, osasunaren «negozio pribatuaren finantzaketa aurrekontu publikoekin» egiteari uzteko ere eskatu dute, eta «sistema publiko soziosanitario bat integratzea eta garatzea» ezinbestekotzat dute.
Manifestazioaren amaieran irakurri zuten oharrean nabarmendu zuten Nafarroak behar duela osasun lege berri bat; osasun sistema publikoa «blindatzeko eta hobetzeko» tresna izan beharko lukeela uste dute, eta lege hori ontzeko prozesuan gizarteko hainbat eragilek hartu behar luketela parte. Izan ere, uste dute hainbat «behar» bete gabe daudela egun, eta horiek ere aintzat hartzeko bidea egin behar dela, herritarrei hitza emanda. Osasun Departamentura egun bideratzen diren diru sailak ez direla handitu deitoratu zuten, eta horrek osasun sistema pribatua hauspotzea eta trinkotzea dakarrela.
Kezka orokorra
Osasun publikoa indartzeko eskeak bestela ere ugariak dira. Urtarrilaren 23an protesta jendetsuak egin ziren Bilbon, Gasteizen eta Donostian; salatu zuten Osakidetzako lehen mailako osasun arretako sistemaren «kolapsoa», eta horri aurre egiteko neurriak eskatu zituzten. Sindikatuek egindako mobilizazioa izan zen hura, eta orduan ere nabarmendu zuten kezka ez zela berria; izurriaren aurretik ere agerikoa zen artaren gaineko ezinegona, eta langileen lan baldintza kaskarrekin lotzen zuten. Izurriarekin, arazoak gordindu egin dira.
Eta protestek ez dute etenik Osakidetzan; hilaren 25ean grebarako deia eginda dute lehen mailako zentroetan, 26an manifestazioak egitekoak dira, eta 28an grebarako deia eginda dago sistemako maila guztietan.
Osasun sistema publikoa indartzeko mezua ozendu dute Iruñeko kaleetan
Nafarroako Osasun Plataformak antolatu du protesta. Eskeen artean, osasun lege berri bat, «behar» guztiei erantzuteko propio garatutakoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu