Eusko Jaurlaritzaren Tolosaldeko ospitalearen proiektua kritikatu dute eskualdeko 30 alkatek

Esan dute badirela alternatibak, Asuncion klinika publifikatzea, esaterako, baina ez dutela oztopatuko Jaurlaritzaren proiektua.

TOLOSALDEKO ALKATEAK
Tolosaldeko bost alkate, gaur egin duten prentsaurrekoan, Tolosako osasun etxearen atarian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
inaut matauko rada
Tolosa
2024ko otsailaren 5a
12:40
Entzun

Tolosaldeko (Gipuzkoa) 31 alkateetatik 30en izenean, eskualdeko osasun arretarekin «kezkatuta» daudela adierazi dute gaur Tolosako, Ibarrako, Asteasuko, Alkizako eta Bidania-Goiazko alkateek –Larraulgoa da bat egin ez duena–. Izan ere, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuarekin izan dituzten azken bileretan, sailburuak eskualdeko ospitale publiko berriaren proiektua azaldu die alkateei, eta hauek adierazi diote kokapenak hainbat «kezka» sortzen dizkiela.

Eusko Jaurlaritzaren Plan Funtzionalaren arabera, Tolosako Iurramendi auzoan egin nahi dute ospitalea, suhiltzaileen egoitzaren pareko aparkalekuan. Ez daude guztiz ados eraikina hor egitearekin, Igor Zapirain Ibarrako alkateak adierazi duen moduan: «Ikastola handi bat dago ondoan, baita 11.000 bazkide dituen kiroldegi bat ere. Bestalde, ondoan dago N-1 errepiderako eskualdeko sarbide nagusietako bat ere. Orduan, gure azterketak egin behar ditugu zer trafiko egoten den jakiteko, eta ospitale berri bat beharko balitz, guk ere beste kokaleku bat mahai gainean jartzeko».

«Azken hiru urteetan inbertsio handiak egin dira Asuncion klinikan; ospitale moderno bat dugu, eta gutxienez eskatzen dugu publiko egitearen aukera hori aztertzeko».

ANDU MARTINEZ DE RITUERTO Tolosako alkatea

Izan ere, duela ia hogei urtetik Tolosako Asuncion klinikarekin hitzarmena du Osakidetzak zerbitzu publikoa emateko. Alkateen ustez, ospitale berriaren proiektuaren alternatibetako bat da klinika hori guztiz publiko egitea. «Azken hiru urteetan inbertsio handiak egin dira Asuncion klinikan; ospitale moderno bat dugu, eta gutxienez eskatzen dugu publiko egitearen aukera hori aztertzeko», adierazi du Tolosako alkateak, Andu Martinez de Rituertok. Hala ere, Martinez de Rituertok nabarmendu du ez diotela oztoporik jarriko Eusko Jaurlaritzaren proiektuari.

Tolosaldeko herritar askoren aldarrikapen historikoa da eskualdean ospitale publiko bat izatea. Ia 50.000 biztanleri ematen dio zerbitzua Tolosaldeko erakunde sanitario integratuak (ESI), eta alkateek salatu duten moduan, urteak daramatzate «bigarren mailako arretarekin».

Finantza azterketa

Nahiz eta, alkateek azaldu duten moduan, Osasun Sailak ospitale berria egiteko erabaki «irmoa» duen, Alkizako alkateak, Iñaki Irazabalbeitiak, finantza azterketa bat galdegin du, ospitale berriaren proiektua eta Asuncion klinika publiko bihurtzea alderatzeko.

2029

Ospitale berria zer urtetan irekitzea espero duten Eusko Jaurlaritzak aurtengo aurrekontuetan sartuko du proiektua idazten hasteko diru saila, eta ospitaleko ateak 2029an irekitzea espero dute.

Izan ere, Pili Legarra Asteasuko alkateak adierazi duenez, Tolosaldean langile gehien dituen enpresa da Asuncion klinika (350), eta uste dute hori ere kontuan hartu behar dela, arazoak egon baitaitezke beste ospitale bat egiten bada.

Ibarrako alkateak esan du hainbat esparrutako profesionalekin bilduko direla Osasun Sailaren proiektua aztertzeko eta alternatibak aurkezteko.

Ospitale berria, 2029rako

Alkateek azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak aurrera egingo du Iurramendiko ospitalearen proiektuarekin. Antza, 2024ko aurrekontuetan proiektua idazten hasteko diru sail bat onartuko dute, eta espero dute ospitalea 2029. urterako amaituta egotea. Ordura arte, Osakidetzak Asuncion klinikarekin duen hitzarmena luzatuko dute.

Ospitaleak emango dituen zerbitzuei buruz ere galdetu zioten alkateek Sagarduiri, eta sailburuak adierazi zien iaz aurkeztutako Plan Funtzionalean jasotakoak izango direla. Hori dela eta, alkateek salatu dute ez dutela ekarpenik egiteko aukerarik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.