Osasun publikoaren aldeko plataformek manifestazioak egingo dituzte otsailaren 1ean

Bilbon, Donostian eta Gasteizen izango dira. Benetako konponbideak eskatuko dituzte osasun sistema publikoarentzat.

OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformen agerraldia, Gurutzetako ospitalearen aurrean. OPA
OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformen agerraldia, Gurutzetako ospitalearen aurrean. OPA
jakes goikoetxea
2024ko abenduaren 18a
15:45
Entzun

«Osasun eskubidea arrisku larrian dago. Eusko Jaurlaritzak aurrera jarraitzen du osasun sistema publikoa desegiteko estrategian». Egoera hori ikusita, OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak hiru manifestazio antolatu ditu hurrengo urteko otsailaren 1erako, Bilbon, Donostian eta Gasteizen. Leloa: Osasun publikoaren defentsan, promesa gehiagorik ez! Konponbide errealak orain!. Sistema pribatizatu baten alde egitea egozten diote Eusko Jaurlaritzari.

Plataformak agerraldia egin du gaur Gurutzetako ospitalearen aurrean (Barakaldo, Bizkaia), manifestazioak iragartzeko.

OPAren iritziz, egoera bereziki larria da lehen arretan, ordutegiak murrizten ari direlako, osasun etxe batzuk itxi dituztelako, medikuak falta direlako eta langileek gainkarga dutelako. «Horren eraginez, irisgarritasuna, unibertsaltasuna, zeharkakotasuna, arretaren jarraitutasuna, ekitatea eta orientazio komunitarioa galtzen dira», ondorioztatu dute.

Uste dute osasun publikora bideratutako aurrekontua nabarmen handitu beharko litzatekeela osasun sistema publikoa sakonki eraldatu nahi izanez gero. Osakidetzaren finantzaketa eskasa da, haien iritziz, haren narriaduraren arrazoi nagusietako bat. Egoera ez dela aldatuko diote: «2025erako aurrekontuan ez da aurreikusten igoera hori». Gainera, salatu dute Eusko Jaurlaritzak gero eta diru gehiago bideratzen duela enpresa pribatuetara aurrekontua handitu beharrean, eta ez duela eredu hori zalantzan jartzen.

«Norabide aldaketa»

«Osasun sistema publikoak premiazko norabide aldaketa behar du», OPAren iritziz. Aldaketa sakonak eskatu dituzte hori lortzeko: pribatizazioak baztertzea, osasun publikoari baliabide gehiago ematea, lehen arreta indartzea, langileen lan baldintzak hobetzea eta kudeaketa eredu gardena eta parte hartzailea ezartzea.

Promes asko egitea baina egiturazko arazoak konpontzeko ekintza zehatzik ez gauzatzea egotzi diote Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuari. «Murrizketek eta pribatizazioek bere horretan jarraitzen dute, ordea».

Egoerari modu bateratuan erantzuteko antolatu dituzte manifestazioak. Hurrengo asteetan osasun publikoaren aldeko eragileekin bilduko dira, haien atxikimendua lortzeko eta, hala, manifestazioekin bat egin dezaten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.