Osasun egoera «hobetzen» ari dela eta, neurriak arintzea erabaki du Frantziako Gobernuak. Otsailaren 28tik aitzina, maskararen erabilpena ez da gehiago beharrezkoa izanen osasun ziurtagiria eskatzen duten leku itxietan. Ostatuak, jatetxeak, saltokiak eta publikoa hartzen duten bestelako lekuak sartzen dira hor, baina ez garraio publikoak.
Kontaktu kasuek egin beharreko probak ere arindu dituzte. Orain arte hiru proba egin behar izaten ziren; hemendik aitzina, bakarra egin beharko da, kontaktu izan eta bi egunera.
Azkenik, eskoletako protokoloaren arintzea ere iragarri du Frantziako Hezkuntza Ministerioak. Ikasgelatik kanpora maskara erabiltzea ez da baitezpadakoa izanen, eta barneko jarduera fisikoetarako ere ez da beharrezkoa izanen. Haurrek egin beharreko probak ere arinduko dira, eta proba bakarra egin beharko dute, kontaktu izan eta bi egunetara. Otsailaren 21etik aitzina gurasoek ez dute probaren ziurtagiririk erakutsi beharko haurra ikasgelara itzultzeko.