Euskal Herriko hedabide guztietako lerroburuak bere egin ditu osasun mahaiak irailaren 5etik, orduan egin baitzuten lehen bilera Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak eta eragile ugarik: alderdi politikoek, sindikatu askok, patronalak, unibertsitateek, pazienteen elkarteek eta elkargo profesionalek. Gaur egingo dute seigarren bilera, osasun itun bat adosteko prozesuaren erdibidean: bigarren fasea —osasun sistema ardaztuko duten printzipioak eta balioak adostea helburu duena— itxi gabe dute oraindik, eta gaur buru-belarri sartuko dira hirugarrenean —azken fasean—, etorkizuneko estrategiak adosteko.
Erdibidean ez ezik, bidegurutze batean ere badaude: prozesuaren hasieran irudikatutako «adostasun zabala» zalantzan dago, bereziki, aurreko bileran ez baitzuten lortu bigarren fasea ixtea, denetariko desadostasunak zirela medio. «Konturatu gara kanpora gauza bat erakusten dela eta barruan beste bat ikusten dela», zehaztu du Rebeka Ubera EH Bilduko legebiltzarkideak. Ilun dagoena argitzeko saiakera egin dute Uberak, Amaia Mayor SATSE sindikatuko idazkari nagusiak eta Xabier Ugartemendia LAB sindikatuko Federazio Publikoko arduradunak: lerroburuen atzean dagoena kontatu dute, osasun mahaiaren azpian dagoena.
«Foro interesgarria dela uste dut. Ikuspegi guztiak bat etortzea eta eragile guztiek erabaki komun bat hartzea ez da erraza», aitortu du Mayorrek. Kritikoagoa da Ubera: «Ez du eman guk espero genuen beste. Egia da oso baldintzatua eta mugatua sortu dela mahaia, eta horrek ez du lagundu. Guk espero genuen mahaia benetan izango zela osasun sistema publikoa eraldatzeko, baina ikusi da sakontasunean sartzeko zailtasunak daudela: apenas dagoen eztabaidarik».
«Osasungintzaz dakitenen arteko akordio profesional-tekniko bat egin nahi dute. Hori oso agerian geratu da mahaian»
XABIER UGARTEMENDIALAB sindikatuko Federazio Publikoko arduraduna
Ugartemendiaren ustez, EAJren behar baten ondorioa da osasun mahaia: «Eusko Jaurlaritzak aitortu du Osakidetzak arazo bat duela, eta hori ere ondorio bat da. Langileak mobilizatu egin ziren, gizartea mobilizatu egin zen, translazio bat izan zen hauteskunde autonomikoetan, EAJk hori aztertu zuen eta zera esan zuen: ‘Orain arte egindakoa aldatu baino gehiago, aldaketa irudikatu behar dugu’».
Azala eta mamia
Azalaren eta mamiaren arteko aldea nabarmendu dute Uberak eta Ugartemendiak. Lehen bilerara jo du Uberak: «Deigarria egin zitzaidan [Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol] Pradalesek eta [Osasun sailburu Alberto] Martinezek esatea Osakidetza konpontzeko bide bat zela, baina beren hasierako dokumentuan osasun sistemaz hitz egiten zuten, eta osasun sistema publikoa nolabait ahaztuta geratzen zen. Kanpora begira gauza bat esaten zuten, baina barruan bestelako marko bat ezarri».
Horretan bat dator Ugartemendia: «Jaurlaritzaren plana osasun ituna egitea da, ez osasun publikoaren ituna egitea. Confebask osasungintza pribatuaren interesak defendatzen ari da mahai horretan, kolaborazio publiko-pribatu delakoa». Irailaren 5eko bilera hari erreparatu dio Ugartemendiak ere: «Lehen bilerara [EAJren EBBko presidente Andoni] Ortuzar etorri zen EAJtik. Jaurlaritzak azalpenak eman zituen eta eragileak hitza hartzen joan ginen. Hark ez zuen hitz egin. Ordena honetan eseri ginen: alderdiak, sindikatuak, Confebask, unibertsitateak, erabiltzaileak eta elkargoak. Alderdi guztietako kideek hitza hartu zuten, eta zera esan zuen: ‘Sindikatuek hitza hartu baino arinago, zerbait esango dut; bestela, etxean errieta egingo didate’. Zera eman zuen aditzera: ‘Isildu gaitezen alde honetakoak, eta hitz egin dezatela haiek —elkargoek, alegia—, haiek baitira dakitenak’».
Anekdota hori funtsezkoa da osasun ituna erdiesteko prozesua ulertzeko, LABeko kidearen ustez: «Osasungintzaz dakitenen arteko akordio profesional-tekniko bat egin nahi dute, eta horiek ez diote hainbesteko garrantzirik ematen Osakidetzak publikoa edo pribatua izan behar duen adosteari edo horrelako gaiei. Elkargoek argi utzi dute kolaborazio publiko-pribatua ezin dela ukitu, haiek handik jaten baitute. Hori oso agerian geratu da mahaian».
Mahai hankamotza
Gainera, Uberak salatu du ez dituztela osasun mahaira gonbidatu Osakidetzaren eraldaketa defendatu duten OPA Osasun Publikoa Aurrera herri plataforma, Osatzen eta Osalde elkarteak, eta beste hainbat eragile. «Ez zen txarra izango plataformak han egotea», erantsi du Mayorrek. «Aitzakia moduan esan zuten ezin zietela denei deitu, ezin kudeatuzkoa izango zelako, baina arrazoi beragatik, zergatik batzuei bai eta beste batzuei ez? Lan eremu hori hankamotz jaio da, eta, zerbait hankamotz jaiotzen denean, zaila da benetan emaitza ona izatea», adierazi du Uberak.
Ugartemendiaren iritziz, Jaurlaritzari «enbarazu» egiten dietelako alboratu dituzte eragile horiek: «Albaitarien elkargoa, adibidez, parte hartzen ari da bileretan. Gainera, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako elkargoetako kide bana gonbidatu dute, ez baitago Euskal Autonomia Erkidegoko psikologoen elkargorik».
«Lan eremu hori hankamotz jaio da, eta, zerbait hankamotz jaiotzen denean, zaila da benetan emaitza ona izatea»
REBEKA UBERAEH Bilduko legebiltzarkidea
Metodologiak ere eman du zeresana. Osasun ituna lortzeko prozesuak hiru fase ditu: lehen fasean Osakidetzaren diagnostiko bat egin zuten, bigarren fasean printzipioak eta balioak adosten ari dira, eta hirugarrenean estrategiak zehaztuko dituzte. Fase bakoitzaren hasieran, Eusko Jaurlaritzak proposamen bat egiten die eragileei; gero, eragileek ekarpenak egiten dizkiote agiri horri; eta, bukatzeko, Jaurlaritzak behin betiko dokumentu bat josten du, eta horren alde edo aurka bozkatu behar dute eragileek. «Erdibide bat bilatu behar izan da, eta horrek ikuspegi irekia izatea exijitu digu mahaiko kideei, baita Javier Meana koordinatzaileari ere. Lan ukaezina egiten ari da», esan du Mayorrek.
Ugartemendiak salatu du metodologia ez dutela adostu: «Beraiek ezarri dute, inposatu egin dute, eta jendeak onartu egin du. Guk protestatu egin dugu, eta gure moduan beste batzuek ere bai. Metodologia horren bidez, adostasun oso zabala dagoela irudikatu nahi dute».
«Hitzordu itsu bat»
Izan ere, osasun mahaia «hitzordu itsu batera joatea bezalakoa» dela ohartarazi du Uberak: «Joaten zara, eta ez dakizu gainerakoek zer ekarpen egingo dituzten. Jaurlaritzak teorian guztien ekarpenekin dokumentu bat egiten du, eta konfiantzaz jarduten duzu. Nire ustez, ez da egiazko lan eremu bat».
Hitzordu itsu bat ez ezik, «Supervivientes bezalako reality show bat» dela ere gaineratu du EH Bilduko legebiltzarkideak: «Ez bazaude ados, ez zara pasatzen hurrengo fasera».
Ildo horretan, diagnostikoaren fasean boto partikularra eman zuen LABek, baina bide malkartsua egin behar izan zuten horretarako, Ugartemendiak azaldu duenez: «Lehen fasea ixteko bilera baino bi egun lehenago esan ziguten ezin zela boto partikularrik eman: baiezkoa edo ezezkoa eman behar zela. Metodologia bat inposatzen duzue eta gero aldebakartasunez aldatu? Jaurlaritzaren teoria hau da: dokumentu bat baldin badugu 20 boto partikularrekin, dokumentuak pisua galtzen du. Orduan, ezin da boto partikularrik egin. Guk erabaki genuen hiruzpalau puntu zituen boto partikular bat aurkeztea, eta bileran ez ziren ausartu esatera ez dutela boto partikularrik onartzen».
«Oso jende aditua eramango dugu lantaldeetara, aukera bat dela uste baitugu; erizainok ez ditugu horrelako aukerak askotan izaten»
AMAIA MAYORSATSE sindikatuko idazkari nagusia
Mayor, Ugartemendia eta Ubera zerbaitetan bat badatoz, honetan datoz bat: eragileak «oso eskuzabalak» izan dira lehen bi faseetan, hirugarrenera iritsi nahi dutelako, hau da, estrategiak eta neurri zehatzak adostu nahi dituztelako.
Lehen fasea gainditzea lortu zuten. Hirurek nabarmendu dute Jaurlaritzak hasieran egindako proposamena —«datu pilaketa bat, ez diagnostiko bat», Uberaren ustez— dezente aldatzea lortu zutela, eta horregatik pasatu ahal izan zirela bigarrenera. Printzipioak adosteko fasea, ordea, uste baino gatazkatsuagoa izaten ari da. Zergatik? «Ados jartzea zaila da eztabaidetan minimalista edo maximalista jarrera baldin badugu, eta hori gertatu da bigarren fasean», azaldu du Mayorrek.
Pribatizazioa
Ugartemendiak argi du marra gorria pribatizazioa dela: «Pribatizazioaren gaia ez dute inondik inora jorratu nahi». Uberak azaldu du «logikoa» dela korapiloak fase horretan agertu izana, «daukazun begiradaren arabera eredua bata edo bestea delako». Hala ere, zera argi du: «Hirugarren fasean gustatuko litzaidake benetan orain arte egin ez diren eta bai edo bai egin behar diren eztabaidak egitea. Guretzat, funtsezkoa da publikoaren eta pribatuaren arteko harremana ondo zehaztea eta mugatzea: ez dadila izan osasun sistema publikoa ahulduko duen harreman bat, bitartekoak pribatura bideratuko dituena».
Ezkorragoa da LABeko kidea: «Mahaia nola joan den ikusita, ez dira dokumentu batean planteatuko Osakidetzak behar dituen eraldaketak».
Mayorrek, berriz, itxaropena du: «Oso jende aditua eramango dugu lantaldeetara, aukera bat dela uste baitugu; erizainok ez ditugu horrelako aukerak askotan izaten. Ez dugu aukera hau galdu nahi izan; izan ere, erizain asko gara osasun sistema publikoan, baina oso gutxi gaude erabaki postuetan».