Osasun larrialdia ezarriko du Jaurlaritzak

Gotzone Sagarduik esan du Auzitegi Gorenean abian duten auzibidearen ebazpenaren zain zeudela; orain, hori argituta, larrialdia noiz eta nola ezarriko den zehaztea falta da

arantxa iraola
2021eko azaroaren 30a
12:45
Entzun

COVID-19ari aurre egiteko murrizketarik gabeko aroa iragarri zuen irailaren 6an Eusko Jaurlaritzak; osasun larrialdia indargabetu zuen ordura arteko neurrien ardura izan zuen Labi batzordeak, eta hurrengo egunetik bertan behera geratu ziren ordura arte egon ziren neurri gehienak. Baina berriz ezartzeko asmoa dutela esan du gaur Osasun sailburu Gotzone Sagarduik. «Egoerak txarrera egiten jarraitzen du», onartu du. Hainbat datu eman ditu: atzo, adibidez, 1.274 positibo atzeman zituzten, eta 60 ospitaleratze izan ziren COVID-19ak eraginda Osakidetzako zentroetan. ZIUetan ere muga-mugan daude, aurrez neurri zorrotzagoak hartzeko erreferentziatzat hartu zuten kopuruaren atarian: «49 paziente daude». Osasun larrialdia ezartzeko Espainiako Gorenean osasun neurrien inguruan lehengo astean jarri zuten helegitearen erantzunaren zain geratuko direla esan du Osasun sailburuak. Nabarmendu du neurriak «marko juridiko» egoki baten babesean hartze aldera, itxarotea garrantzitsua dela. Ebazpena handik minutu gutxi batzuetara jakin da: ontzat eman ditu osasun ziurtagiria eskatzeko Jaurlaritzak azaldutako irizpideak. Horiek horrela, orain osasun larrialdia noiz eta nola ezarriko den zehaztea falta da.

Bitartean, indarrean dauden neurriak betetzeko eskatu du Sagarduik egin duen agerraldian. «Eta neurriak baditugu». Jendetzak saihesteko, aireztapena bermatzeko, eskuak maiz garbitzeko eta musukoa edonon erabiltzeko eskatu du. Era berean, gogoratu du prebentzio neurriak ezin badira bete, atzeratu edo bertan behera utzi behar dituztela udalek ekitaldiak. Birusaren omikron aldaeraren inguruan esan du oraindik ez dutela kasurik atzeman.

Egoeraren larritasunaren erakusgarri, beste albiste bat ere eman du; «kirurgia jarduerak mugatu» egin ditu Osakidetzak. Premiazko artak bermatuta daudela esan du, baina zailtasunak ditu osasun sistemak. Esan du, hala ere, egun dauden oheak «hirukoiztu» ere egin ditzaketela.

Osasun larrialdia 2020ko martxoaren 14an ezarri zuen estreinakoz Jaurlaritzak. Izurria eragiten ari zen arazoei buruzko albisteak ozentzen joan ziren aurreko egunetan, eta Gobernu Kontseiluak ezohiko bilera batean erabaki zuen Labi Larrialdiei Aurre Egiteko Bideak plana onartzea. Osasun Sailak adierazpen bat onartu zuen aurrena, eta Segurtasunekoak plana aktibatzeko aukera ematen duen agindua eman zuen gero. Iñigo Urkullu lehendakariak bere gain hartu zuen babes zibileko goi zuzendaritza. Ordutik, aparteko garrantzia izan zuten Labiren bileretan hartutako erabakiek, eta izurria ez hedatze aldera, murrizketa ugari ezarri zituzten. Ez zen egun hartan ezarri zen neurri bakarra, ordea, Espainiako Gobernuak, bere aldetik, alarma egoera ezarri zuen. Ondoren, eskumenei buruzko eztabaida askoren sorburua izan ziren bi erabakiak.

Aurrez ere, bertan behera utzita egon da neurria; 2020ko maiatzaren 18an, Urkulluk, bere «erantzukizuna baliatuz», osasun larrialdiko egoera bertan behera utzi, eta beste aro bat ireki zuen: «Zaintza eta kontrolekoa». Abuztuaren 17an ezarri zuen berriro.

Labik bi bilera mota egin zituen indarrean egon zen aurreko aldian. Labi teknikoa deituak izurriaren inguruko datuak aztertu eta ebaluatu zituen; erakundeetako ordezkarien bileretan, berriz, Labi instituzionala deituan, egoera kontrolatze aldera erabakitzen zituzten neurrien berri ematen zuten. Ondoren, dekretu bidez ezartzen zituzten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.