Ezusterik ez aurrekaririk gabeko erabakian: koronabirusa dela eta, atzeratu egin dituzte Eusko Legebiltzarrerako apirilaren 5eko hauteskundeak. Ikusteko zegoen zer formula juridiko erabiliko zen, eta Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta hautagaitza nagusietako ordezkariek erabaki dute lehendakariaren beraren dekretu baten bidez egitea. Urkulluk joan den astean zioen Espainiako Hauteskunde Batzordeari zegokiola bozen atzerapena deliberatzea, baina atzo arratsaldean egindako agerraldian jakinarazi zuen bi «oinarri juridiko» izan dituztela ardatz erabakia hartzeko: Jaurlaritzako Osasun Sailaren txosten bat eta zerbitzu juridikoen beste bat. Urkulluren eta taldeen akordioaren arabera, EAEko osasun larrialdi egoera amaitutzat jo ondoren egingo dituzte bozak, «berehala». Deialdi berria, beraz, ez dute lotuko Espainiako Gobernuak ezarritako alarma egoerarekin. Oraingoz, bi asteko epea dauka alarma egoerak; osasun larrialdiak ez du eperik.
Atzo goizean Gasteizen —Lehendakaritzan— egindako bilera batean ebatzi zuten hauteskundeak indargabetzea, iritzita gaur-gaurkoz ez dagoela botoa emateko nahikoa bermerik osasun eta sufragiorako eskubide aldetik. Lehendakariak azaldu du nahiago izan dutela LOREG hauteskundeen lege organikoa aldatzen hastea baino «bertako tresnak» erabiltzea. Halaber, esan du osasun larrialdia amaitutzat jotzean euskal alderdiekin adostuko dituela EAEko bozak noiz egingo diren eta kanpainak zenbat iraungo duen.
Urkulluz gain, bileran egonziren, taldez talde, Andoni Ortuzar eta Joseba Aurrekoetxea EAJkoak, Maddalen Iriarte eta Arnaldo Otegi EH Bildukoak, Miren Gorrotxategi EP Elkarrekin Podemosekoa, Idoia Mendia PSE-EEkoa, Amaya Fernandez PP-C's-koa, eta Jose Ramon Becerra eta Edurne Baranda Equokoak.
Ohar bateratu bat argitaratu zuten ondoren, akordioaren berri emateko. Idatzian azaldu dutenez, osasun larrialdiaren adierazpenarekin eta alarma egoeran «ezingo dira» Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeak egin, «ez osasun publikorako, ezta botoa emateko eskubidea baliatzeko behar diren bermeekin ere». Ondorioz, erabaki dute bozak indargabetzea. Lehendakariaren dekretua etzi gauerdia baino lehen argitaratuko dute Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian. Hauteskundeen deialdi berria ere haren dekretu baten bidez egingo dute.
Alderdiei «eskertuta»
«Biziki eskertzen dut euskal alderdiek erakutsitako jarrera», aitortu zuen Jaurlaritzako lehendakariak arratsaldeko agerraldian, eta uste du haien »konpromisoaren eta sendotasunaren» seinale dela neurria. Nabarmendu zuen erabakia aho batez hartu dutela, eta akordioak «gizarteari lasaitasun eta segurtasun mezua» ematen diola. «Noraeza izan zitekeen hori argitu egin dugu».
Andoni Ortuzar EAJren EBBko presidentearen esanetan, «zorionekoa» izan da eragileek aho batez lortutako adostasuna, eta gaineratu zuen orain lehentasuna pandemia borrokatzea eta gainditzea dela. «Etorriko da hauteskundeak berme osoekin egiteko garaia».
Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiak adierazi zuen «batasunerako eta elkarlanerako» garaia dela, eta, hala, lehendakariak eta alderdiek «herriakordioa» erdietsi dutela.
EH Bilduren proposamenak
«Duela astebete esan genuen hauteskunde kanpaina eta hauteskundeak bertan behera geratu behar zirela», zioen Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak atzo. «Lehentasun bakarra osasun publikoa da. Erabaki zorrotzagoak hartu beharko lirateke». Proposamen batzuk egin ditu taldeak: erabateko konfinamendua; 150 euroko laguntza kalteberatasun egoeran dauden familientzat; testa egitea arnas infekzio baten sintomak dituzten pertsona guztiei; eta adinekoentzako zentroetan arreta zuzeneko langileen kopurua handitzea berehala.
Elkarrekin Podemosen arabera, erabakirik «zentzuzkoena» izan da hauteskundeak atzeratzea. Izan ere, iritzi dio «agerikoa» zela kanpaina ezingo zela «normal» egin, eta bazitekeela hauteskunde egunean «zailtasunak» egotea segurtasun protokoloak betetzeko, «eta, horrela, kutsatzeko arriskua areagotzea».
Amaya Fernandez EAEko PPko presidenteak ere nabarmendu zuen guztiak ados jarri izana. «Orain albo batera utzi behar dira mugei eta eskumenei buruzko eztabaidak».
Halaber, Alberto Nuñez Feijoo Galiziako Gobernuko presidenteak eta talde politikoek akordioa lortu zuten atzo apirilaren 5erako deituak zituzten hauteskunde autonomikoak atzeratzeko.
Koronabirusa
Osasun larrialdia amaitu arte atzeratu dituzte Eusko Legebiltzarrerako bozak
Urkullu lehendakariak eta talde politikoek aho batez erabaki dute hauteskundeak indargabetzea. «Bermerik» ez dago
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu