Frederic Espenel izanen da Baionako ospitaleko zuzendari berria. 50 urte ditu, eta 20 urte baino gehiagoko esperientzia du ospitaleetako zuzendari gisa. Orain arte haren kargua betetzen zuen Michel Glannes ordezkatuko du. Gaur aurkeztu du bere burua hedabideen aitzinean, eta, Baionako ospitalearen jarduerari buruzko datuak emateaz gain, ospitale publikoari buruz duen ikuspegia ere azaldu du. «Osasun demokraziarako misio bat dugu. Niretzat, osasun publikoari buruzko eztabaida eta adierazpen leku izan behar du ospitaleak». Aitortu du azken urteetan «ezinegon» bat dagoela Frantziako Estatuko ospitale publikoan, eta osasun langileen lan baldintzak hobetzeko elkarrizketa sozialari «garrantzi handia» emanen diola erran du.
COVID-19ak eragindako osasun krisiaren garaian hartu du ospitaleko zuzendaritza Lespedek, eta gaur egun Baionan duten egoeraren berri emateko baliatu du lehen agerraldia. Azken asteetan larrialdi zerbitzuetan beherakada ikusi badute ere, ospitaleratzeetan oraindik «oso ukituak» direla erran du. Era berean, ospitaleko langileen egunerokoan eragin duen aldaketa ere azpimarratu du: ordu kopuru gehiago, atseden egunei begira aldaketak, ordezkapen beharrak... «Osasun krisiak agerian eman du ospitale publikoaren egituratzearen garrantzia. Gogoeta bat behar dugu laneko bizi kalitateari buruz».
«Ezinegon» bat baldin bada ere, «dena ez doa gaizki», Espenelen hitzetan. «Osasun krisiari erantzuteko ospitale publikoak egin duena bikaina da», adierazi du. Azken urteetan, baliabide falta eta lan baldintzen okertzea salatu dituzte osasun langileek, eta mobilizazio andana egin dituzte, besteak beste langile eta ohe gehiago eskatzeko. Espenelen iritziz, lurraldearen errealitatearen eta beharren arabera egin behar da gogoeta. «Batzuetan ohe gehiagoren beharra bada, suspertzean adibidez; baina beti ez da hala. Pragmatikoa izan behar da».
Txertatzeari uko egin izanagatik kargutik kenduak izan diren langileei buruz ere mintzatu da. Kopuru zehatzik ez du eman, baina «arras guti» dira, haren hitzetan; «hamar bat», eta gehienak ez dira osasun langileak. «Ez du ospitalearen funtzionamendua trabatzen.
Larrialdi zerbitzuak
Baionako ospitalearen jardueraren datuak emateko ere baliatu du Espenelek aurkezpen agerraldia. Larrialdetako pasaiak aipatu ditu, besteak beste: 2021ean 58.448 pasaia izan dira ospitaleko larrialdietan, baina horietako %70ek ez dute ospitaleratzerik eragin. Urtarrilaren hasieratik ordainpeko artak dira horiek, eta neurriak izan ditzakeen eragin kaltegarriak salatu dituzte batzuek. Espenelek azpimarratu du ospitalera doan jendea «arta beharra» duelako joaten dela; haatik, ez du txartzat eman Frantziako Gobernuak hartutako neurria. «Larrialdietako artak lehen ere ordaintzen ziren, baina faktura bat baino gehiago jasotzen zituen pazienteak. Egin dena sinplifikatze bat da. Mutualik ez dutenek baizik ez dute ordaindu beharko, eta arras guti dira». Halaber, ez du uste inor ospitalera joateko «frenu bat» izanen denik.
Azkenik, Baionako ospitalean euskarak izan beharreko lekuaz ere mintzatu da kazetarien galderei erantzunez. Orain arte abiatutako lanari jarraipena emateko borondatea agertu du, besteak beste, seinaletikan euskarari lekua emanez. «Lurralde honetako nortasuna egituratzen duen aberastasun bat da, eta sustatzen segituko dugu», adierazi du. «Osasuna giza zientzia bat da. Gizatasunez aberastu dezakeen onuragarria baizik ezin da izan».