Osasun langileen aurkako erasoek gora egin zuten iaz Hego Euskal Herrian. Nafarroako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak emandako datuen arabera, 1.930 eraso gertatu ziren Osasunbidean eta Osakidetzan. 2023an, berriz, 1.688. Hortaz, erasoak %14 areagotu dira urtebetean.
Eraso gehienak hitzezkoak izan ziren —%75etik gora—. Besteak beste, mehatxuak, irainak eta isekak jasan zituzten beharginek. Gainerakoak eraso fisikoak izan ziren. Osakidetzan, 283 langilek pairatu zituzten lesioak, eta horietatik 39k gaixo baimena eskatu zuten. Osasunbideari dagokionez, 754 salaketa jaso ziren 2024an. Aipatzekoa da emakumeek jasan zituztela eraso gehienak (%81,7). Gizonek, ostera, %18,3.
Beste datu batzuk zehaztu ditu Nafarroako Gobernuak. Erasoen %50,3 ospitaleetatik kanpo gertatu ziren, hala nola lehen arretan eta kanpo kontsultetan. %49,7, berriz, ospitaleetan. Erizainek jasan zituzten eraso gehien (230) eta, ondoren, medikuek (183). Erizainen laguntzaileek 158 eraso jasan zituzten, eta administrazioko langileek, 138.
%75Osasun langileen kontrako hitzezko erasoak Osasun langileen kontrako eraso gehienak hitz bidezkoak izan ziren iaz; hain justu, %75etik gora. Besteak beste, mehatxuak, irainak eta isekak jasan zituzten beharginek.
Osasun langileei eginiko erasoen kontrako Europako eguna da gaur, eta horregatik eman dituzte gobernuek datuok. Nafarroako Osasun Departamentuaren iritziz, profesionalak zaintzea «lehentasun bat da». Azaldu duenez, erasoei aurre egiteko prebentzio eta babes neurriak ezartzeko lanean ari dira, baita prestakuntza eta informazioa ematen ere. Era berean, edozein erasoren berri emateko eskatu diete langileei.
Eskaera bera egin du Osakidetzak. «Prebentzioan jarduteko, funtsezkoa da jakitea nola dagoen benetan gure eremua», azaldu dute. Osakidetzaren arabera, «kontzientziazioa eta harmena» areagotu egin dira, eta horregatik ugaritu dira erasoen jakinarazpenak: «Profesionalek orain arte jakinarazi nahi ez zituzten kasuak salatu dituzte». Indarkeriaren aurka tolerantziarik ez izateko konpromisoa adierazi dute.
«Zero tolerantzia»
Nafarroako Medikuen Elkargoa ere kezkatuta agertu da. Ohar bidez adierazi dutenez, datuek berretsi dute azken urteotan areagotu egin direla erasoak. Medikuek 183 eraso jasan zituzten iaz; 2023an, 164; eta 2022an, berriz, 143. Edozein eraso gertatzen dela ere, elkargoak «zero tolerantziako» jarrera exijitu du.
Elkargoak kezka azaldu du salatutako eraso gutxi iristen direlako epaitegietara; iaz jakinarazitakoen erdiak baino gutxiago —%43,5—. «Arrazoietako bat da langileek uste dutela lege ekintzak ez direla eraginkorrak», zehaztu du. Horri aurre egiteko, prozedura judizialak «azkarrak eta eredugarriak» izan daitezela exijitu du.
Horrekin batera, osasun langileei beraiei ere hainbat gomendio ere eman dizkie. Besteak beste, edozein eraso salatzeko eskatu die, indarrean dauden protokoloak eta babeserako tresnak ezagutzeko, eta erasoak prebenitzeko prestakuntza jasotzeko. Erakundeei ere mezua helarazi die, eta «osasun zentroetan prebentzio neurriak eta segurtasuna indartzeko» eskatu.
«Erizainok sentitu behar dugu ez gaudela bakarrik, eta administrazio publikoen babesa dugula. Ezin dugu onartu erasoak gure egunerokotasunaren parte bihurtzea»
SATSEErizainen sindikatua
Erizainen kontrako erasoek ere gora egin dute Osakidetzan, SATSE erizainen sindikatuak jakinarazi duenez. Izan ere, ohartarazi dute argitaratutako datuak «icebergaren punta» baino ez direla, «eraso asko ez baitira jakinarazten, Osakidetzak babesten ez dituelako». Erizainei dei egin diete, jasandako edo ikusitako edozein eraso salatu dezaten.
Erizainen segurtasuna bermatuko duten prebentzio eta babes neurriak exijitu ditu SATSEk. Besteak beste, prebentzio estrategia horiek ahalik eta eraginkorrenak izan daitezen, eragin handiena duten zentro eta unitateetan azterketa sakona egiteko eskatu dute. Horrez gain, ratio egokiak finkatzea, alerta sistemak ezartzea, eta langile eta herritarrentzako prestakuntza eta sentsibilizazio programak garatzea exijitu dute.
Hartutako neurrien eraginkortasuna neurtzeko eta osasun arloan gerta daitezkeen erasoak identifikatzeko, Erasoen Behatokia berreskuratzea eta indartzea ere eskatu du erizainen sindikatuak. «Erizainok sentitu behar dugu ez gaudela bakarrik, eta Osakidetzaren eta administrazio publikoen babesa dugula. Ezin dugu onartu erasoak gure egunerokotasunaren parte bihurtzea».