Osasun langileen aurkako 647 eraso zenbatu zituen Osasunbideak iaz

Hamarretik bi eraso fisikoak izan ziren, eta gehienak (%83,7), emakumeen aurkakoak. Erasoak salatzera deitu du sendagileen elkargoak, eta SATSEk «inplikazio handiagoa» galdegin du.

Osasun langile bat, atzo, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren kanpoaldean. IÑIGO URIZ / FOKU.
Osasun langile bat, Nafarroako Ospitale Unibertsitarioaren kanpoaldean. IÑIGO URIZ / FOKU
Ion Orzaiz.
2024ko martxoaren 11
16:00
Entzun

Osasun langileen aurkako erasoek gora egin zuten iaz. Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, 2023. urtean 647 eraso erregistratu zituen Osasunbideak, eta gehienak —%83,7— emakumeen aurkakoak izan ziren. Salatutako guztien artean, eraso fisikoak izan ziren hamarretik bi —%19,6—, eta «eraso ez-fisiko» kategorian sailkatu dituzte gainerakoak; hala nola irainak, mehatxuak eta jabetzaren aurkako kalteak.

Osasunbideak zenbatu dituen 647 eraso horietatik, 136 izan ziren pazienteen lagun edo senide batek eragindakoak. Hamarretik lau kasutan, ospitaleko arretan gertatu ziren erasoak —%44,2tan, zehazki—; eta kasuen gainerako %55,7 gertatu ziren kanpoko kontsultetan, lehen arreta eta buru osasuneko arretan. Datuei arloka erreparatuta, erizaintza izan zen eraso gehien erregistratutako estamentua, 199 salaketa aurkeztuta; sendagileek 164 eraso pairatu zituzten; administrazioko langileek, 128: erizaintzako laguntzaileek, 111; eta zeladoreek, 12. Gainerako sektoreetan, 32 salaketa aurkeztu zituzten guztira.

Osasunbideko Lan Arriskuen Prebentziorako Zerbitzuak jakinarazi du salaketa horien guztien ostean erasoa sufritutako langileekin harremanetan jarri zirela eta babes psikologikoa eta juridikoa eskaini zietela. Zehazki, 393 kasutan jarraipena egin zitzaion salaketari, 19 kasutan laguntza juridikoa edo psikologikoa tramitatu zen, eta 162 kasutan Osasunbideko Kudeaketa Zuzendaritzak gutuna igorri zion erasotzaileari, gertatutakoa arbuiatuz.

Bestelako neurri batzuk ere indarrean dira, erasoen aurkako protokoloaren barruan: besteak beste, profesionalentzako formakuntza, Foruzaingoaren aholkularitza zerbitzua eta langileen ordenagailuen bidezko alarma zerbitzu bat, erasoez ohartarazteko. Hala, eraso bat gertatzen denean, langileak alarma pitz dezake bere ordenagailuan tekla konbinazio jakin bat sakatuta, eta inguruko lanpostu guztietan jasoko dute abisua.

SATSE: «Ez dago sentsibilitate nahikorik»

Nafarroako Gobernuak emanikoez gain, SATSE erizainen sindikatuak datu propioak jakinarazi ditu, Osasun Langileen Aurkako Europako Egunaren karira. Sindikatuak 300 profesionalen salaketak jaso zituen iaz Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Ohar bidez, SATSEk salatu du ez dagoela «sentsibilitate nahikorik» erasook errotik erauzteko. Administrazio publikoen eta osasun enpresa pribatuen arteko jarduera esparru komun bat galdegin du, auziari konponbidea emate aldera. «SATSEk planteatzen du erasoei aurrea hartzeko ordezkari bat eta indarkeria ekintzen erregistro bat sortzea, bai eta erizainei bereziki eragiten dien arazo honi buruzko behatoki bat abian jartzea ere».

«Hamar erizainetik zortzik jasan dituzte erasoak beren ibilbide profesionalean, eta fisioterapeuten artean, hamarretik sei dira», azaldu du sindikatuak. Azpimarratu dute, gainera, erizaintza nagusiki «emakumeek betetzen duten lanbidea» dela, eta hori «indarkeria gertakariekin lotutako faktorea» dela berez.

Nafarroako Medikuen Elkargoak ere «kezka» adierazi du, osasun arloko erasoen gorakada dela eta. «Nafarroan, 164 fakultatibok salatu zuten erasoren bat, eta kopuru hori goraka doa urtetik urtera: 2022an 143 izan ziren, eta 2021ean, berriz, 121». Medikuen elkargoak adierazi du osasun lanbideek «zerbitzu izaera» dutela, eta halako egoeretan indarkeria azaleratzeak «ondorio larriak» izan ditzakeela: «Erasook eragina dute jardun sanitarioan, langileen eta pazienteen arteko konfiantzan, erasoa sufritutakoen osasunean eta pazienteek jasotzen duten artaren kalitatean». Horregatik, eraso guztiak salatzeko deia egin die elkargoak sendagileei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.