Klima larrialdia. Mende amaierako Euskal Herria. Cristina Linares. Ikerlaria

«Osasun krisia da klimarena»

Klima larrialdiaren ondorioz etor daitezkeen muturreko fenomeno meteorologikoek zein lurraren berotzeak gizakien osasun fisiko eta psikikoan ekarriko dituzten kalteez ohartarazi du Cristina Linaresek.

BERRRIA.
jone arruabarrena
2022ko apirilaren 17a
00:00
Entzun
Aspaldi hasi ziren klima larrialdiak ingurumenean eragin ditzakeen kalteak aztertzen. Baina orain arte, gutxi izan dira ingurumen larrialdiak gizakien osasunean dituen ondorioak ikertu dituzten adituak. Horietako bat da Cristina Linares (Madril, 1977). Espainiako Karlos III.a Osasun Institutuko Osasun Eskola Nazionaleko Epidemiologia eta Bioestatistika Departamentuko zientzialari titularra da, eta urteak daramatza klima larrialdiak osasunari ekarriko dizkion kalteen inguruan ohartarazten.

Klima krisia osasun krisi bat ere bada?

Bai, osasun krisia da klimarena. Batetik, zuzeneko eraginengatik: bero eta hotz boladak, muturreko gertaera meteorologikoak, uholdeak eta lehortea. Bestetik, zeharkako ondorio garrantzitsuak eragiteagatik: kutsadura atmosferikoa eta aeroalergenoak areagotzea, suteen maiztasuna eta intentsitatea handitzea, gaixotasun infekziosoen bektoreen banaketan aldaketak gertatzea, ur gutxiago izatea eta elikadura segurtasunik eza. Eta azkenik, baita desplazatu klimatikoak eragiteagatik ere.

Askotan aipatzen da kutsadura atmosferikoak osasunean eragiten dituen kalteak larrienetarikoak direla.

Bai. Luze gabeko ondorioak ditu kutsadura mota horrek, eta normalean lehendik gaixotasunen bat duten pertsonei eragiten die gehien. Hala ere, luzera begirako ondorioak larriagoak direla baieztatu dute hainbat ikerketak; horregatik, agintariak saiatu beharko lirateke ohikoa den kutsadura maila hori jaisten.

Dagoeneko nabariak dira Euskal Herriko biztanleen osasunean tenperaturaren igoerak izan dituen ondorioak?

Segur aski bai. Geroz eta bero bolada gehiago daude, eta horien intentsitatea ere igotzen ari da. Atmosferako kutsaduraren ondorioak ere ikus ditzakegu: hilkortasun eta erikortasun handiagoa eragiten du, bai zuzenean eragiten dituen heriotzekin, baita gaixotasun kronikoak areagotu eta okerragotuz; hala nola biriketako gaixotasun buxatzaile kronikoa, hipertentsioa, diabetesa, hainbat minbizi mota, baita osasun mentaleko espektroko gaixotasunak ere.

Nola eragiten die planetaren berotzeak buruko eritasunei?

Muturreko fenomeno meteorologikoen maiztasuna handituko da, eta horrek eragin nabarmena izango du hainbat arlotan: azpiegituretan kalteak edo galerak, desberdintasun sozioekonomikoak handitzea, elikagaien segurtasuna txikitzea eta goseteak, besteak beste. Era berean, egoera horiek dakarten muturreko estresak eta antsietateak nabarmen eragiten du beste mota eta intentsitate batzuetako gaixotasun mentalak garatzeko orduan. Horrez gain, frogatu da beroak ere oro har eragiten duela buruko osasunean.

Nola?

Bero boladak eta emozio zein portaera desorekak lotzen dituzten ebidentzia zientifikoak geroz eta gehiago dira. Besteak beste, frogatzen ari da indarkeriaren areagotzearekin eta substantzia toxikoen abusuarekin zerikusia daukatela bero boladek. Horrez gain, hainbat ikerketak erakutsi dute muturreko tenperatura dagoenean eta lehorteetan suizidio tasa handitzen dela.

Solastalgia kontzeptua ere atera da argitara azken aldian.

Bai. Ingurune degradatu edo hondatuek eragindako estutasun psikiko eta estres existentzial mota berri bat deskribatzeko erabiltzen da, eta arazoa konpontzeko ezintasun edo inpotentzia-sentsazioak larriagotu egiten du.

Klima aldaketak ekarriko dituen gaixotasun berriak ere aipatu dituzte hainbat adituk. Hala izango da?

Klima aldaketak gaixotasunen intentsitatea handiagotuko du, eta jada badauden gaixotasunen birkokatze bat eragingo, baina ez du gaixotasun berririk sortuko.

Herrialde bakoitzaren garapen sozioekonomikoak ere eragina dauka beroaren ondoriozko gaixotasunetan?

Faktore askok baldintzatzen dute herrialde batek zer gaitasun duen bero boladen maiztasuna eta intentsitatea handitzeari aurre egiteko: ea populazio talde zaurgarrienak babesteko prebentzio plan eraginkorrik duen, etxebizitzetan isolamendu termiko eraginkorrak dituen, zaharrei eta mendekotasuna duten pertsonei laguntzeko programak edo talde zaurgarriei ohartarazteko sistemak eta prebentzio neurriak.

Gizarteko ze talde dira zaurgarrienak klima aldaketaren ondorioei dagokienez?

Pertsona zaharrak, emakumeak eta haurrak, errenta maila txikia duten pertsonak, gaixotasun kronikoak dituzten pertsonak —kardiobaskularrak eta biriketakoak, mentalak, obesitatea, neurologikoak— edo aire zabaleko langileak, besteak beste.

Zer neurri hartu beharko lirateke klima aldaketak osasunean daukan eraginaahalik eta gehien murrizteko?

Klima aldaketak osasunean izango dituen ondorioei aurre egiteko planak behar ditugu. Hezkuntza ere garrantzitsua da arlo honetan; klima aldaketara nola egokitu gaitezkeen jakiteko heziketa behar da. Eta azkenik, gaur egungo osasun sistema indartzea, krisiaren ondorioak jasateko gai izan dadin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.