OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak kritiko agertu dira Eusko Jaurlaritzak osasun arloko ituna lortzeko abiatu dituen moduekin, hainbat eragilerekin hasi bada ere OPAk kanpo utzi dituelako, besteak beste. Eusko Jaurlaritzak aldebiko bilera batera deitu ditu OPA herri plataformetako ordezkariak, eta batzarra izan dute horri buruz jarduteko, gaur, Gasteizen. Onartu dute bilera hartara joatea, «kortesiagatik eta arduragatik».
Kritiko joango dira, halere, bilerara, eta honako hauek helaraztea adostu dute. Batetik, gainerako eragileen baldintza berdinetan hartu nahi dute parte osasun itunerako bileretan; «baztertuak baikaude», jakinarazi dute ohar bidez. Bestetik, kritiko dira Jaurlaritzak abiatu duen metodologiarekin, «parte hartzea ukatzeaz gain, eztabaida plural, demokratiko eta gardena ere ukatzen baitu». Kritikoak dira, halaber, Jaurlaritzak aurkeztu duen diagnosiaren txostenarekin, «ez duelako ikuspegi integrala aintzat hartzen, ikuspegi soziosanitarioa eta lan osasuna».
Salatu dute, halaber, publiko hitza ez erabiltzea, eta pribatizazioaren eztabaida baztertzea: «Itxura du osasungintza pribatua babesten segituko dutela eta pribatizatzen segituko dutela».
Batez ere lehen arretaren «finantzaketa urri jarraituari» ere ez heldu nahi izatea egotzi diote Jaurlaritzari.
Bien bitartean osasun publikoaren «hondamena» salatzen segituko dutela berretsi dute, mobilizazioen bidez, modu bateratuan, «denontzako kalitatezkoa, integrala eta unibertsala izango den osasun %100 publiko baten alde».