Osakidetzaren aldeko herri ituna lantzeko bigarren bilera egingo dute etzi Eusko Jaurlaritzak, alderdi politiko nagusiek, sindikatuek eta osasun arloko hainbat eragilek. Lau fase aurreikusi dituzte, eta lehenengoa, hau da, diagnostikoarena, amaitutzat ematea du helburu Osasun Sailak. «Baikor» azaldu da gaur Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, akordioa erdietsiko dutela uste baitu: «Diagnostikoaren akordioa lortzeko oinarri zabal eta sendoa dugu».
Irailaren 5ean bildu ziren lehen aldiz mahaia osatzen duten eragileak. Sailburuak 264 orrialdeko dokumentu bat eman zien orduan mahaikideei, diagnostiko bat proposatuz. Irailean, eragileek euren ekarpenak, kritikak eta iradokizunak egin dituzte. Martinezek azaldu duenez, mila orri baino gehiagoko ekarpenak jaso dituzte. Eragileek egindako lan «handia» goraipatu du, eta zehaztu du ekarpen «aberatsak eta askotarikoak» jaso dituztela. Era berean, azpimarratu du mahaikideen bi kezka nagusiak pertsonal politika eta asistentzia politika direla. «Ekarpen askotan iradoki dute ekintzetara jo behar dugula; beraz, ez dugu uste arazorik egongo denik diagnostikoa onartzeko. Hurrengo faseetara igarotzeko beharra sumatu dugu».
Javier Meana EHUko Farmakologia katedraduna arduratu da alde guztiek egindako ekarpenak koordinatzeaz. Diagnostiko bateratu bat aurkeztuko du etzi, eta hori onartu beharko dute mahaikideek. Dokumentua onartzen ez duten eragileek ezin izango dute hurrengo fasean parte hartu. «Diagnostikoarekin ados ez dagoen eragilea ezin izango da ados egon estrategiekin», azaldu du Martinezek. Halere, diagnostikoaren «puntu jakin batekin» ados ez egotekotan, eragileek «boto partikularra» eman ahalko dute, mahaian jarraitu ahal izateko.
«[Eragileek] Egindako ekarpen askotan iradoki dute ekintzetara jo behar dugula; beraz, ez dugu uste arazorik egongo denik diagnostikoa onartzeko. Hurrengo faseetara igarotzeko beharra sumatu dugu»
ALBERTO MARTINEZEusko Jaurlaritzako Osasun sailburua
Fase bakoitza amaitzerakoan, onartutakoa Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean aurkeztuko dute. Behin diagnostikoaren fasea bukatzen denean, bigarren faseari ekingo diote: Osakidetzaren ardatz izan beharko luketen printzipioei buruz eztabaidatuko dute. Martinezek ez du uste «arazorik» izango dutenik printzipioen inguruko akordio batera iristeko; hilabeteko epea ezarri du hori lortzeko.
Hirugarren fasea, sei zatitan
Hirugarren fasea izango da «zailena», Martinezen iritziz. Etorkizuneko estrategiak adostuko dituzte. «Sentsibilitate oso diferenteak ditugu; horregatik izango da zailena». Lana «eraginkorragoa» izan dadin, fasea sei zatitan banatzeko proposamena egingo diete parte hartzaileei. Zati bakoitzean, osasun sistemaren alderdi bati erreparatu diote: «Osasuna eta herritarren eskaerak, kalitatea eta segurtasuna, profesionalak, informazioa, osasun sektorea arlo ekonomikoan, eta azpiegiturak».
Gobernantza izango da laugarren eta azken fasea. «Itunak ez du argazki finko bat lortu nahi; onartutako estrategien jarraipen bat egin nahi dugu, nola goazen ebaluatzeko». Sei hilabeteko epea ezarri dute ituna lortzeko; hots, datorren urteko martxorako aurreikusi dute.
Hainbat alderdi, sindikatu, elkargo profesional eta osasun alorreko eragile dira ituna erdiesteko mahaiaren parte. Eta bigarren bilerarako eragile gehiago gonbidatu dituzte. Besteak beste, ESK sindikatua lehen aldiz izango da bertan: «Sindikatuei dagokienez, irizpide gisa jarri dugu mahai sektorialaren parte izatea; nahiz eta ESK mahai horren parte ez izan, ordezkaritza garrantzitsua du sektore batzuetan». Horrez gain, erizain laguntzaileen sindikatua, optikarien elkargoa eta buru gaixotasunak dituztenen eta haien senideen elkarte bat ere gonbidatu dituzte.
OPA Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataforma kanpoan geratu da berriro, nahiz eta hark parte hartzeko asmoa erakutsi. Martinezen arabera, «horrelako plataformek udal eremuan» egiten dute lan, eta horiek prozesura gonbidatzea «gobernaezina» litzateke. Erantsi du beste mahaikideen bidez helarazi ahal dituztela euren proposamenak.
Harreman «deserosoa» La Paurekin
Osakidetzaren aldeko herri ituna erdiestea da Osasun Sailaren lehentasunetako bat. Halere, «premiazkoak diren auziak» ere kudeatzen ari dira; besteak beste, «itxaron zerrendak eta lehen arreta». Ildo horretatik, La Pau enpresarekin duten harremanaz aritu da Martinez. Bizkaiko eta Arabako anbulantziak kudeatzen ditu La Pauk, bai larrialdietakoak, bai programatutakoak. Osasun sailburuak aitortu du harreman «deserosoa» dutela enpresarekin.
Martinezek jakinarazi duenez, hainbat isun izapidetu dituzte La Pauren aurka. Esate baterako, milioi bat euroko isuna jarri diote langileei nominak ez ordaintzeagatik eta erabiltzaileei zerbitzurik ez emateagatik. «Erne gaude zerbitzuaren baldintzak bete daitezen eta, betetzen ez badira, dagozkion zigorrak jar daitezen», nabarmendu du. Eta erantsi du «noizean behin» biltzen direla enpresarekin eta sindikatuekin, eta enpresak ukatu egin duela Osakidetza utziko duela, hainbat hedabidek duela bi aste hori iragarri arren.