Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile nagusiak jakinarazi du zein den osasun ituna babesteko ezarri duten ezinbesteko baldintza: osasun mahaiak sistema publikoaren alde egitea eta pribatizatze eredua amaiaraztea.
Hirugarren eta azken fasean sartu da jada Eusko Jaurlaritzak osasun sistema «eraldatzeko» asmoz iazko irailean abiatu zuen osasun mahaia. LABen ustez, fase oso garrantzitsua da oraingoa, sistemaren eredua nolakoa izango den erabakiko baita: «Osasun publikoaren alde egiten den edo eredu pribatizatzaileari eusten zaion». Sindikatuaren arabera, hilabeteotako prozesuaren gakoa hor dago, osasun mahaiak auzi horretan hartzen duen norabideak baldintzatuko baititu hartzen diren beste erabaki guztiak. Agerraldia egin dute gaur, Bilbon, azken fasean LABek zer jarrera izango duen azaltzeko.
Eusko Jaurlaritzak eta eragile politiko, sindikal eta sozial ugarik osatzen dute osasun mahaia, eta haren xedea da Osakidetza hobetzeko oinarriak adostea. Lehen fasean, diagnostikoa osatu zuten, eta, bigarrenean, berriz, Osakidetzaren ardatz izan behar duten balioak eta printzipioak jorratu. Bada, hain justu, LAB sindikatuak eta Sumar koalizioak uko egin zioten ondorioen testua babesteari, biek ala biek argudio bera emanda: uste dute ez diela aurre egiten pribatizazio dinamikei. Dena dela, ez batak ez besteak ez zuten atea erabat itxi, eta borondatea adierazi zuten osasun mahaira batzeko hirugarren fasean, hau da, estrategiak zehazteko aldian.
Ikusi gehiago
LABek, zehazki, hamar lantaldetan parte hartuko du azken fase horretan. Sindikatuaren arabera, lankidetza publiko-pribatuari eta hitzarmenen araubidea dagokiona da horietako erabakigarriena. Sindikatuak lantalde horretan egingo du zirt edo zart, hor agerian geratuko baita «Osakidetzak sistema publikoaren alde egingo duen edo osasun sistema pribatua indartzen duten politikekin jarraitu nahi den».
LABen aburuz, Osakidetzaren egoerak kezka handia sortzen du gizartean, eta sindikatuek, pazienteek eta beste eragile sozialek egindako protestetan «errotiko aldaketak» eskatu dituzte «Osakidetza ahuldu duten politiketan». Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak sistema «eraldatzea» agindu zuen osasun mahaia abian jarri zuenean, baina, LABen hitzetan, eraldaketarik ez da izango «orain arteko erabaki politikoei eusten bazaie». Izan ere, osasun sistema publikoa indartzeko, nahitaez pribatizazio eta ituntze politikak amaitu behar dira, haien esanetan.
Hain zuzen ere, LAB sinetsita dago pribatizazio politikek Osakidetzaren gainbehera eragin dutela. «Politika horiek eragin dute langile taldeak ez dimentsionatzea, ez egonkortzea, eta lan baldintzak kaskartzea; lehen arreta kolapsatuta egotea; osasun mentalaren arazoa artatzeko baliabide nahikorik ez izatea; zerbitzu zorroa eta beste osasun arreta asko kanporatzea; itxaron zerrenda amaigabeak izatea, eta osasun sistema publikoa debaluatzea».
LABek zalantzan jarri du Osasun Sailak pribatizazioa amaiarazteko benetako konpromisoa izatea: «Osasun mahaiaren bilakaerari begira, ez dirudi hori denik Jaurlaritzaren lehentasuna». Nolanahi ere, uste du mahaian parte hartu izana ez dela alferrikakoa izan; zenbait hobekuntza lortu dituztela, alegia. Hirugarren faseko estrategiak definitzeko guneen artean «ez zegoen eredu pribatizatzaileaz hitz egiteko gunerik, eta lortu genuen aurreikusita ez zegoen lantalde bat sortzea: Lankidetza Publiko-pribatua eta Hitzarmenen Araubidea izenekoa», gogorarazi du. Hori ez ezik pazienteen eta profesionalen hizkuntza eskubideen inguruko lantaldea ere sortu izana garrantzitsutzat jo du sindikatuak.
68,7 milioiko inbertsioa osasun publikoan
LABek osasun publikoaren alde egin duen egun berean, Enrique Peiro Osasun sailburuordeak esan du Eusko Jaurlaritzak 2025ean osasun publikorako jarriko duen diru saila iazkoa baino %12 handiagoa izango dela. Gaur eman ditu datuok, Eusko Legebiltzarrean egin duen agerraldian. Gainera, iragarri du Osasun Publikoko Institutua sortzen ari direla.
Azaldu duenez, osasun publikoaren xedeen artean daude herritarren osasuna babestea eta indartzea, osasuna politika guztien zehar-lerroa izatea, administrazio publikoen arteko koordinazioa indartzea, eta herritarren osasuna babestea eta sustatzea.
Horiek horrela, ostegunean, martxoaren 20an, Osasun Publikoaren eta Adikzioen Zuzendaritzak bilera bat egingo du ingurune digital osasungarri bat sustatzeari lotutako Eusko Jaurlaritzako sail guztiekin. Adituen mahai bat sortuko dute, eta haren egitekoa izango da neurriak koordinatzea pantailen adikzioaren esparruan haurren eta nerabeen ongizatea babesteko eta sentsibilizatzeko.