Osasun itun baterako lehen urratsak

Imanol Pradalesek adierazi du martxorako lortu nahi duela osasunaren aldeko ituna. Bestalde, urtebeteko epea ezarri du kirurgia arloko itxaron zerrendak murrizteko.

Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Errepelegako osasun zentroan, Portugaleten. IREKIA
Alberto Martinez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua, Errepelegako osasun zentroan, Portugaleten. IREKIA
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko abuztuaren 1a
05:00
Entzun

Argi geratu da osasungintzak toki garrantzitsua izango duela legegintzaldi honetan. Izan ere, azken asteotan, egin nahi dituzten hurrengo urratsen berri eman dute Imanol Pradales lehendakariak eta Alberto Martinez Osasun sailburuak. Karguaz jabetu zenean, Martinezek iragarri zuen lehendakariak berandu baino lehen deituko ziela unibertsitateei, osasun profesionalei, sindikatuei eta alderdi politikoetako ordezkariei Osakidetzaren aldeko herri itun bat izenpetzeko. Hasia da bidea.

1

Eragileekin bilerak

Pradalesek egin du bilera sorta alderdiekin, eta horren ostean ohartarazi zuen osasun sistemaren gaineko ituna lortzea izango dutela legealdian lehentasunezko gaietako bat. Osasun arloko eragileekin bilerak egiteari ekin zion gero. Besteak beste, SATSE Euskadiko Erizainen Sindikatuko eta Euskadiko Sendagileen Elkargoen Kontseiluko ordezkariekin bildu zen; Martinezek ere hartu zuen parte.

SATSEk jakinarazi zuen prest daudela osasun itunaren parte izateko, eta lehendakariari euren kezkak helarazi zizkioten. Haien ustez, Osakidetzaren egoera «latza» da. Horri buelta emateko, ezinbestekotzat jo dute lehen arretako beste eredu bat ontzea eta lan baldintzak eguneratzea. Euskadiko Sendagileen Elkargoen Kontseiluak ere begi onez hartu zuen ituna, eta prest dago osasungintza hobetzen laguntzeko, hori erabiltzaileen onurarako baldin bada. Bestalde, uste dute eztabaida politikoa ordezkatu beharra dagoela, eta «osasungintzako eztabaida eraikitzaile bat» sortu, «interes orokorra» lehenetsiz: «Herritarren osasunaren, osasun sistemaren eta haren langileen defentsa eginez».

2

Osasun ituna lantzeko mahaia

Osasun sistemaren gaineko ituna lortzeko, mahai bat eratuko du Jaurlaritzak irailean. Lehenengo hamabost egunetan, Martinezek lan egutegia eta metodologia jakinaraziko ditu. Itun hori sindikatuekin, medikuen elkargoekin, unibertsitateekin eta «pazienteekin» josi nahi dute. Asteon Pradalesek iragarri du irailaren 5ean egingo dutela ituna osatzen hasteko lehenengo bilera. Eragileei entzuteko «prestasuna» azaldu du, elkarri entzutea denentzat «aberasgarria» izango delakoan.

3

Osasunaren aldeko ituna

Pradalesek sei hilabeteko epea ezarri du osasun sistemaren gaineko ituna lortzeko; hots, datorren urteko martxorako aurreikusi du. Pradalesen ustez, ituna lortzeko «zumeak» daude, akordiora batzeko borondatea ikusi baitu alderdietan. Halere, esan du ez dela nahikoa itunaren aldeko jarrera erakustea, «hitzetatik ekintzetara» pasatzeko deia egin die. Indar politiko guztien bozetako programak aztertu dituztela iragarri du Pradalesek, eta Osakidetzaren inguruan egin dituzten planteamenduak kontuan hartuko dituztela.

4

Itxaron zerrendak murriztea

Ituna lortzeaz gain, beste helburu batzuk ezarri ditu lehendakariak. Izan ere, hauteskunde kanpainan Pradalesek «konpromisoa» hartu zuen itxaron zerrendak murrizteko. Martinezek duela bi aste jakinarazi zuen 120.000 erabiltzaile Osakidetzako mediku espezialista baten kontsultaren esperoan daudela, eta 23.328 herritar ebakuntza kirurgikoren bat egiteko zain daudela. Lehen arretari dagokionez, pediatrek eta familia medikuek dute itxaron zerrendarik luzeena.

Kanpainan Pradalesek esan zuenez, lehen arreta behar dutenei medikuaren arta gehienez ere 48 orduan bermatu nahi die, eta kirurgia arloan itxaron zerrenda 60 egunetik jaitsi eta 50 egunera gerturatu. Kargua hartu ondoren, urtebeteko epea jarri zuen hori lortzeko; hau da, datorren urteko ekainera arte. Hori lortzeko bidean, lehenengo pausoa eman dutela gogoratu du: Basurtuko ospitaleko bihotz kirurgiako unitatea Gurutzetako ospitalera (Bizkaia) ez lekualdatzea erabaki dute. Aurrerantzean, beraz, bihotzeko gaitzak artatzeko zerbitzuak bi egoitza izango ditu: Basurtuko ospitalea, eta Gurutzetakoa. Erietxe bietako zerbitzuak elkartuko dituzte, eta tratamenduak eskuratzeko itxaron zerrendak bateratu.

5

Lehen arretaren alde

Lehen arreta ere izango dute hizpide hurrengo lau urteetan. Lehen agerraldi publikoa Martinezek herritar gisa dagokion osasun zentroan egin zuen; Portugaleteko (Bizkaia) Errepelega osasun zentroan, hain zuzen. Bertan adierazi zuen lehen mailako arreta «Osakidetzaren giharra» dela: «Ez gara sarrerarako ate soil bati buruz ari, baizik eta osasun sistemaren oinarriari berari buruz». Eta erantsi zuen lehen mailako arreta sendoa izateak bakarrik berma dezakeela kalitateko osasun laguntza edukitzea. Sailburuak konpromisoa hartu zuen gizarteak behar eta merezi duen osasungintza lortzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.