Biosistemak institutuko zuzendari zientifikoa

Ane Fullaondo: «Osasun datuak ustiatuta, aurrerapen asko egin daitezke»

Fullaondoren arabera, eraldaketa digitalak osasun langileen lana erraztu dezake, eta arreta hobetu. Osasun datuen «garrantzia» nabarmendu du.

Ane Fullaondo, duela bi aste, Biosistemak-en egoitzan, Barakaldon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ane Fullaondo, duela bi aste, Biosistemak-en egoitzan, Barakaldon. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Barakaldo
2024ko maiatzaren 11
05:00
Entzun

«Guk ez daukagu laborategirik: guk datuekin egiten dugu lan, osasun zerbitzuak hobetzeko», esan du Ane Fullaondok (Getxo, Bizkaia, 1982), Biosistemak institutuko zuzendari zientifikoak. Haien laborategia Osakidetza da: Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailari gomendioak ematen dizkiote, ebidentzia zientifikoan oinarrituta, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun sisteman teknologia txertatzeko, osasun arreta «hobea» izan dadin. Izan ere, eraldaketa digitala hasia da osasuna ere zipriztintzen.

Zer da osasun digitala?

Teknologiaz baliatuta eskaintzen duzun osasun arreta da. Teknologia ez da garrantzitsuena, arreta baizik. Baina arreta hobea izateko, teknologiaz baliatzen zara. Teknologiak ez ditu ordezkatuko medikua eta erizaina, baina haren ahalmenak aberasten ditu. Osagarri bat da.

Zertan erraztu diezaieke lana medikuei eta erizainei?

Arlo guztietan. Oinarrizkoenetan. Adibidez, medikuei eta erizainei burokrazia lanak arintzen lagun diezaieke teknologiak. Profil klinikoa duten Osakidetzako profesionalek lan administratiboa egin behar izaten dute —hitzorduak eman, gaixo agiriak tramitatu...—, eta horiek arintzen asko lagun dezake teknologiak. Gaixo agiri bat tramitatu behar bada, tramitea arindu dezake teknologiak, automatizatuz, digitalizatuz; profesional baten oniritziarekin, noski. Horrela, medikuek denbora gehiago izango dute benetan balioa ematen duten beste jarduera batzuk egiteko: pazientearekin egoteko.

Pazienteak diagnostikatzeko ere lekua izan lezake teknologiak?

Diagnostiko konplexuetan, erabaki klinikoak errazteko tresnak daude. Profesionalek dituzten ezagupenak itzelak eta oso sakonak dira, baina egia da medikuntza oso azkar doala aurrera. Ebidentzian oinarritutako informazio asko garatzen da, eta pertsonok mugak dauzkagu informazio hori guztia lortzeko. Diagnostiko konplexuetan, datu asko erabili behar direnean, teknologiak aurrelan hori arindu dezake. Azkenengo erabakiak profesional batena izan behar du, baina teknologiak informazio bolumen oso handiak digeritu ditzake, eta erabakia hartzeko unean gomendioak eman. Profesionalaren beste tresna bat da.

Hori adimen artifizialak egiten du?

Horrelakoetan lagun dezake: erabakiak hartzen. Makinak ez ditu erabakiak hartzen, baizik eta gomendioak ematen ditu. Makina batek ez dauka gizaki baten eskarmentua, baina, entrenatuta, gure begiek baino askoz gehiago ikus dezake.

Medikuen diagnostikoa errazteko prozesu horiek ja martxan daude Osakidetzan?

Oraindik ez. Ez da erraza. Osakidetzak eta Osasun Sailak bermatu behar dute sartzen den teknologia benetan ona dela: ebidentzia zientifikoa izatea eta frogatuta egotea. Edozer gauzak ez du balio, ez baitio mesederik egiten sistemari eta pazienteari. Sartuz doa, baina prozesua ez da arina. Galbahe asko pasatu behar ditu, pazienteen segurtasuna mantentzeko. Bagoaz aldatuz, baina oraindik ez. Hori esanda, Europan digitalizazio handia duten osasun sistemetako bat da Osakidetza.

Zergatik?

Historia kliniko elektronikoarengatik. Paziente bakoitzak daukan informazio guztia elkartuta dago, eta Osakidetzako edozein profesionalek ikus dezake, pazientearen artaz arduratuz gero. Horrek oinarrizkoa ematen du, baina Europan ez da gertatzen. Lehen mailako arretak eta ospitaleek ez dute elkarbanatzen informazioa, eta, aseguru etxeak daudenean, informazioaren fragmentazioa itzela da. Hemen hori badaukagu, eta digitalizazioaren eta teknologiaren ondorioa da.

Pandemiatik nabaritu da eraldaketa digitala handitu dela. Arreta telematikoa ohikoagoa da orain.

Nik uste dut pandemian asko ikasi genuela. Aurrez aurrekoa ez den arreta hori oso mesedegarria izan daiteke eta itxaron zerrendak asko arindu ditzake, baina irizpideek oso argiak izan behar dute. Ez da beti eta edonorentzat erabili behar. Jakin behar da aurrez aurrekoa ez den arreta hori zertarako den, zer egiteko, norekin, nola. Nik uste dut irizpideak ezartzea dela garrantzitsuena.

Zein da osasun datuen garrantzia?

Pertsonok alor guztietan —baita osasunean ere— datu asko sortzen ditugu: bolumena handia da. Informazioa hor dago, eta erabili behar da. Ikerkuntzarako, osasun sistema hobetzeko. Mundu zientifikotik hau aldarrikatzen dugu: osasun datuetan dagoen balio guztiari probetxua ateratzea. Datu horiek modu anonimoan eskura egon behar dute. Izugarrizko balioa dute, baina big data hori guztia ezin badugu erabili, aukera izugarri handia galtzen ari gara. Hor dagoen balio handiko informazio guztia ustiatuta, aurrerapen asko egin daitezke. Europako araudia murriztailea da, eta aukera itzela galtzen ari gara. 

Nola erabili beharko lirateke osasun datuak?

Babes guztiekin. Gizarte moduan ulertu behar dugu —eta azaldu behar digute— zertarako den: osasun publikoari begira oso interesgarria dela datuetatik informazioa ateratzea. Ez dugu sentitu behar datuak lapurtzen dizkigutela, ezta oparitzen ari garenik ere. Uste dut formakuntza eta sentsibilizazioa behar ditugula biztanleok, eta hori autoritateek egin beharko lukete. Jakin behar dugu nire datuak nireak direla, nik onartzen dudala partekatzea, eta helburu jakin batzuetarako, ez edozer gauzatarako. Onura kolektibo batentzat dela ulertuko bagenu, aurrera egingo genuke. Osasun datuen balioa oraindik ez dago erabat esplotatuta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.