Osasun arreta da estreinakoz arazorik garrantzitsuena, Deustobarometroaren arabera

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarrek Osakidetzaz egiten duten batez besteko balorazioa azken hamarkadako apalena da. Jaurlaritza berriaren politikarik premiazkoenak Osakidetzara eta etxebizitzara bideratzea nahi dute.

Donostialdea Osasun Publikoaren Alde plataformaren elkarretaratze bat. JON URBE / FOKU
Donostialdea Osasun Publikoaren Alde plataformaren elkarretaratze bat. JON URBE / FOKU
xabier martin
2024ko ekainaren 26a
11:25
Entzun

Deustuko Unibertsitateak Deustobarometroa esaten dioten galdeketaren berri eman du gaur, eta, igaro berri diren hauteskunde kanpainek islatu duten moduan, Osakidetza da Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren kezkarik handiena. Hala, osasun arreta bihurtu da, estreinakoz, galdetutakoen arazorik garrantzitsuena. Izan ere, herritarren ia erdiek (%48) kezka nagusien artean kokatzen dute. Galdetutakoek Osakidetzaz egiten duten batez besteko balorazioa 4,4 da zerotik hamarrerako eskala batean, azken hamarkadako baloraziorik apalena. 2015etik 2020ra, beti egon da balorazio hori 6 eta 7 artean.

Deustobarometroa, hain zuzen, Deustuko Unibertsitateak sei hilabetean behin egiten duen inkesta da, Maria Silvestrek eta Braulio Gomezek zuzendua. Haiek eta Iratxe Aristegi ikerlariak eman dituzte ezagutzera azken galdeketaren ondorioak Deustuko Unibertsitatean, Bilbon. Inkestak 1.000 elkarrizketa ditu oinarrian, ekainaren 5etik 12ra eginak, alegia, Imanol Pradalesen inbestiduraren aurretik.

Osasun zerbitzuen eboluzioaz ez ezik, beste zenbait gairi buruz ere galdetu dute, betiere Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren kezka nagusiak jakin nahian. Esaterako, Eusko Jaurlaritzak zer lehentasun izan beharko lituzkeen galdetu diete; bai eta «oroimen eta kalitate demokratikoaren inguruan» ere. Eta polizia eredua ere hizpide izan dute inkestan.

Norabide aldaketa Jaurlaritzan

Galderak erantzun dituztenen artean gehienek (%72,4) espero dute Jaurlaritza berriak «asko edo dezente» aldatzea azken urteotako politikak. Bi dira, herritarren esanetan, Gasteizko gobernu berriak lehenetsi beharko lituzkeen politikarik premiazkoenak: Osakidetzaren hobekuntzara bideratutakoak (%61,8) eta etxebizitza lortzeko aukerak hobetzera bideratutakoak (%35,2).

Demokraziari dagokionez, hauek dira herritarren demokrazia idealaren ezaugarririk garrantzitsuenak: «Giza eskubideen babesa (%35,4), justiziaren independentzia eta botere banaketa (%33,5), eta eskubide sozial eta ekonomikoen babesa (%31,7)». Deustobarometroaren galdeketan parte hartu dutenen arabera, Espainiako demokraziaren gabezia nagusiak «justiziaren independentziarik ezarekin (3,6ko balorazioa hamarretik), aberastasunaren birbanaketarekin (3,5) eta agintariek kontuak argi eta garbi ez ematearekin (3,4) daude loturik».

Oroimena eta erreferendumak

Euskal Herriko iragan hurbileko memoriari dagokionez, berriz, gehienek (%42) ikuspegi jakin bat partekatzen dute: ezin dela ahaztu, eta ikuspegi desberdinak jasoko dituen elkarrizketa behar dela. Egileen esanetan, herritar gehienek «ez dute gertatutakoa atzean utzi nahi, eta jazotakoari buruzko ikuspegi desberdinak bilduko dituen elkarrizketa abiaraztea nahi dute».

Erreferendumak egitearen inguruan ere galdetu du Deustobarometroak, eta, erantzunak aintzat hartuz, Deustobarometroak dio EAEko herritarren %38,5ek egin nahiko luketela «Euskal Herriko independentzia politikoari buruzko erreferendum bat». Galdeketa horren aurkakoak dira, berriz, %44,3; eta %17,4k ez dute erantzun edo ez dakite. Norberaren herriarekin lotutako eguneroko arazoei buruzko erreferendum posibleei dagokienez, berriz, %62,3 dira galdeketak egitearen aldekoak, eta %26,4, ez egitearen aldekoak.

Euskal Herriko eta Espainiako zenbait gidari politikori nota jarri diete, halaber, galdetutakoek. Pedro Sanchez Espainiako presidenteak atera du notarik onena: 4,2. Haren atzetik oso gertu daude Imanol Pradales Jaurlaritzako lehendakaria (4,1) eta Pello Otxandiano EH Bilduren Eusko Legebiltzarreko taldeko burua (4,0). PSE-EEko idazkari nagusi Eneko Anduezari 3,7 nota eman diote; PPko EAEko presidente Javier de Andresek 2,4 atera du; eta Espainiako PPko buru Alberto Nuñez Feijook 1,9 baizik ez.

Segurtasuna eta ekonomia

Deustobarometroak, halaber, segurtasunari buruz galdetu du, eta segurtasunari buruzko kezka hirugarren postura igo dela jakinarazi dute egileek (%24). Herritarren %38k uste dute beste polizia eredu bat behar dela; aldiz, %45ren aburuz, ez da behar.

Ekonomiarekin eta lan baldintzekin lotuagoak dauden galderak ere egin dituzte Deustuko adituek. Izan ere, «prezioen igoera eta bizitzaren kostua» daude herritarren kezken zerrendaren puntan (%48). Galdetu dietenen artean, lautik batek aitortzen du bere ohiko dietako elikagai batzuk erosteari utzi diola edo gutxiagotan erosten dituela. Gainera, %68k nahi lukete lanaldi laburragoa izan, «baina soldata murriztu gabe». Eta %65ren ustez, alokairuei mugak jarri behar zaizkie, «etxebizitza eskuratzea errazten duelako».

Deustuko Unibertsitateak Europari buruz ere galdetu du, Europako Parlamenturako hauteskundeak izan berri diren honetan. Erantzun dutenen artean, gehienek uste dute hiru arazo nagusi dituela Europak aurrez aurre: «Bizitzaren kostua eta inflazioa (%42), immigrazioa (%40) eta eskuin muturraren hazkundea (%40)».

Deustobarometroaren 2024ko udako edizioa eskuragarri dago Deustuko Unibertsitatearen webgunean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.