Osasun arloko murrizketen aurka mobilizatuko dira hainbat eragile

Dekretuak «kohesio sozialaren aurka» egiten duela uste dute Harresiak Apurtuz-ek eta SOS Arrazakeriak

Elena Bezanilla eta Martin Iriberri, atzo Bilbon emandako prentsaurrekoan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Osasun eskubidearen murrizketak «unibertsala izan behar duen» zerbitzu bat pribatizatzearen aldeko «maniobra politiko bat» ezkutatzen du, eta, ondorioz, «kohesio sozialaren aurka» egiten du. Hori uste dute Harresiak Apurtuz-ek, SOS Arrazakeriak eta Etorkinen Aldeko Euskadiko Gobernuz Kanpoko Erakundeen Koordinakundeak. Elkarretaratzera deitu dute gaurko, 20:00etan, Bilboko Arriaga plazan, Espainian bizitzeko baimena ez duten atzerritarrei «osasun arreta jasotzeko eskubidea» ukatzen dien neurria gaitzesteko.

Eragile horien iritziz, neurriak «gizarte eredu baztertzaile bat» jartzen du martxan; hortaz, herritar guztiak mobilizatzera deitu ditu. Izan ere, Harresiak Apurtuz elkarteko bozeramaile Martin Iriberrik adierazi duenez, «gizarte osoari» eragiten dio dekretuaren aplikazioak: «Baliteke egoera arautuan dauden bertako pertsona eta etorkin asko osasun estaldura zabal batetik kanpo geratzea, egoera laboral eta pertsonalaren arabera. Ez gaitzatela engaina».

Espainiako Kongresuak joan den maiatzaren 17an onartu zuen dekretua, PPren eta UPNren aldeko botoarekin. Horren ostean, Ministro Kontseiluak berretsi zuen, hilaren 3an. Bihartik aurrera indarrean egongo den araudiaren arabera, osasun txartela galduko dute paperik gabeko adin nagusiko etorkinek. Hortaz, ez dituzte dohainik artatuko estatuko ospitale publikoetan, larrialdietan eta erditzera doazen emakumeen kasuan izan ezik.

SOS Arrazakeriako eledun Elena Bezanillaren hitzetan, dekretuaren onarpenak «Espainiako Konstituzioak berak emandako bermeekiko kontraesan bat» sortuko du. Horrez gain, dekretuak estatuan bizitzeko baimena ez duten etorkinei prebentziorako medikuntza «mugatzen» diela esan du. «Horren ondorioz, gaixotasun larriak edo kronikoak dauzkaten pertsonen osasuna okertu egingo da, eta laguntza emango dietenerako beranduegi izan daiteke». Bezanillak ohartarazi duenez, pertsona horiek garaiz ez artatzeak «ospitaleratze gehiago egotea» ekarriko du, eta horrek «kostu handiagoak» edukiko ditu osasun publikoarentzat.

Bestalde, Iruñean ere osasun publikoaren alde mobilizatzera deitu dute zenbait eragilek: elkarretaratzea egingo dute Vianako Printzearen ospitalearen arreta zentroan, 12:00etan. Andrea elkartekoek «osasun arreta integrala» aldarrikatu dute, etorkinei osasun txartela kentzearen aurka agertzeaz gain.

Tirabirak Jaurlaritzarekin

Eusko Jaurlaritzak joan den ekainean iragarri zuenez, osasun txartela eskuratzeko urtebetez Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako udalerriren batean erroldatuta egon izana eskatuko die etorkinei. Horren harira, «oso kezkatuta» agertu dira eragileak, osasun arreta jasotzeko «beste baldintza bat» ezarriko dielakoan. «Pertsona guztien osasun eskubidea defendatzeko» eskatu diote Jaurlaritzari, «haien egoera administratiboa edozein dela ere».

Ildo berean, neurri horren bitartez Jaurlaritzak osasun arreta «mugatzen» duela kritikatu du Ezker Anitzak: «Krisi garaia da osasun estaldura murrizteko unerik okerrena, eta Jaurlaritzak hartutako erabakiak etorkinak baztertzen ditu». Ondorioz, Bilboko elkarretaratzearekin bat egin du alderdiak. UPDk ere atxikimendua adierazi dio mobilizazioari, Espainiako Gobernuak onartutako dekretua «bidegabea» delakoan. Gorka Maneiro lehendakarigaiaren iritziz, neurria «krudela» da, eta larrialdi zerbitzuek «gainezka egitea» eragingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.