Osasun arloko eskaintza zabaltzeko asmoa du Deustuko Unibertsitateak

Ikasturte hasierako ekitaldia egin dute gaur; 2.500 ikaslek hasi dituzte ikasturte honetan gradu ikasketak unibertsitatean, eta gogoratu dute eskariak denera 6.000 izan direla.

Ikasturtearen hasiera ekitaldia, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
Ikasturtearen hasiera ekitaldia, gaur. JAGOBA MANTEROLA / FOKU
arantxa iraola
2024ko irailaren 25a
17:30
Entzun

Donostiako campusean egin du gaur Deustuko Unibertsitateak ikasturte hasierako ekitaldia. Juan Jose Etxeberria errektoreak hainbat asmoren berri emateko baliatu du, eta adierazi du, adibidez, osasunaren arloko eskaintza zabaltzeko asmoa dutela. Osasun profesionalen eskasiaren gaineko kezka gizartean bada, osasun sistemak egun dituen arazoen motiboetako bat hori dela argudiatzen dute hainbat eragilek, eta errektoreak esan du hor eragiten lagundu nahi dutela.

2.500 ikaslek hasi dituzte ikasturte honetan gradu ikasketak unibertsitatean, eta eskariak denera 6.000 izan zirela nabarmendu dute unibertsitateko iturriek. Hainbat agintari izan dira hasiera ekitaldian, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Imanol Pradales eta Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailburu Juan Ignacio Perez Iglesias.

Azken urteotan sustatu ditu Deustuko Unibertsitateak osasun ikasketak. Medikuntza ikasketekin, adibidez, 2020ko irailean hasi ziren. Unibertsitatearen nahia «apustu» hori «sendotzea eta areagotzea» dela aurreratu du errektoreak. Azaldu duenez, aditu izateko programak jarri nahi dituzte martxan, eta etengabeko formakuntzarekin lotutakoak. Eusko Jaurlaritzak sustatuta, prozesu bat martxan da osasunaren arloan itun zabal bat lortzeko, eta nabarmendu du horretan parte hartzen ari direla eta «ekarpena» egin nahi dutela: «Pertsonak prestatu nahi ditugu erakundeei eta gizarteari zerbitzu egiteko».

Egungo gizartean dagoen «polarizazioari» ere erreparatu dio Etxeberriak, eta azpimarratu du horren ondorioei aurre egiten ere laguntzeko asmoa dutela. «Sendo lagundu nahi dugu demokrazia eta beraren bi euskarriak indartzen: demokrazia gorpuzten duten erakundeak eta demokrazia bideragarri egiten duen gizarte konfiantza». Besteak beste, demokraziari buruzko graduondoko programa berri bat abiaraziko dute Donostiako campusean. Era berean, jakinarazi du «gizarte erantzukizuna» ikasleekin lantzeko zeharkako gaitasun bat izango dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.