Naziometroa. Osasungintza

Osasun arlo publikoan baliabide gutxi jartzen da, herritarren ia erdien ustez

Naziometroaren bosgarren neurketa argitaratu du Telesforo Monzon laborategiak. Hamarretik seik uste dute kaskartu egin direla lehen mailako arreta eta osasungintza publikoko langile kopurua

Osasun arlo publikoan baliabide gutxi jartzen da, herritarren ia erdien ustez.
jon olano
2023ko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Osasun arretarako aurrez aurreko kontsulta eskatzeko aukera okertu egin da; hala uste dute hamar herritarretik zazpik. Are, osasungintzari lotutako zenbait aldagaik okerrera egin dutela uste dute herritar gehienek; hamarretik seik uste dute kaskartu egin direla lehen mailako arreta eta osasungintzako langileen kopurua, eta hamarretik bostek, gauza bera gertatzen dela arreta espezializatuko kontsultekin. Hiru kasuetan —aurrez aurreko arreta, langile kopurua eta arreta espezializatua—, pertzepzio hori okerragoa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta hobea Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan. Nafarrak tartean daude. Atal bakarrean nagusitzen da zerbitzuak berdin jarraitzen duelako iritzia: ospitaleko arretan.

Datu horiek jaso ditu Telesforo Monzon laborategiak eginiko Naziometroaren bosgarren neurketak. Barometro horrek 2020ko azaroan argitaratu zuen bere lehenbiziko azterlana; batetik, burujabetza nahiei buruzko iritziak aztertu ohi ditu, eta, bestetik, neurketa bakoitzean gai jakin baten inguruan galdetzen du. Bosgarrenean, osasungintzari buruzko usteak izan dituzte aztergai.

Datu horien arabera, herritarrek jarrera kritikoa dute administrazioek osasungintza publikoari ematen dizkioten arretaren eta baliabideen inguruan; ia erdiek uste dute baliabide eskasak (%35,7) edo oso eskasak (%12) bideratzen dituztela, eta hirutik batek uste du baliabide horiek erdipurdikoak direla. Soilik hamarretik batek uste du baliabide «handiak» bideratzen direla osasungintza publikora.

Ildo horretan, %34k uste dute osasun sistema publikoak «funtsezko aldaketak» behar dituela «nahiz eta gauza batzuek funtzionatzen duten», eta iritzi hobexeagoa dute %33k: ondo funtzionatzen duela baina «aldaketa batzuk» behar direla. Kontrara, %17,9k diote funtzionamendua ona dela oro har. EAEn gehiagok uste dute «funtsezko aldaketak» behar direla (%36), eta galdekatutako nafarren artean iritzi nagusia da osasun sistemak ondo funtzionatzen duela baina aldaketa batzuk egitea beharrezkoa dela (%35,3). Ipar Euskal Herrian, berriz, joera nagusia da pentsatzea sistemak ongi funtzionatzen duela (%29).

Europan baino hobeto

Hala ere, zerbitzuak okerrera egin duela iritzita ere, herritarrak baikor dira osasun sistemaren funtzionamenduaz; batez beste, 5,8ko nota jartzen diote, eta maizen errepikatzen den erantzuna da 6-8 bitarteko puntuazioa merezi duela funtzionamendu horrek; galdetutakoen erdiek jartzen diote balorazio hori. Gainera, gehienek uste dute beren erkidegoko osasun zerbitzua hobea dela Europarekin alderatuta. Aitzitik, desoreka handiak nabari dira hor: Ipar Euskal Herrian, %41,7k uste dute euren osasun zerbitzua hobea dela, baina portzentaje hori askoz apalagoa da Hego Euskal Herrian: %25,8 Nafarroan, eta %21,5 Euskal Autonomia Erkidegoan.

Baina bada iritzi komun bat: Iparraldean uste dute zerbitzu hobea jasoko luketela osasungintza hurbilagoko administrazio batek kudeatuko balu (%36,4), eta Hegoaldean, %50,7k uste dute zerbitzua hobea dela, osasungintza Espainiako Estatuak kudeatu ordez erkidegoen eskumena delako.

Osasungintza publikoaz eta pribatuaz ere joerak oso nabarmenak dira; hogei urte barru osasun sistema nola antolatu behar den galdetuta, osasungintzak guztiz publikoa izatearen aldekoak dira herritarren %45,2, eta publikoak gaur egun duen baino pisu handiagoa izan beharko lukeela iritzi diote %40,4k. Bestalde, bost herritarretik lau ez dira inoiz baztertuta sentitu osasun sisteman, baina hala sentitu direnen artean, lautik batek dio gazte izateagatik diskriminatu dutela, %14k maila sozioekonomikoagatik, %13k euskalduna izateagatik, %12k etnia edo arrazagatik, eta %10ek emakume izateagatik. Ezgaitasunen batengatik baztertuak sentitu direnak %9,8 dira, eta adinekoa izateagatik baztertu dituztela uste dutenak, %5,6.

Arreta euskaraz

Osasun arreta euskaraz jasotzeko eskubideaz ere itaundu du Naziometroak. %56k diote arta euskaraz jasotzeko aukerak eskubide izan beharko lukeela, eta %32,5ek uste dute ezetz. Edonola ere, hor ere badira desberdintasunak lurraldearen arabera; Euskal Autonomia Erkidegoan %61,2 dira hori uste dutenak, baina Ipar Euskal Herrian, %36,5, eta Nafarroan, %48,3. Era berean, herritarren beharrak asetzeko, unibertsitateek mediku euskaldunen kopuru gutxieneko bat bermatu beharko luketela diote %52,6k, eta kontrakoa uste dute %31,5ek.

Azkenik, euskal erakundeen arteko lankidetzaz ere galdetu izan du sarri Naziometroak, eta, oraingo honetan, lurralde guztietako osasun sistemen integrazio mailari buruzko iritziak bildu ditu. Zehazki, inkestari erantzun diotenen erdiek uste dute integrazio handiagoa behar dela hiru osasun sistemen artean, eta %30,6k hobesten dute gaur egungo egoera. Lurraldez lurralde, ordea, integrazio handiagoa beharrezkoa dela uste dutenak gehiago dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan (%52,9), eta iritzi horretakoak %42,9 dira Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan.

Bosgarren neurketarako 1.597 inkesta egin dituzte. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 595, Nafarroan 582, eta Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan 420. Landa lana otsailean eta martxoan egin zuen Aztikerrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.