Tximino baztanga gaitzaren hedatzea dela eta, Espainiako Osasun Ministerioak osasun alerten lantaldea bilduko du, asteartean. Bilera horretara deituta daude Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua, lantaldean parte hartzen baitute, Ministerioko teknikariek ez ezik, estatuko autonomia erkidegoetako gobernuek ere. Bilkuran aztertuko dute, tximino baztangaren kutsatzeak eragozte aldera, indarrean dauden zaintza eta txertaketa gomendioak aldatu ala ez.
Tximino baztangaren kasuek nabarmen egin dute gora Afrikan, eta hedatze azkar horrek nazioarteko osasun larrialdia ezartzera eraman zuen atzo OME Osasunaren Mundu Erakundea. Larrialdi egoera hori nola gauzatu aztertu behar du orain Espainiako Osasun Ministerioak, eta haren organo nagusiak bilduko ditu horretarako astelehenean, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin bildu aurreko egunean. Astelehenean bertan, Europako Batasuneko Osasun Segurtasun Batzordea bilduko da.
Oraingoz, tximino baztangaren kontrako txertoa arrisku taldeentzako gomendatzen dute soilik, profilaxi modura. Arrisku taldekotzat jotzen dira sexu jarduera arriskutsuak dituztenak, eta, bereziki, baina ez soilik, gizonekin sexu harremanak dituzten gizonak. Arrisku taldean sailkatzen dira, era berean, hiesdunen artan espezializatutako kontsultetan ari diren osasun langileak, birusarekin kutsatuta egon daitezkeen laginekin beharra egiten duten laborategietako langileak eta sexu jarduera arriskutsuak hartzen dituzten lokaletako garbitzaileak.
Hego Euskal Herrian tximino baztangaren bost kasu atzeman dituzte aurten.