Mari Jose Alberdi Erize. EHUko irakaslea

«Osasun-aktiboak erabilita, botika gutxiago hartzen dira»

Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeak 32. Osasun Biltzarra abiatu du, «osasunaren sustapena» hizpide hartuta. Alberdik eman du sarrerako hitzaldia: luze eta zabal aurkeztu du gaia.

MAIALEN ANDRES / FOKU.
arantxa iraola
Donostia
2023ko apirilaren 22a
00:00
Entzun
Atzo, urtero antolatzen duten biltzarraren hasieran, OOE Osasungoa Euskalduntzeko Erakundeko lehendakari Karlos Ibargurenek nabarmendu zuen topaketa berrikuntza batekin datorrela aurten: «Osasunaz hitz egin nahi dugu; ez dugu gaixotasunaz hitz egin nahi». Kontzeptu aski zabala da osasuna, hura «sustatzea» zer den zehaztea eta esplikatzea ere bai, baina EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko irakasle Mari Jose Alberdi Erizek (1969, Hernani, Gipuzkoa) eman zuen sarrerako hitzaldia, eta edukiz oparo bete zituen kontzeptu handi horiek, baita haiekin lotura duten beste hainbat ere. Gero, gaiarekin lotutako hainbat egitasmo ezagutzeko aukera izan zen; gaur ere jarraituko dute, egitarau betea baitute. Donostian ari dira,EHUren Ibaetako campusean, Carlos Santamaria eraikinean. Biltzarrak 32. aldia du aurten.

Zer da osasuna sustatzea? Nola definitu behar da?

Osasuna lortzeko egin behar ditugun ekintzak dira, era oso zabalean ulertuta. Osasuna bizi baldintzekin lotuta dago, bizi kalitatearekin. Azkenean, bizi baldintza osasuntsuak izatea da, onak.

Zenbateraino dago lotuta osasun sistema publiko indartsua edukitzearekin?

Osasuna sustatzeko eginkizunean eragile asko daude, eta osasun sistema horietako bat da: osasun sistemak ez badu egoki funtzionatzen, osasuna ez dugu ondo sustatuko. Paraleloki, beste sektore batzuen parte hartzea ere behar du, baina, azkenean, osasun sistemak ardura bat du gizartearen osasuna sustatzeko orduan.

Bereziki lehen arretaren eginkizuna da...

Bai, osasuna sustatzera gehien gerturatzen dena lehen mailako arreta da. Arlo horretako profesionalak daude komunitatetik gertuen; nahiz eta zailtasunak egon sistema antolatuta dagoen bezala, presio asistentziala dagoelako, osasun zentroetan ari diren profesionalek jendearekin lan egiten dute komunitate batean, eta aukera daukate ateak irekiz gero kalera atera eta jendearekin lan egiteko.

Mediku eta erizain gazteen irakaslea zara EHUn. Zer toki egiten zaio osasuna sustatzeari haien trebakuntzan?

Kosta egiten zaigu. Ikasketa planetan aurrera egin da, hobetuz joan dira, eta gizartearen egoerara egokituz. Baina, oraindik, sendatzea eta prebentzioa egitea da askotan ikuspuntua; osasuna sustatzea oraindik ez daukagu ikasgai moduan. Lantzen da ikasgai hainbatetan, baina ez zaio toki handia ematen.

Alegia, gaixotasunak sendatzea da helburu behinena oraindik ere? Bigarren mailan geratzen da osasuna sustatzea?

Sendatzean jartzen da indarra, eta prebentzioan ere bai; prebentzioan asko egiten da. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, adibidez, baditu prebentzioko neurriak, eta zehazten du nola egin detekzio goiztiarrak, edo nola prebenitu gaixo baten konplikazioak; hori egiten da. Baina osasuna sustatzeak eskatzen du beste ekintza batzuetan ere parte hartzea, eta batez ere, sistematik ateratzea.

Osasun-aktiboak aipatu dituzu. Zer dira?

Askotan, gehiago begiratzen diogu kalte egiten digunari on egiten digunari baino. Gure egunerokoan zerk salbatzen gaitu? Nire lana gustatzen zait? Edo ateratzen naiz ariketa fisikoa egitera? Edo gelditzen naiz lagunekin? Zein elementu dira lagungarri gure eguneroko bizimoduan? Horiek guztiek sortzen dute osasuna, eta horiek dira aktiboak. Garrantzitsuena da lehen arretan ari diren profesionalek identifikatuta edukitzea haien herri, hiri edo auzoetan zer aktibo dauden; gero, paziente bakoitzari bata edo bestea aholkatuko diote, baina horiek behintzat identifikatuta edukitzea da kontua. Orain irekitzen ari da prozesu hori: preskripzio soziala. Hor gaude, poliki-poliki: barneratzen. Kontua da aintzat hartzea, adibidez, halako pertsonari zenbateraino on egin diezaiokeen elkarte mota jakin batean parte hartzeak... Horretarako, ordea, komunitatea ezagutu behar dugu lehendabizi: zer elementu ditugun, zer aktibo. Hainbat herritan ari dira horretan.

Esan duzu herritarrek osasun gaietan alfabetatu behar dutela. Ondo dago. Baina ikaste hutsak ez ditu bizi baldintzak aldatzen. Posible da lanaldi luzeak txarrak direla jakitea, adibidez, baina gero prekaritateak bultzatuta lanordu asko egin behar izatea. Ez al da etsigarria?

Egia da: jendea ahalduntzen dugunean, trebakuntza batean sartzen garenean, ikusten da paraleloki gizarte baldintzatzaileekin ere zerbait egin behar dela. Kontraesan bat daukagu hor, oztopo horiek hor baitaude. Horregatik, askotariko sektore eta eragileen kontzientzia behar da; izan ere, paperetan gauzak oso erraz idazten ditugu, baina, gero, benetan egingo ditugu? Benetan eseriko gara horiek guztiak egiteko?

Hor aurrera egite aldera, osasuna ezin da sail bakar batera mugatu: politika guztietan hartu behar da aintzakotzat.

Organigramak, gure politiken eta gobernuen organigramak ez dira aldatu urte askoan: ez dira aldatu gizartea aldatu den bezala. Hortaz, iruditzen zait organigrametan ere aldaketak egin behar direla, beste arkitektura bat behar dugula gaur egun.

Osasuna denean baitago...

Etxebizitzaren gaiaz ari bagara,osasunaz ari gara. Ingurumen gaietan kutsaduraz ari bagara, osasuna dago hor atzean. Lan baldintzak? Osasuna dago atzean.

Hitzaldian maiz nabarmendu duzu osasuna ez dela gastua: inbertsioa dela, eta inbertsio moduan aurkeztu behar dela.

Askotan hitz egiten dugu gaixotasunez, eta orduan, gastuez. Estatistiketan eta txostenetan adierazle positiboak hartuko bagenitu kontuak, inbertsio moduan ulertuko genuke; osasunean inbertitu behar da; dirua sartu behar dugu emaitza positiboak lortzeko.

Egun farmakoetan gastatzen denaren zati bat aktibo positiboetarako baliatzea litzateke ideietako bat, ezta?

Bai. Eta egiaztatuta dago; osasun-aktibo batzuk bultzatzen dituzunean, eta jendea aktibo horiek erabiltzen hasten denean, botika gutxiago hartzen dira, eta errezeta gutxiago egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.