Manuel Lezertua EAEko Arartekoak Eusko Legebiltzarraren esku utzi du iaz jaso zituen kexu eta eskakizunei buruzko txostena. COVID-19aren pandemiaren ondotik, «normaltasunera» itzultzeko urtea izan zen 2022a, nahiz eta izurriak ondorio «iraunkorrak» utzi dituen osasunean eta osasun zerbitzuen kalitatean, Lezertuak azpimarratu duenez. Ukrainako gerrak sortutako energia krisiaren ondorioek, gainera, egoera ekonomiko ahulenean daudenenongizatea okertu duela esan du.
Datuei erreparatuta, 12.704 ekinbide tramitatu zituzten Arartekoaren bulegoan iaz; horien artean, herritarrek aurkeztutako 7.504 kexa eta kontsulta izan ziren, eta ofizioz 21 jardunbide abiatu zituen instituzioak berak. Halaber, ia 2.328 espediente ebatzi zituen, eta 1.355 ebazpen eman. Kexak tramitatzeko batez besteko epea 66 egun izan zen.
OSAKIDETZA
Joan den urtean, idatzizko 307 kexa aurkeztu ziren osasun arloan, Arartekoaren bulegoan tramitatutako ekinbide guztien %12,11. Kexak gehien ugaritu diren arloa izan zen osasunarena. Hain justu ere, Lezertuak jakinarazi duenez, 2020. urtearekin alderatuta %220 egin dute gora Osakidetzarekin lotutako kexek. Joan den urtearen hasieran COVID-19aren pandemiagatik indarrean ziren hainbat murrizketarekin zerikusia du kexen ugaritzeak, baina Lezertuak azaldu du izurriaren eraginez osasun sistemak nozitutako «tentsio egoera» ere islatu dela herritarren kezketan, bereziki lehen mailako arretari dagokionez. Hala ere, arazoaren erroa ez dago pandemian bakarrik, txostenak agerian utzi duenez: pandemia aurretik ere osasun arretaren egoera «kaskarra» zela dio txostenak, familia medikuen eta pediatriako espezialitateen premiak ez zirelako aski planifikatu, besteak beste. Arartekoak jasotako kexei erreparatuz gero, gora egin dute zenbait espezialitatetako eta premiazkoak ez diren ebakuntzetako itxaron zerrenden atzerapenekin lotutako kexek.
Arartekoak Osakidetzarekin lotutako kexen inguruko kezka helarazi zion duela aste pare bat Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari, bilera batean. Lezertuak adierazi du Osasun Saila «irtenbideak» bilatzen ari dela, eta lehen arretako aurrez aurreko arta berreskuratzeko pausoak eman dituela. Aldiz, aitortu du profesionalen eskasia arazo handia dela eta denbora gehiago beharko dela hori konpontzeko. Nolanahi ere, ez du baztertu gomendio orokor bat egitea Osakidetzako egoera hobetzeko.
GIZARTE BAZTERKETA
Gizarte bazterkeriaren aurkako bitartekoekin lotutako kexek apur bat behera egin zuten iaz: 458 ekinbide tramitatu zituzten, 2021ean baino 50 gutxiago. Lanbideren funtzionamendu txarrarekin zerikusia izan zuten hamar espedientetik bederatzik, eta baita diru sarrerak bermatzeko errenta eta etxebizitzarako prestazio osagarria kudeatzeko jarduerekin ere.
HIZKUNTZA ESKUBIDEAK
Hizkuntza eskubideekin lotutako kexak, oro har, gutxi izan ziren 2022an. Txostenak jasotzen duenez, zazpi kexa aurkeztu ziren administrazioekiko harremanetan herritarren hizkuntza eskubideak errespetatu ez zirelako. Joan den urtean, euskararen eta gaztelaniaren koofizialtasunetik eratorritako eskubideei buruzko kexak nagusitu ziren Arartekoaren esku hartzeen artean.
Hizkuntza eskubideekin lotutako bi bazterketa egoera aipatu ditu txostenean. Batetik, ohartarazi du Udaltzaingoko agenteei euskarazko arreta eskatzeak «gatazka egoerak» eragin dituela. Bestetik, jakinarazi du iaz zenbait kexa jaso zituela administrazio publikoetako sarbide probekin lotuta. Azken horri dagokionez, zera jaso du txostenean: «Hainbat hautagaik Arartekoari adierazi zieten gaiak prestatzeko materialak soilik gaztelaniaz zeudela, eta horrek de facto eragozten diela hautagaiei proba horiek euskaraz egitea». Arartekoak «kezka» agertu du hautagai euskaldunek ez dutelako «aukera berdintasunik» funtzio publikoko probak egiteko orduan, eta administrazioei horren berri eman die, testuak bi hizkuntza ofizialetan egon daitezen.
HAUR ETA NERABEEN BULEGOA
Haur eta Nerabeen bulegoko arduradun Elena Aiarza ere izan da agerraldian, eta hark eman du bere bulegoko datuen berri. Jakinarazi duenez, Haur eta Nerabeen Bulegoan 571 espediente izan ziren iaz, hau da, arartekoan aurkeztutako kasu guztien ia %20. Jasotako kexen artean, bi baino ez zituzten adingabeek beraiek aurkeztu. Aurkeztutako hamar erreklamaziotik lau (%39,6) hezkuntzarekin lotutako arazoekin lotuta egon ziren, eta %31k bizi baldintza materialekin zerikusia izan zuten.
2022. urtearen hasieran, Arartekoak kexa ugari jaso zituen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eta Osasun Sailak COVID-19aren kasu positiboak eta kasu susmagarriak kudeatzeko protokoloak ezarri zituztelako hezkuntza eremuan; zehazki, maskararen erabilerari, bizikidetza talde egonkorrei eta sintomarik gabeko ikasleen bakartzeari buruzkoak izan ziren kexak.
Bestelako kezkak ere jaso ditu Haur eta Nerabeen Bulegoak txostenean. Batetik, Ordizia udalerriko (Gipuzkoa) segregazioa aipatu du: «Aktualitate handiko kontua da hori, oso adierazgarria baita ikasle zaurgarriak edo hezkuntza laguntzako premia espezifikoak dituzten ikasleak hobeto banatzearen inguruan sortu den eztabaida». Bestetik, hezkuntza itun berriak itunpeko zentroei ezarriko dizkien betekizunak aipatu ditu, eta gogora ekarri akordioan jasota dagoela mekanismoak abiatuko direla kuotak modu irekian nahiz ezkutuan kobratzeko jarduerak kentzeko.
LANKIDETZARIK EZA
Lezertuak nabarmendu du pandemiak eragindako etenaldiaz geroztik zenbait administraziok ez dutela elkarlana «zaindu» eta zenbait erakunde publikok ez dietela erantzun arartekoaren informazio eskaerei. Hain zuzen ere, arrazoi hori dela medio, iaz 46 errekerimendu bidali zizkien arartekoak administrazioei. Ordutik elkarlana hobetu bada ere, administrazioen heren batek oraindik ez du erantzun edo berandu erantzun du. Zehazki, arartekoak hemeretzi administraziori leporatu die «etengabeko lankidetza falta» izatea; gehienak udalak dira, eta urtebete eta bi urte artean behar izan dituzte informazio eskaerei erantzuteko. Lezertuak gogoratu du delitua dela administrazioak arartekoarekin elkarlanean ez aritzea, eta ez du baztertu EAEko Fiskaltzara jotzea salaketa aurkezteko.
Nafarroako Parlamentuak lege aldaketa bat onartu zuen 2021ean Arartekoak berarekin kolaboratzen ez duten administrazio publikoei isunak jartzeko gaitasuna eduki dezan, eta bide hori aztertzearen alde agertu da Lezertua. Izan ere, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako arartekoak ez du zigorrak jartzeko gaitasunik.
Osakidetzari lotutako kexak %220 ugaritu dira 2020. urtearekin alderatuta
EAEko Ararteko Manuel Lezertuak 2022ko txostena aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean. Salatu du zenbait erakundek ez dietela erantzuten arartekoaren informazio eskaerei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu