Osakidetzari buruz banakako salaketa gehiago jaso ditu Elebidek

Hizkuntza eskubideei buruzko kexuen kopurua jaitsi egin da, 2015ean bezalako kanpainarik ez eta. Gora egin dute erdaldunen kexek: %2 dira

Garikoitz Goikoetxea.
2017ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Txikiagoa da kopurua, baina banakako kexu gehiago jaso dituzte. Iazko jardunaren balantzea aurkeztu du Elebidek, hizkuntza eskubideetarako Eusko Jaurlaritzak duen zerbitzuak, eta, intzidentzia kopuruari begiratuta, aurrekoan baino kopuru txikiagoa ageri da. Badu azalpen bat: 2015ean kanpaina handi bat egin zuten Osakidetzako eskubide urraketak salatzeko, eta horrek ekarri zuen intzidentzien kopurua bikoiztea; iaz, baina, ez zuten hain kanpaina indartsurik egin, eta datuetan kexu gutxiago ageri dira. Txanponaren alde bat da hori. Izan ere, banakako salaketak igotzen ari dira, bereziki Osakidetzari buruzkoak. Banakako 47 salaketa jaso zituen 2014an; 2015ean, 112; 2016an, 125.

Eusko Jaurlaritzak atzo aztertu zuen Elebideren txostena, gobernu kontseiluan. Kopuruaren jaitsiera da berritasun bat, eta bestea, Interneteko kexuen goraldia.

Guztira 576 intzidentzia izan zituen iaz Elebidek. Iazko salbuespena kenduta, aurrekoetan baino kopuru handiagoa. 2007an hasi zuen bidea Elebidek, eta, harrezkero, «modu egonkorrean» areagotu da intzidentzien kopurua.

Kexu gehien, Osakidetzak

Osakidetza da kexa jasotzaile nagusia aurten ere. Arlo publikoari buruzko 402 kexa jaso dituzte, eta erdiak baino gehiago dagozkio osasun zerbitzuari: 208. Horietatik 83 kanpaina batzuen bidez iritsi dira —45 eskari ere bai—. Zera eskatu dute, besteak beste: harreman hizkuntza euskara izatea, historia klinikoa euskaraz izatea, arreta espezializatuan euskarazko zerbitzua izatea, eta ekografien txostenak euskaraz jasotzea. Egunean-egunean jarritako beste 125 kexu jaso ditu Osakidetzak: ez dietela arreta euskaraz eman, idatzizko jakinarazpenak erdaraz bidali dizkietela, ordezko medikua erdalduna jarri dietela... Sendagileei dagokienez, Osakidetzak gogorarazi du arazoak izaten dituela mediku euskaldunak aurkitzeko.

Gainerako erakundeetan aurreko urteetako datuak eta arrazoiak ageri da, gutxi asko. Udalen eta Bizkaiko Aldundiaren aurkako salaketak areagotu egin dira. Ahozko eta idatzizko harremanei buruzkoak dira kexak, eta seinaleak erdaraz egoteari buruzkoak.

Esparru pribatuari buruzko kexuak nabarmen gutxiago dira, aurreko urteetako eran: %11. Ohar egin dute txostenean: «Horrek ez du esan nahi kontsumitzaileek eta erabiltzaileek arlo pribatuan hizkuntza eskubideen urraketa gutxiago jasan dutenik; arlo pribatuan asko dago egiteko». Hori ikusita, bi lan ildo aipatu dituzte: batetik, kontsumitzaileei informazioa ematea eskubideen inguruan; bestetik, hizkuntza eskubideei buruzko betebeharrak dauzkaten entitateak «informatzea, laguntzea eta sentsibilizatzea».

Urraketa jasan duten hiztunei buruz bada berritasun bat azken txostenean: erdaldunen salaketa kopurua handitu egin da. Zortzi kexu denera; horietatik bost, arlo publikoan. Elebideren arabera, hala ere, horietatik hirutan frogatu dute ez zela urraketarik izan. Kopuru esanguratsua, kontuan izanik kexen %5 inguru botatzen dituztela atzera urraketarik ez eta. Aurkeztutako kexuen %2 dira erdaldunen eskubideei buruzkoak.

Iaz aurkeztutako kexen %84k «irtenbide egokia» izan zuten. Elebidek nabarmendu du «hizkuntza eskubideekiko konpromisoa» handitzea dakartela kexuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.