Osasun arloko ituna adosteko bigarren bilera egingo dute etzi Eusko Jaurlaritzak eta mahai horretara deituak izan diren eragile politiko, sindikal eta sozialek. Bigarren bilera horrek helburu bat izango du: Osakidetzaren diagnostiko bat erdiestea, denek adostua. Horretarako, Jaurlaritzak duela hilabete bere diagnostikoa helarazi zien eragileei, eta haiek ekarpenak egin dizkiote. Horietako bat LAB sindikatua da, eta gaur argitara atera ditu bere ekarpenak. Funtsean, pribatizazioaren aurka egiteko, lehen arretaren kalitatea bermatzeko eta hizkuntza eskubideak babesteko egiturazko neurrien beharra nabarmendu du sindikatuak.
«Azpimarratzekoa da Jaurlaritzak prestaturiko diagnostikoan ez dela aipatzen pribatizazio politikari lotutako inolako datu eta baloraziorik. Ez aipatzeak, LABen ustez, erakusten du ez dagoela borondaterik egoera hori zuzentzeko», sindikatuaren arabera. Haien ustez, «premiaz jorratu beharreko gaia» da pribatizazioarena, eta Jaurlaritzak egindako hasierako diagnostikoak «hutsune nabarmenak» ditu: pribatizatu diren zerbitzuei buruzko datuak argitara ateratzeko eskatu dio Jaurlaritzari.
Osakidetzako sail sindikaleko kide Jessica Gondrak errora joan nahi izan du gaur Bilbon egindako agerraldian, eta azpimarratu du pribatizazioak eragin «nabarmena» izan duela Osakidetzako langileengan: «Langile kopurua ez da nahikoa, ez da egonkorra, eta hainbat eremutan lan egitea ez da batere erakargarria. Horrek, lehen arreta, sistemaren oinarria dena, kolapso egoerara eraman du».
Bide horretatik, sindikatua ez dator bat Jaurlaritzak lehen arretaz egin duen diagnostikoarekin. Zehaztu duenez, Jaurlaritzaren diagnostikoak 2019tik gaur egun arteko datuei erreparatu die, eta haiek uste dute 2000. urtetik gaur artekoak hartu behar direla kontuan. Hizkuntza politikari dagokionez ere, zenbait datu kontuan hartzekoak direla uste du sindikatuak; erabiltzaileen historia klinikoak idazteko erabiltzen den hizkuntzari buruzkoak, esaterako.
Beste izen bat
Osasun arloko itunari Osasun zerbitzu publiko indartsu baten aldeko Ituna deitzea proposatu du sindikatuak, helburuak horixe izan beharko lukeelako, haien iritziz: osasun sistema publiko indartsu bat lortzea. Azpimarratu du bide horretan egin dituela bere ekarpenak, eta hauek izan beharko luketela itun horren helburu zehatzak: «Osasun sistema unibertsala izatea, kalitatea hobetzea, publikoa indartzea, publifikazioa bultzatzea, herritarren partaidetza bermatzea, osasunaren promozioa eta prebentzioa egitea, zerbitzua euskalduntzea eta langileen lan baldintzak hobetzea».
Lan baldintzei buruz jarduteko beste mahai bat dagoela zehaztu du Xabier Ugartemendiak, LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunak: «Erabakiak langileen partaidetzarekin hartu behar dira, eremuko gehiengoak errespetatuz. Horretarako, sindikatuen blokeari dagokionez, mahai horretan hartu beharreko erabakiak mahai sektorialean lantzea eta bertako gehiengoen arabera izatea planteatu dugu».