Osakidetzak udako plana aurkeztu die sindikatuei sektoreko mahaian, eta, urtero bezala, iragarri die mota bateko edo besteko murrizketak egingo dituela lehen mailako arretako zentroetan. Oraingoz, eta plangintza horren arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan dauden 339 zentroetatik 126k izango dute murrizketaren bat, hots, %35,10ek. Baliteke zentro gehiagotan izatea murrizketak, 58tan oraindik ez baita zehaztu lanaldien eta ordutegien behin betiko plangintza. Gainerako 155 zentroek, hau da, %45ek orain arte bezala jarraituko dute lanean udan ere.
Lehen mailako 72 zentrok ixteko ordua aurreratuko dute; gehienek 17:00etan utziko diote zerbitzua eskaintzeari, 20:00etan itxi beharrean. Beste 44 zentro itxita egongo dira udako egun batzuetan, eta hamar itxi egingo dituzte uda osoan. Osakidetzak zehaztu duenez, azken horiek zentro txikiak izaten dira, zerbitzua astean ordubetez eskaini ohi dutenak.
Osakidetzaren esanetan, arta eskaera apalagoa izaten da «eguraldi ona nagusi den garaietan eta arnas aparatuko gaixotasunen presentzia murrizten denean», eta horregatik erabaki dute murrizketa horiek egitea. Edonola ere, osasun arreta «bermatuta» dagoela ziurtatu du, lehen mailako arretako arta sareari, EAG etengabeko arretako guneei, larrialdietako zerbitzuei eta etxez etxeko arretari esker.
Osakidetzak aste honetatik aurrera jarri nahi du udako plana indarrean, «kalitatezko osasun laguntza bateragarri egiteko profesionalen atsedenarekin eta negua gainditu ondorengo zerbitzu eskaera txikiagoarekin». Lanaldi eta ordutegi berriak sindikatuei aurkeztu ostean, langileen lan baldintzak negoziatuko ditu haiekin baldin eta plan berriak eraginik badu langileen jardueran.
«Egiturazko murrizketak»
Plangintza ez da sindikatuen gogokoa izan. ELAk, esaterako, salatu du murrizketek gora egin dutela aurten, denbora tarte zabalagoa hartzen dutela, eta iaz baino osasun zentro gehiagori eragingo dietela. Murrizketak «egiturazko» bilakatzea egotzi dio Osakidetzari: «EAG etengabeko arretako guneak ekipo osoarekin irekiko direnik ez bermatzeaz gainera, oraingo honetan ez du bermatzen osasun zentroak ekipo osoarekin irekiko direnik ere; beraz, fakultatiborik gabeko zentroak izango ditugu berriro ere». ELAren esanetan, Osakidetzak kalkulatu du EAGetan mila lan txanda inguru bete gabe daudela uda sasoirako.
Sindikatuaren ustez, Osasun Sailak «langileak eta haien eskubideak erabiliz» justifikatu nahi ditu udako egutegian eta ordutegietan ezarri nahi dituen aldaketak: «Errealitate bakarra da murrizketak direla. Neurri horiek erabaki politikoen ondorio zuzena dira, eta ez dute, inola ere, lehen arretaren gabeziei aurre egiteko planik planteatzen. Langileak gehiegi kargatzen eta herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua murrizten jarraitzea beste planik ez dago».
ELAk gogorarazi du Eusko Legebiltzarrerako hauteskunde kanpainan Osakidetzaren egoera izan zela hizpide nagusietako bat, eta alderdiek hainbat neurri proposatu zituztela egoera hori konpontzeko: «Hala ere, orain ohiko neurriak planteatu dira berriro ere: zentroak ixtea, ordutegiak murriztea, EAGak fakultatiborik gabe irekitzea, eta absentziak eta oporrak betetzeko ordezkorik ez jartzea». Sindikatuaren iritziz, horrek «lan karga handia» dakarkie langileei, eta erakusten du planik ez dagoela «lehen arretako egiturazko arazo larriei aurre egiteko».
Gainera, «negoziatzeko borondaterik» ez izatea leporatu dio ELAk Osasun Sailari, eta sektoreko mahaiaren bilerara «jadanik hartutako erabakiak» eramatea: «Benetakoa ez den negoziazio bat planteatu du. Izan ere, uko egiten dio benetako neurriak negoziatzeari hurrengo oporraldietan planteamenduak berberak izan ez daitezen».
CCOOk, berriz, salatu du ordutegien murrizketak «pilaka» egingo dituztela, eta urteroko kontua dela: «Behin-behineko adabaki gisa hasi zena egiturazko gaitz bilakatu da, eta urtez urte gertatzen da».
Zehaztasun falta ere leporatu dio CCOOk Osakidetzaren zuzendaritzari. Aurkeztutako plangintza ez da behin betikoa, eta baliteke aurrerago aldaketa gehiago egotea: «Ez dute argitu zenbat lanpostu dauden bete gabe EAGetan, baina mila baino gehiago izan daitezke; eta ez dute argitu zentroek profesionalen lantalde osoak izango ote dituzten». Gainera, salatu dute langileek aparteko orduak egitea proposatu duela Osakidetzak, hutsik geldituko diren lanpostuak betetzeko.